Bizitza ardatz gisa hartuta

Hernani Burujabe proiektua plazaratu dute, tokiko bestelako gobernantza baten eredu gisa

Itsaso Lekuona, atzo, Burujabetzak jardunaldietan, Udalbiltzako lehendakari Haritz Alberdirekin. JON URBE / FOKU.
xabier martin
Hernani
2023ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Herritarrek bizitzan beharrezkoak dituzten arlo nagusietan «burujabetzara» jauzi egitea da Hernaniko Udalak eta herriko gizarte talde eta sektore ekonomiko batzuek bultzatu duten proiektua: Hernani Burujabe. Hernaniko zinegotzi Itsaso Lekuonak plazaratu zuen atzo, Burujabetzak jardunaldien barruan. «Pandemiaren gordinetik» gaur arte egin duen ibilbidea azaldu zuen. Larunbatera bitarte, udalgintzaz, herrigintzaz eta bizitza erdian jarrita eraiki nahi diren gobernantza eredu berriez ariko dira hainbat eragile Hernaniko (Gipuzkoa) topaketetan.

Lekuonak azaldu zuen pandemian inoiz baino argiago azaleratu zela «bizitzarako ezinbestekoak diren sektoreak burujabe izateko beharra», eta Hernaniko Udalak bultzaturik hausnarketa horretan hasi zela talde txiki bat. Emaitza zehatzak eman dituen herri proiektu bat da gaur egun; tokikotik abiatuta zenbait sektoretan burujabetzara salto egitea du helburu, «azpitik gora». Horretarako, hiru subjektu behar dira: udala, herriko talde sozialak eta ehun ekonomikoaren sektore estrategiko batzuk.

«Bertakotasunean eta tokiko eragileen saretzean oinarrituta, berezko erabakiak eta gobernantza ezartzeko» modua eman asmo du proiektu horrek. Udalen «desboteretzeaz» aritu zen Lekuona, herritarrei «eskumen transferentziak» egiteko. Betiere helburu batekin: «Pertsonen ongizatea». Herritarren bizi baldintza duinak bermatzea du xede proiektuak, «bizitza erdigunean jarrita». Horretarako, «ezinbestekotzat» jo zuen energian, elikaduran eta zaintzan subiranotasun handia lortzea. «Korrontearen aurka goaz, ez da erraza, baina aurrera goaz», esan zuen zinegotziak.

Bidegurutzean, zirt edo zart

Proiektu horren ondorio praktikoak badira jadanik; adibidez, elikadura kooperatiba bat, eta han sortzen diren produktuak saltzeko denda-azoka bat. Lekuonak nabarmendu zuen herritarrek erakundeak «gero eta urrunago» sentitzen dituzten garai hauetan «beste norabide batean» joatea proposatzen duela Hernani Burujabek, «herritarrekin batera». Izan ere, «kapitalismoak bizitza bidegurutze batera» eraman duela uste du Lekuonak, eta «zirt edo zart» egin behar dela. Bizitza ardatz duen gobernantza baten aldekoa da, finean, Hernaniko proiektu hori, Euskal Herrian abian diren beste burujabetza proiektu batzuen moduan.

Udalbiltzako lehendakari eta Getariako alkate Haritz Alberdik esan zuen Hernanin garatutako proiektua «eredugarria» dela: «Inbidia sanoa ematen du». Uste du Hernani eta Usurbil «erreferentzia» direla beste gobernantza ereduak martxan jartzeko Euskal Herri osoan, eta azaldu zuen Getarian, esaterako, badela martxan energiarekin lotutako proiektu bat aspaldian, ildo berean garatua.

Alberdik zenbait aste baino ez daramatza Udalbiltzako lehendakaritzan; «lur hartu berria» dela argitu zuen, eta Udalbiltzak dituen erronkak azaltzeari ekin zion, Euskal Herriko udalak eta hautetsiak batzen dituen erakunde publikoaren iragana azaldu ondoren. Euskal Herri osoa hartzen duen lehen erakunde publiko nazionala da Udalbiltza. 1999ko irailaren 18an sortu zen, Euskalduna jauregian (Bilbo), zazpi euskal lurraldeetako ia 2.000 udal hautetsi bilduta.

Ordutik 24 urte joan dira, eta bidean denetarik izan da, baita «ezerezean geratu zen» prozesu judizial bat ere, «espetxeratzeak» eragin zituena, hori bai. Batera edo bestera, Udalbiltza orainari eta batez ere geroari begira jarrita dago. Batzorde eragile berria dauka, eta lehendakariak azaldu du zazpi kidez osatua dagoela. Kide horiek alor jakinekin dute lotura: elikadurarekin, energiarekin, zaintzarekin.... «Udaletatik nazio osora» jauzi egin nahi duten gobernantza berriek aurrera egitea da helburu nagusietako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.