Turistentzako tasa, guztientzako lana

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek tasa turistikoa ezartzeko proiektua onartu dute, eta udalek erabaki behar dituzte prezioak. Udaletako eta turismoaren sektoreko ordezkariak hasiak dira zerga aztertzen; datorren urtean sartuko da indarrean.

Turismo gidari bat turistei azalpenak ematen, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Turismo gidari bat turistei azalpenak ematen, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Julen Urrestarazu
2026ko ekainaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aspaldikoa da intentzioa, baina hurrengo urtean izango da hasiera. Tasa turistikoak 2027ko urtarrilaren 1ean ezartzea adostu zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek. Horrela, hiru lurralde horietan lo egingo duten turista gehienek egunen araberako zerga bat ordaindu beharko dute. Ostatuek kobratuko dute zerga hori, baina dirua udalentzat izango da. Hori dela eta, bai udalek, bai ostalariek tramite bat gehiago kudeatu beharko dute.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek dagoeneko onartu dute neurria. Araban eta Gipuzkoan oposizioko alderdien babesa behar zuten EAJk eta PSE-EEk. Ahal Dugu-k zazpi aldaketa adostu zituen bi alderdiekin, eta alde bozkatu zuen. EH Bilduk ere tasa turistikoen alde egin du. PPk, ordea, legearen aurka bozkatu zuen Araban, eta abstenitu egin zen Gipuzkoan. 

Orain hiru lurraldeetako aldizkari ofizialetan argitaratu beharko dute. Hori egin ostean, udalerriek sei hilabete izango dituzte udal ordenantzak foru arau berrietara egokitzeko.

Nola aplikatu beharko dute udalek?

Zerga hori 2027ko urtarriletik aurrera ezarriko da, baina alkateek ez dakite nola funtzionatuko duen. Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko (Bizkaia) alkateak azaldu du puntu batzuk «ez direla argi geratu».

«Aurreikusten genuen tasa turistikoa izateko aukera lehenagotik etorriko zela, ez udal legealdia amaitzear dagoenean»

GORKA ENPARAN Hondarribiko alkatea

Bermeoko alkateak uste du «goiz» dela erabakiak hartzeko. Adierazi du proiektua Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean «ahalik eta arinen» aurrera aterako dutela udal ordenantza, baina ohartarazi du udal ordenantza bat aldatzea ez dela «automatikoa». Azpimarratu du oso garrantzitsua dela «herri bakoitzak bere ordenantza edukitzea».

«Dena argiago dagoenean» hasi nahi du Gorka Salazar Gaubeako (Araba) alkateak udal ordenantza berria lantzen. Izan ere, Eudelen aholkuak jasotzeko zain daude: «Beste udalek egiten dutena ikusiko dugu, ez daukagu Donostiako Udalak adinako presarik». Hala ere, argitu du haiek erabaki nahi dutela zenbateko tasa ezarri eta, beraz, Arabako Foru Aldundiko aldizkari ofizialetan argitaratu eta hurrengo sei hilabeteak igaro baino lehen aldatuko dutela udal ordenantza.

Beste kezka bat dauka Igor Enparan Hondarribiko (Gipuzkoa) alkateak tasa turistikoaren inguruan: Gipuzkoako Foru Aldundiaren informazio transmisioa ez dela egokia. «Ez dugu lantzen ari diren arauen berri izan, komunikabideen bidez izan dugu horren berri», esan du.

«Tasek lagunduko dute turistek kontsumitzen dituzten zerbitzuak mantentzen eta ordaintzen»

NADIA NEMEH SHOMALY Bermeoko alkatea

Enparanen ustez, erakundeak berandu aritu dira tasa turistikoa ezartzen; 2026an tasa turistikorik ez izatea «atzerapen» bat da harentzat, eta ez du ulertzen: «Aurreikusten genuen baliabide hau izateko aukera lehenagotik izango zela, ez udal legealdia amaitzear dagoenean». Azpimarratu du arau berria udal ordenantzara egokitzea prozedura «luzea» izaten dela; lehenengo, proiektua jendaurrean aurkeztu behar dutelako eta, helegiterik badago, berriro pasatu beharko delako udalbatzatik. Hala ere, Enparanek dio Hondarribiko Udalak «ahalegin guztiak» egingo dituela tasa hori indarrean egon dadin.

Kopurua erabakitzea, udalen esku

Ostatu mota bakoitzak zerga tarte ezberdina izango du, eta udal bakoitzak erabakiko du zer diru kopuru jarriko duen. Lurraldeko aldizkarian argitaratu eta sei hilabetera ez badute udal ordenantza eguneratzen, gehienezko kopurua ezarriko diote ostatu mota bakoitzari. Gaubeako, Bermeoko eta Hondarribiko alkateek ez dute erabaki oraindik zer zerga kopuru ezarriko duten; horretarako, ostalaritzako sektoreko ordezkariekin bilduko dira Enparan eta Salazar.

«Aztertzen ari gara zenbateko tasa jarriko diogun ostatu mota bakoitzari», azaldu du Enparanek. Sektoreko ordezkariekin tasak eztabaidatu ondoren, udalbatzak onartu beharko du udal ordenantza aldatzea.

