Enpresaburu batek Bilbon dauzkan hamabost etxebizitza komunitarioetan «lan esplotazioko sare matxista eta arrazista bat» dagoela jakinarazi du LAB sindikatuak asteon. Zaintza azpiegitura horiek kudeaketa pribatukoak dira, baina Bizkaiko Foru Aldundiaren baimena jaso behar dute; hori dela eta, diputazioari «jarraipena eta kontrola bermatzeko» eskatu dio sindikatuak. Aldundiak, ordea, ez du arau hausterik antzeman etxebizitza komunitarioetan egin dituen ikuskapenetan.
Gizarte Ekintzako Sailak BERRIAri azaldu dionez, diputazioak «arreta sozialari» lotutako ikuskapenak baino ez ditu egiten; lan baldintzen eremua Eusko Jaurlaritzari dagokio —Lan Ikuskaritzara jo zuen LABek, eta ondorioz, abenduan ikuskapenak egin zituzten hainbat etxetan; txostena lantzen ari dira—. Aldundiak gutxienez urtean behin egiten ditu halako ikuskapenak, baimena jaso duten etxebizitza komunitarioetan, eta, premiarik bada, gehiagotan joaten dira etxeetara. Aldundiaren ikuskapenetan, etxebizitzen egoerari eta zerbitzuei erreparatzen diete —osasun baldintzak, azpiegituren eta gailuen egoera, janaria...—, baita ratioei ere.
Mendekotasun handiko jendea
Izan ere, etxebizitza komunitarioetako langileei zahar etxeetako lan hitzarmena aplikatzen zaie, baina etxeok ez dituzte bete behar egoitzetako arau eta ratio berak. Berez, txikiagoak dira —10-15 pertsonarentzako tokia izaten dute— eta adineko autonomoentzat pentsatuta daude, hau da, eguneroko jarduera oinarrizkoenak beren kabuz egin ditzaketenentzat; horregatik dituzte zahar etxeek baino langile gutxiago —txanda askotan, bakarra—. Praktikan, ordea, mendekotasun handiko jendea bizi da etxe horietan, eta legez onartutako ratioak ez dira nahikoak zaintza premia guztiei erantzuteko.
Auzi horren inguruan galdetuta, aldundiak adierazi du ikuskapenetan informazioa eskatzen dutela adinekoek zenbateko mendekotasuna duten jakiteko, eta horren arabera kalkulatzen dutela zenbat langile behar diren etxebizitzetan. Esplikatu du ratio horiek 1998ko dekretu batek arautzen dituela: 0,25eko ratioa ezartzen du mendekotasun txikia dutenentzat —langile bat lau erabiltzaileko, egun osoan—, eta 0,45ekoa mendekotasun handia edo oso handia dutenentzat —langile bat ia bi erabiltzaileko—.