Bizkaiko 2026rako aurrekontuak onartu dituzte gaur, Gernikako juntetxetan, EAJren eta PSE-EEren babesarekin. Aski ziren bi talde horien bozak aurrera egiteko. Sailka egin dute bozketa, eta EH Bilduk eta PPk aurka bozkatu dute denetan. Elkarrekin Bizkaia, berriz, abstenitu egin da bi sailetan, zuzenketa batzuk adostuak baitzituen EAJrekin eta PSE-EErekin. Arabako eta Gipuzkoako aurrekontuak Elkarrekin-en babesarekin atera dituzte aurrera.
1.716,2 milioi euroko aurrekontua onartu dute, 2025ekoa baino %3,9 handiagoa. Diru sail handienak gizarte ekintzako arloak (767,2 milioi) eta azpiegiturek eta lurralde garapenak izango dituzte (250,7 milioi).
Gaztelania izan da nagusi bi ordu eskas iraun duen osoko bilkuran.
EAJko Mikel Bagan batzarkideak esan du onartu berri diren aurrekontuek «bizkaitarren bizimodua hobetuko» dutela. Gogora ekarri du iaz posible izan zela EH Bildurekin akordio bat egitea: «Aurten betoa jarri izana egozten digute, eta eskuinera gerturatu izana, baina muinean dagoena da EAJ aginte tokietatik bidali nahi izatea». Goyo Zorro PSE-EEko batzarkideak ere aurrekontuak defendatu ditu, esanez «sendoak, arduratsuak eta sozialak» direla.
Aitor Lopez EH Bilduko batzarkideak, berriz, adierazi du ez direla Bizkaiak behar dituen aurrekontuak, «ez edukietan, ez kopuruetan». Besteak beste, txartzat jo du 1.716,2 milioiko aurrekontu batean UEMArentzako diru saila 60.000 eurotik 30.000ra jaistea, eta adierazi EH Bilduk 50.000 euroan gera zedin eskatua zuela, eta hori ere ez diotela onartu.
Esan du EH Bilduri betoa jarri diotela, iaz ez bezala, orduan hamasei milioiren zuzenketak adostu baitzituzten. Lopezen irudiko, «alderdian» hartu da erabaki hori, EAJn alegia, ez diputazioan ez eta batzar nagusietan ere.
Elkarrekin taldearekin adostu dituzten zuzenketei esker, Bizkaibuserako hobariak bermatuko dituzte (852.000 euro) eta Gizarte Inklusioaren programarako 700.000 euro gehiago jarri. Halaber, indarkeria matxistaren biktimentzako babes programarako diru sail bat ere adostu dute (300.000 euro). Dena den, Eneritz Madariaga batzarkideak esan du aurrekontuek ez dituztela asetzen Bizkaiko errealitate sozialaren beharrak. Eta lortu dituzten «akordio baliagarriak» defendatu ostean, «egiazko elkarrizketa bat» abiatzeko prest azaldu da, «herritarren benetako beharrei erantzuteko».
Diego Pagadigorria PPko batzarkideak esan du kontrako botoa eman dutela aurrekontuek ez dutelako barne hartzen Bizkairako proiektu handirik, eta gehitu du Elkarrekin taldearekin beste herrialde batzuetan egindako akordioen abaroan onartu direla: «EH Bilduri eusteko politika eta hauteskunde estrategia baten ondorio da akordio hori».
Bilboko Udalak ere onartu ditu aurrekontuak
Bilboko Udalak ere gaur onartu ditu aurrekontuak, diputazioan bezalaxe EAJren eta PSE-EEren babesarekin. Guztira 751 milioi euroko aurrekontua onartu dute, iazkoa baino %4,5 gehiagokoa. Donostiako Udalak, berriz, bihar onartuko ditu.
Gasteizkoak jada aurkeztuak ditu udal gobernuak, eta, gutxiengoan denez, negoziazio epea irekita dago. Oposizioko taldeek urtarrilaren 14ra arte dute zuzenketak aurkezteko epea, eta asmoa da urtarrilaren 23ko osoko bilkuran onartzea.
Iruñekoak azaroan onartu zituzten.