27 boto alde eta 23 kontra. Arabako aurrekontuak gehiengo osoz onartu dituzte gaur Batzar Nagusietan, EAJren, PSE-EEren eta Elkarrekin Arabaren botoei esker. Hori horrela, 727 milioi euroko aurrekontua kudeatuko du gobernuak datorren urtean, inoiz izan duen handiena. Aurrekontuak gehiengo osoz aurrera atera izana azpimarratu du Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak, behin eztabaida amaitu denean: «Araba lurralde plurala, askotarikoa eta kohesionatua da, eta ez dugu nahi ez marra gorririk, ez Madrilekin konfrontazioan ibili».
«Ezberdinen arteko akordioa» goraipatu du Itziar Gonzalo Ogasun diputatuak ere, eta Elkarrekin Arabari eskertu dio ados jartzeko izan duen prestasuna. Haren esanetan, alderdi hori «desberdintasunak alde batera uzteko» gai izan da, eta proposamenak entzuteko eta aurrekontua «aberasteko» gaitasuna erakutsi du. «Funtsezkoa da ezberdinen arteko akordioak lortzea; kontu hauek hobeak dira lan partekatuari, ideien kontrasteari eta batzeko borondateari esker».
Gonzaloren esanetan, aurrekontu «zorrotz eta errealistak» dira. Besteak beste, akordioaren arabera, 10 milioi euroko diru sail bat dute lurraldeko zahar etxe pribatuetako sei urteko gatazkari amaiera emateko, 12 milioi etxebizitza politiketarako, eta 2,7 milioi kale gorrian bizi diren pertsonak artatzeko zentro bat irekitzeko.
«Aukera bat galdu da»
Oposizioa, aldiz, kritiko agertu da aurrekontuekin. EH Bilduko Eva Lopez de Arroiaberentzat, «aukera bat galdu da» aldundiaren gizarte politikek bestelako norabide bat hartzeko eta foru gobernuak gizarte zerbitzuak «blindatzeko». Haren ustez, aurrekontuek agerian uzten dute diputazioak betiko politikei eutsi nahi diela, eta ez duela urratsik egin nahi Araban gehien behar dutenak laguntzeko.
PPko Iñaki Oiartzabalek, berriz, kontu publikoen «kutsu ideologikoa» kritikatu du, eta aurrekontuak «akatsa» direla ohartarazi.