«Landa ostatuak ostatu txikiak dira, arauei dagokienez karga asko ditugu, eta tasa turistikoa beste karga bat izango da»

IDOIA EZKURDIA Nekaturreko gerentea

Enparanen antzera, Salazar alderdi politikoekin, herriko ostalariekin eta Angosto kanpineko jabearekin bilduko da tasak erabakitzeko. Gaubeako alkateak, berriz, badu ideia bat tasen kopuruei dagokienez: «Gure asmoa da ostatu mota bakoitzari zerga kopururik txikiena ezartzea». Gutxieneko kopurua ezarrita, kanpinean 0,75 euro —hobaririk aplikatu gabe— ordaindu beharko lituzke pertsona batek gau bakoitzeko, eta gehienez sei gau kobratuko litzaizkioke. Bi alkateek aitortu dute ez dakitela oraindik zenbat diru bilduko duten turistei ezarritako zergarekin.

Bildutako diruarekin zer egin

Behin tasak ezarri eta gero, udalek erabaki behar dute zer egin turistek ordaindutako diruarekin. Hori jakin nahi dute bai herritarrek, baita turismo sektoreko langileek ere. Haietako bat da Guillermo Ruiz de Erentxun Elkoro Mendexako (Bizkaia) Villa Itsaso hiru izarreko hoteleko jabea: «Turismoa gure nortasunarekin orekatzeko ideia batzuk pentsatu behar dira. Ideia horiek oreka sortzen badute, ondo iruditzen zait tasa turistikoa. Beste zerga baten modura funtzionatuko balu, ez litzaidake ondo irudituko».

Nekatur Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Landa Ostatuen Elkartea da. Bertako gerente Idoia Ezkurdiak ere uste du udalek tasa turistikoengatik bildutako dirua turismoan inbertitu beharko luketela; besteak beste, «enpresen jasangarritasunean eta turismo baliabideak eta zerbitzuak hobetzen». Hiru lurralde horietako foru aldundiek martxoan onartu zuten aurreproiektua, eta Nekaturrek hamar helegite ezarri zizkion. Azaldu du helegiteetako bat zera dela: legearen testuan zehaztu behar zela tasa turistikoek bildutako dirua turismo sektorean inbertitu behar dela.

«Gure asmoa da ostatu mota bakoitzari zerga kopuru txikiena ezartzea»

GORKA SALAZAR Gaubeako alkatea

Hondarribiko alkateak, esaterako, azaldu du «herritarrei turismoaren eraginak arintzeko» bideratuko duela tasa turistikoengatik bildutako dirua: «Baliabide gehiago izanda, zerbitzu gehiago eta hobeak emateko aukera izango dugu». Izan ere, Aste Santutik azarora arte «Hondarribia bezalako herri batek turismoak sortzen dituen ondorioak kudeatzeko baliabide asko» jartzen dituela azaldu du Enparanek: «Bisitariak datozen garaietan, zakarren kudeaketarekin zailtasunak izaten ditugu, jende multzo handiak… Udal barneko antolakuntza lanak ere zaildu egiten dira».

Bermeoko alkateak ere argitu du bildutako dirua «herriaren mantentzerako» erabiliko dutela. Haren ustez, ez dira «diru partida handiak» izango, baina lagunduko die udalei turistek erabilitako zerbitzuak eta baliabideak ordaintzen. 

Nemehek argi du tasa turistikoak ez duela turismo masifikatua bukatuko, baina uste du Urdaibaiko eskualdearentzat «oso garrantzitsua» dela tasa turistikoa ezartzea: «Tasek lagunduko dute turistek kontsumitzen dituzten zerbitzuak mantentzen eta ordaintzen».

«Tasa turistikoak beste zerga baten modura funtzionatuko balu, ez litzaidake ondo irudituko»

GUILLERMO RUIZ DE ERENTXUN ELKORO Villa Itsaso hoteleko jabea

Ezkurdiak tasari ikusten dizkion desabantailetako bat zera da, lotan geratuko diren turistek bakarrik ordaindu beharko dutela. Azpimarratu du egun-pasa datozen turistek ere zerbitzu publikoak erabiltzen dituztela eta masifikazioa eragiten dutela, baina, aldi berean, ez dutela zerga ordainduko.

Landa eremuan ere badago tasa

Aurreproiektuetan onartutako testuek zerga tarte berak ezartzen dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerri guztietarako, baina ezarrita dauden tasa tarteak merkatzeko eta garestitzeko aukera ere badaukate udalerriek, tamainaren arabera. Tasa ez aplikatzeko aukera dute hurrengo bi baldintzetako bat betetzen duten udalerriek: 25 ohe baino gutxiago izatea edo 25 eta 75 ohe artean izan eta %1 baino gutxiagoko turismo intentsitatea izatea. Bestalde, 750 ohe baino gehiago dituzten edo 5.000 biztanletik gora eta %10eko edo gehiagoko turismo intentsitatea duten udalerriek tasen tartea %50 gehiago garestitu ahalko dute.

Nekaturrek jarritako beste helegite bat zen prozesuak sinplifikatzea, lan kargan eragin gutxiago izan dezan: «Landa ostatuak ostatu txikiak dira, arauei dagokienez karga asko ditugu, eta hau beste karga bat izango da». Izan ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ostatu guztiek programa informatiko bat ezarri beharko dute, udalei ostatuan bildutako datuak jakinarazteko. Ostatu guztiek egin beharko dute inbertsio hori; hori dela eta, Ezkurdiak eskertu du tasaren ezarpena urtarrilera pasatzea, «egokitzapen informatikoak egiteko denbora behar baita». Salazarrek gehitu du Gaubeako kanpinak jada prest dituela beharrezko programa informatikoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA