2014ko Iparraldeko herri bozak. Kanpaina

Bizik osatu duen trantsizio energetikoaren itunarekin bat egin dute 81 zerrendek

Ingurumenaren aldeko Tresna Kutxatik neurri zehatzak hautatu beharko dituzte zerrendaburuek

Hainbat hautagai, Uztaritzen, herenegun iluntzean, Bizi mugimenduaren eskaerak sinatzen. BIZI!.
Aitor Renteria.
Baiona
2014ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Sentsibilitate politiko ezberdinetako zerrendaburuek, 81 orotara, Bizi mugimenduak proposaturiko trantsizio energetikoari buruzko hitzarmena izenpetu zuten, asteazken iluntzean, Uztaritzen (Lapurdi). 81 zerrenda horiek Ipar Euskal Herriko 43 herritan aurkezten dira, alegia, biztanleen %91 bizi diren eremuan. 81 zerrenda horien artean, hauteskunde kanpaina pil-pilean egon arren, 54 zerrendaburu presente egon ziren ekitaldian, ituna izenpetzeko. Datu horrek erakusten du hautagaiek hitzarmenari eman dioten garrantzia. Izenpetu ez duten zerrendaburu eta auzapez anitz ere harremanetan sartu dira Bizirekin, egin dezaketen hautua sakonago ezagutzeko, hitzarmena izenpetu aitzin.

Orotara, berrehun pertsona elkarretaratu ziren izenpetze ekitaldian. Adibide gisa, Baionako Herriko Etxea lortzeko lehiatuko diren bost zerrendetatik, lauk izenpetu dute hitzarmena: hain zuzen ere, Jean Claude Iriart abertzale eta ezkertiarrak, Henri Etxeto hautagai sozialistak, Jean Rene Etxegarai hautagai zentristak eta Sergue Nogues Ezkerreko Fronteko hautagaiak.

Hautagaiek martxoaren 12a zuten hitzarmena izenpetzeko epea. Biharko gauerdira arte dute epea hautagaiek hartuko dituzten engaiamendu zehatzak zerrendatzeko. Hilaren 16tik hasita, Bizik plazaratuko ditu izenpetzaileen zerrendak, eta, horrekin batera, hartu dituzten engaiamendu zehatzak emanen ditu jakitera. Herriz herri hartuko diren engaiamenduak bere webgunean aurkeztuko ditu Bizik. Gisa berean, hitzarmena onartu ez duten hautagaien zerrenda ere plazaratuko dute. Ā«Engaiamendu desberdinen inguruko informazio kanpaina zabalduko dugu lehen itzulia baino lehen, baina bi itzulien artean ere baiĀ» dio Bizik.

Herriko bozen lehen itzulia martxoaren 23an burutuko da, eta bigarren itzulia, martxoaren 30ean.

Bizik dio hitzarmenean hartutako engaiamenduak ez direla paper errea izanen, eta azpimarratu du hautagaien engaiamenduari hurbileko segida egin nahi diotela. Haiek aztertzeko, batzorde berezi bat osatu dute. Biziren proposamena hainbat ataletan garatzen da, eta, arloz arlo, hautetsiek har ditzaketen neurriak zerrendatzen ditu.

Tresna Kutxa

Bizik engaiamendu zehatzak eskatzen ditu Tresna Kutxaren bidez. Horretan ageri dira arlo ezberdinetan har daitezkeen neurriak, fitxatan bildurik. Bertzeak bertze, hirigintza, mugikortasuna, energia, etxebizitza, laborantza, oihanak, ura, berdeguneak, kontsumoa, hondakinak, klima aldaketari loturiko arriskuak eta estrategia trebakuntzarako atalak proposatzen ditu. Mugikortasunari dagokionez, mugikortasun iraunkorraren ituna osatzeko eskatzen die hautetsiei, erranez erakunde horietako langileek eta hautetsiek izan behar dutela eredugarri. Autoa gutxiago erabiltzeko neurriak eskatzen ditu, eta herrietan oinezkoen zein bizikleten tokia handitzeko.

Energia berriztagarrien garapena antolatu eta energia kontsumoaren jarraipena egitea eskatzen du, erakunde publikoek baliatzen dituzten egoitzetatik hasita. Argiteria publikoa baliatzeko irizpideak finkatzen ditu, eta beroa atxikitzeko sareak hedatzeko eskatu. Etxegintza alorrean, pobrezi energetikoaren aurkako borroka plantan ezartzeko eskatzen du, energia aurrezpena bermatuz etxeetan eta energia berriztagarriak sustatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.