Zahar etxeen inguruko kexek ez dute berez arazorik adierazten, eta horien tramitazio prozesuek «hobetzeko aukera» ematen dute, Amaia Antxustegi Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza diputatuak gaur Batzar Nagusietan azaldu duenez. Azken hilabeteetan adinekoen egoitzen inguruan izandako salaketez galdetuta, diputatuak nabarmendu du aldundia «arduraz» ari dela horiei erantzuten eta zerbitzua kudeatzen: «Arazoak detektatzeak frogatzen du ikuskaritzak ondo funtzionatzen duela. Sistemaren bermea kontrol mekanismoen zorroztasunean oinarritzen da, ez arazorik ez izatean. Ez dago zerbitzu perfekturik».
Martxoan egoiliar baten alabak Batzar Nagusietan egindako salaketak eragin du, neurri batean, diputatuaren gaurko batzorderatzea: Durangoko Tabira Berri zahar etxearen aurka auzitara jo zuela azaldu zuen, «prekaritatea eta gabezia larriak» salatzeko. Haren arabera, 2024ko maiatzean amak eroriko bat izan zuen «arduragabekeria baten ondorioz», eta zentroko zuzendaritza, gainera, gezurretan aritu zitzaion istripuaz, gerora segurtasun kamerek argitu zutenez.
Kontua da Durangoko egoitza horren jabeak beste zenbait zahar etxe eta etxebizitza komunitario ere kudeatzen dituela; hain justu, haren zentroetan «esplotazio sare matxista eta arrazista bat» martxan zuela salatu zuen LAB sindikatuak urtarrilean. Beraz, Tabira Berriren inguruko kexez ez ezik, gainerako egoitzetakoez ere galdegin diote diputatuari. Batzorderatze eskaera bana erregistratuta zeukaten EH Bilduk, PPk eta Elkarrekin Bizkaiak, eta hirurak puntu bakarrean jorratu dituzte. Ados agertu baitira abiapuntuan: kexei erreparatuta, zerbait huts egiten ari da zahar etxeetan.
«Kexak ez dira gertakari frogatuak. Denak aztertzen eta erantzuten dira; eta baloratzen da ea ikuskaritza bat egiteko adina arrazoi dagoen, baina berez kexa batek ez dakar ikuskatzea»
AMAIA ANTXUSTEGI Bizkaiko Gizarte Ekintza diputatua
Antxustegik, ordea, buelta eman dio horri. Oposizioko alderdiei aurpegiratu die zabaldu nahi izatea egoitzen sistemak ez duela funtzionatzen, «baina datuek kontrakoa diote»; egoiliarrei eta senideei egindako inkestak aipatu ditu: «Kalifikazioa oso altua da». Kexei dagokienez, azaldu du «prozeduraren arabera» erantzuten diela diputazioak: «Zentroari informazioa eskatzen diogu, eta senideekin biltzen gara, beharrezkoa bada». Halere, familien «pertzepzioak eta iritziak objektibatu beharraz» mintzatu da: «Kexak ez dira gertakari frogatuak. Denak aztertzen eta erantzuten dira; eta baloratzen da ea ikuskaritza bat egiteko adina arrazoi dagoen, baina berez kexa batek ez dakar ikuskatzea».
Askotariko kexak
Zehazki Tabira Berri zentroaz jasotako kexen inguruan, diputatuak esplikatu du 2024an hiru izan zirela, hirurak martxoan Batzar Nagusietan izandako emakumearenak; 2025ean, berriz, hamalau jarri zituzten hiru senidek. Arrazoien artean, denetarik aipatu du: ratio baxuak, zaintzaile bakarra izatea solairu bakoitzean; zuzendariarekin harremanetan jartzeko zailtasunak; instalazioen garbitasun falta eta erabiltzaileen higiene desegokia; hazteri agerraldiak ez tratatzea; janari gutxiegi jartzea, menuetan adierazitakoa ez betetzea; uholdeak egotea beheko solairuan; berogailuak itzalita edukitzea...
Antxustegik adierazi du zahar etxe horretako ratioak arauzkoak direla, baina, ondoren, ratioak ez betetzeagatik urraketa bat atzeman zutela 2023an. Urte hartan zigor txosten bat abiatu zuten Durangoko egoitzaren aurka, baina beste urraketarik ez zuten detektatu hurrengo urteetan. Aurtengo martxoan, berriz, ikuskapen bat egin zuten, baina haren emaitza oraindik ez dute jaso; txostena amaitzean ganberan agertzeko konpromisoa hartu du diputatuak, «ondorioak xehetasunez azaltzeko».
Enpresari berak kudeatutako gainerako egoitzen inguruko datuak ere eman ditu: zigor prozedurak zabaldu dituzte beste bost zahar etxeetan; Bilboko Basurtu auzoan daukan egoitzan, bost arau hauste larri eta bi oso larri egotzi dizkiote, eta 33.000 eurorainoko isunak jarri. «Aldundi honen aldetik ez da egon jardunik eza, ezta isiltasunik ere: ikuskatu egin dugu, arazoak detektatu ditugu, eta beharrezkoa izan denean, urraketak zuzendu ez direnean, zigortu egin dugu», ondorioztatu du Antxustegik.
Enpresariari buruz, erantzunik ez
Zaintza zerbitzu horien atzean dagoen emakumeaz, ordea, ez du informaziorik eman, nahiz eta propio galdetu dioten EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak. Izan ere, enpresariak gutxienez sei zahar etxe eta bederatzi etxebizitza komunitario ditu Bizkaian —gehienak, Bilbon—, baina Osakidetzan erizaina da lanbidez. Oposizioaren ustez, «ezinezkoa» da lanean arituta egoitza horiek guztiak kudeatu ahal izatea. «Zalantzan dugu jarduera horiek bateragarriak diren, interes gatazkarik egon daitekeen», azaldu du Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaia taldeko ordezkariak. «Nor da emakume hori? Noren babesa du? Uste duzue trebatua dagoela egoitza bakar bat kudeatzeko?», galdetu du Urtzi Ostolozaga EH Bilduko kideak. Itaun horiek, ordea, ez dute erantzun zehatzik jaso. «Pertsona horrek bost egoitza zentro zuzentzen ditu; gainerakoetan administratzaile gisa ageri da», esan du Antxustegik.
Edonola ere, oposizioak berretsi du «kezkatzeko modukoak» direla zahar etxeetatik iristen diren kexuak. Eneritz de Madariagak «larritzat» jo du senideek emandako informazioa: «Kexa gutxi direla diozue, baina oso gauza larriak salatzen dituzte. Ez genituzke banaka ikusi behar, jakinda zuzendaritza bakar batek hainbat zerbitzu kudeatzen dituela: leku batean gertatzen ez dena beste batean gertatzen da».
Ildo horretan, «kexak gutxiestea» leporatu dio Ostolozagak diputatuari, eta «irmotasun handiagoa» eskatu dio: «Hau larria da. Lotsagarria da pertsona batzuk horrela bizitzea». Zaintza eredua eraldatzera deitu du, eta, adibidez, ratioak berrikustera: «Langileek, egoiliarrak garbitzeaz edo haiei jaten emateaz gain, kalitatezko denbora bat eduki dezaten adinekoekin hitz egiteko».