Bizkaia eta Kantabria artean dagoen Axetsu mendiaren inguruetan egitekoak ziren Capital Energy enpresak bultzatutako Maya parke eolikoa, baina atzera bota dute azkenean; besteak beste, ingurumen eragineko baimena lortu ez duelako. Aurretik ere izan ditu trabak proiektuak; izan ere, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Aldundiak atzera bota zuten Bizkaiko zatian errotak jartzeko proiektua, ohartarazita bi turbinak eta azpiestazioak babestuta dagoen Aleneko estazio megalitikoari «zuzenean eta modu larrian» eragingo ziola.
Kantabriako gobernuak ere arriskuak ikusi zizkion proiektuari, eta ingurumen baimena emateko hainbat oztopo ikusten zizkion parkeari; adierazi zuen kalte egingo ziela sai zuriari, sai arreari, miruari, belatz handiari eta beste espezie batzuei.
Bi lurraldeetako gobernuek ikusitako akatsak kontuan hartuta, Bizkaiko lurretan egongo liratekeen bi errotak kentzeaz gain, Kantabrian baina Bizkaitik hurbil egitekoak ziren beste bi errota ere ezabatu zituzten proiektutik. Aldaketa horiek eginda, hasierako proiektuan zeuden hamabost errotetatik hamaika egiteko asmoa zeukan enpresak, baina hasierako 52MWeko potentzia mantenduta. Azkenean, ordea, Espainiako Ingurumen MInisterioak ez dio ingurumen baimenik eman.