Zaintzeak zaintzaileak gaixotzen ditu. Bizkaiko zahar etxeetan «errealitate bat» da hori, ELA sindikatuaren arabera, eta orain datuen bidez islatu dute. Hainbat egoitzatan arrisku psikosozialen ebaluazio txostenak egin dituzte, eta, horietatik abiatuz, ELAk ondorioztatu du lau langiletik hiru gaixotzeko arriskuan daudela «gehiegizko lanaren eta behargin eskasiaren ondorioz». Hala, enpresei, patronalei eta erakunde publikoei egotzi die horren jakitun izatea eta Lan Arriskuen Prebentziorako Legea ez betetzea.
Gaur Bilbon egindako prentsaurreko batean azaldu dutenez, ebaluazio txostenetan enpresek aztertzen dute langileek arrisku txikia, ertaina ala handia duten. Bada, sektoreko datuak argigarriak dira: arrisku handia agertu dute geriatriako laguntzaileen %96,8k, garbitzaileen eta sukaldeko langileen %70ek, osasun langileen %71k eta administrazioko langileen %84k. Irune Cerezok gaineratu du lesio fisikoez gain «antsietate eta depresio koadro ugari» ikusten ari direla «lan zama jasangaitzen ondorioz».
Agerraldiaren aurretik batzarra egin dute zahar etxeetako langileek, eta hainbat testigantza jaso dituzte bertan: «Nire txandatik ateratzean, ez dut inorekin hitz egin nahi izaten; lo besterik ez dut egin nahi. Hurrengo txandara antsietatez sartzen naiz, badakidalako ez garela iritsiko; eskuak falta dira»; «Erlojuak markatzen du lan erritmoa: gosaria, dutxa, botikak, bazkaria... dena korrika. Egun batean eserita ikusten banaute egoiliar batekin hizketan, kargu hartuko didate, pertsonak zaintzea ekoizpen kate batean lan egitearen parekoa balitz bezala».
«Langile gehiago premiaz»
Era berean, Cerezok nabarmendu du egoitza batzuetako txostenetan argi azaleratu dutela «premiaz langile gehiago kontratatzeko beharra», baina hala enpresek nola instituzioek «ez ikusiarena» egin dutela. Gogor kritikatu du «erabaki politiko eta ekonomiko» hori: «Legeak dioenez, enpresek derrigor hartu behar dituzte langileen osasuna babesteko prebentzio neurriak». Beraz, langile gehiago ez ezik, lan baldintza egokiak ere eskatu dituzte, «zaintzaileak ez gaixotzeko eta egoiliarrei arreta ona eman ahal izateko».
Hori guztia gizarteratzeko, kanpaina bat abiatuko du ELAk, Zaintzeak gaixotasuna dakarrenean lelopean. Arrisku fisiko eta psikosozialei buruzko informazio gehiago jaso nahi dute, «lege hausteak salatzeko» eta gaia lan itunaren negoziazioan txertatzeko. «Zaintza ez dadin osasunerako kondena bat izan, baizik eta lan duin eta seguru bat».