Etxe turistikoetako egonaldien tasa 2,50 euro igotzea hitzartu du Ahal Dugu-k EAJrekin eta PSE-EErekin

Ahal Dugu-k egindako zazpi zuzenketa jasoko ditu foru arauaren proiektuak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan onartzeko. Tasa turistikoa heldu den urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean, foru aldundiek hala adostuta.

Turista talde bat joan den udan, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Turista talde bat joan den udan, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Julen Urrestarazu
2026ko maiatzaren 15a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ahal Dugu ados jarri da PSE-EErekin eta EAJrekin, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan turismo egonaldien gaineko zerga ezartzeko. Besteak beste, hitzartu dute zergapeko egonaldiak sei egunekoak izatea gehienez, eta etxe turistikoen eta gurutzaontzien tasak nabarmen handitzea: 4,5 eta 6,5 euro artekoa izango da etxe turistikoen tasa; gurutzaontziena, berriz, 6 eta 7 euro artekoa.

Gaur egin dute prentsaurrekoa Richar Vaquero EAEko Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusiak, Miren Etxebeste Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak eta Victor Lasa Donostiako Udaleko bozeramaileak, Donostian, eta han xehatu dute akordioa. Ahal Dugu-k aurkeztutako zazpi zuzenketa jasoko ditu foru arauaren proiektuak; besteak beste, tarifen tarteak zabaltzea lortu dute.

Behin betiko taulan, zerga handiagoak ezarri dizkiete erabilera turistikoko etxeei eta gurutzaontziei: etxe turistikoen tasa 4,5 eta 6,5 euro artekoa da behin betiko akordioan, behin-behineko akordioan baino 2,5 euro gehiagokoa; gurutzaontzietarako, ordea, sei eta zazpi euro artekoa izango da zerga, eta lehen 2,5 eta bost euro artekoa zen. «Lurraldean, zerbitzu publikoetan eta etxea eskuratzeko bidean presiorik handiena sortzen duten jarduerak dira», azaldu du Ahal Dugu-k.

Bost eta lau izarreko hoteletan ere nabarmen igo da turista batek gau bakoitzeko ordaindu beharreko zerga. Bost izarrekoetan, bi euro garestitu da gutxieneko tasa, eta 1,5 euro gehienekoa; lau izarrekoetan, 1,5 euro igo dituzte hala gutxieneko eta nola gehieneko tasak. Landa turismoko ostatuetan, berriz, 0,25 euro jaitsi dituzte tasa tarteak: 0,5 eta 1,25 euro bitartean pertsona eta gau bakoitzeko. Ostatu mota horiek izango dute tasarik apalena.

Halaber, zergapetu daitekeen gehieneko denbora tartea luzeagoa izango da aurrerantzean: lehen, bost egunekoa zen muga, eta seikoa izango da orain. Bestalde, «turismo intentsitatea» izeneko kontzeptua sortu dute, «udalerriko ostatuetako ohe kopuruaren eta udalerriko zuzenbidezko biztanleriaren arteko ratioa», alegia. Neurri horrek «malgutasun handiagoa» emango die errekargua ezarri nahi duten udalei, Ahal Dugu-ren arabera.

Bide beretik, adostu dute turistentzako 25 eta 75 ohe artean dituzten udalerrietako udalek zergaren %100erainoko hobaria aplikatzeko aukera izango dutela baldin eta %1etik beherako turismo intentsitatea badute. 25 ohe edo gutxiago dituzten udalek ere %100erainoko hobaria aplika dezakete.

Horrez gain, %50erainoko errekargua aplikatu ahal izango dute baldintza hauetako bat betetzen duten udalek: 750 ohe baino gehiago izatea edo 5.000 biztanletik gora izan eta %10eko edo gehiagoko «turismo intentsitatea» izatea.

Gainera, desgaitasun ehuneko jakin bat edo hortik gorakoa dutenentzako salbuespena laguntzaile direnei ere hedatuko zaie. Zehazki, %65eko edo hortik gorako desgaitasuna edo II. edo III. graduko mendekotasuna duten herritarrak eta haien laguntzaile bat salbuetsita geratuko dira. Beste hauentzat ere izango dira salbuespenak: administrazio publikoek programa sozialen bidez helburu turistikoetarako antolatutako egonaldietako parte hartzaileak, adingabeak, ikasleak, ikerketa akademikoetako edo administrazioaren talentu programetako parte hartzaileak, eta osasun arrazoiengatik egonaldiak egiten dituztenak eta haien laguntzaileak.

Legea bi urtez behin ebaluatu eta berrikusteko betebeharra ezartzea ere adostu dute Ahal Dugu-k, EAJk eta PSE-EEk. «Turismoa errealitate dinamikoa da, eta, beraz, zergak tresna erabilgarri eta malgua izan behar du, sortzen diren benetako inpaktuetara eta udalerrien beharretara egokitzeko modukoa», azaldu du Ahal Dugu-k.

Tasa turistikoen bidea

Ahal Dugu-k, EAJk eta PSE-EEk hitzartutako tasa turistikoa Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ostatuetan lo egingo duten turistetako bakoitzari —salbuetsita daudenei izan ezik— ezarriko zaie. Gehienez sei eguneko tasa turistikoa aplikatuko zaie ostatu berean, baina, ostatuz aldatuz gero, berriro ordaindu beharko dute zerga, baita bi ostatuak herri berekoak badira ere. Euskal herritar guztiek ordaindu beharko dute zerga hori hiru lurralde horietako ostatuetan gaua pasatu nahi badute.

Iragan martxoan jakinarazi zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek heldu den urteko urtarrilaren 1ean sartuko dela indarrean tasa turistikoa, jasotako alegazioak aztertu eta foru arauen aurreproiektuak moldatu ondoren. Bada, hain justu, Ahal Dugu izan zen zuzenketak aurkeztu zituzten horietako bat, eta «malgutasuna» eskatu zuen udalek salbuespenak jarri ahal izateko.

Hiru foru aldundiek onartu dute jada foru arauaren proiektua, eta orain tramitaziorako bidean da hiru lurralde horietako Batzar Nagusietan. Arabako eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan, EAJk eta PSE-EEk ez dute gehiengo osorik, eta oposizioko talderen baten babesa beharko dute neurriak aurrera egin dezan.

Tasa turistikoa ezartzeak ekarriko dituen aldaketa nagusietako bat izanen da bereizketa eginen dela ostatu moten artean. Adinez nagusi den turista bakoitzeko 0,5 eta 7,5 euro artekoak izanen dira oinarrizko tarifak, eta gehienez ere sei gauez aplikatuko da. Edonola ere, arau horrek ez die eraginen 2026ko otsailaren 5a baino lehen egindako erreserbei.

EH Bildu: «Berri ona da»

Akordioaren xehetasunen esperoan, EH Bilduk «berri ontzat» jo du ituna, «hamarkada bateko atzerapenarekin bada ere» bide emanen zaiolako tasa turistiko bat ezartzeari. Koalizio subiranistako iturrien arabera, akordioa sakon aztertu asmo dute, eta haren ostean erabakiko dute zer bozkatuko duten Batzar Nagusietan. Edonola ere, adierazi dute neurrien xedea turismoaren ondorioak arintzea izan behar dela, «lurraldearen eta zerbitzu publikoen iraunkortasuna bermatuta, baita euskal herritarren ongizatea ere». «Hor egon da eta egongo da ezker subiranista», gehitu dute, eta gogoratu koalizio subiranista dela lehen indar munizipalista.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE