Gasteizko lehen auzialdiko epaitegiak baztertu egin du Eusko Alkartasunaren ildo kritikoak jarritako salaketa eta, horrenbestez, alderdiaren sektore ofizialaren ikuspegia onetsi du. Horren aurrean, Eba Blanco idazkari nagusiak sektore kritikoari eskatu dio helegiterik ez dezatela aurkeztu, bide judiziala itxitzat eman dadin. Blancoren hitzetan, salaketa aurkeztu dutenek barkamena eskatu beharko lukete eta egoerari buruz berriz pentsatu.
Primarioen prozesuan irregulartasunak egon zirela argudiatuta, Maiorga Ramirez hautagaiak eta hura babesten zuen taldeak auzitegietara jo zuen iazko urriaren erdialdera, eta, azaroaren 11n, Gasteizko epaitegiak eten egin zuen Blancoren izendapena, behin-behinean. Zortzi hilabete geroago, lehen auzialdiko epaitegiak erabaki du salaketa baliogabetzea, baina sektore kritikoaren ustez, azken epai horrek «modu inkoherentean» ezeztatzen du joan den azaroko ebazpena. «Nahiz eta epaiak erabat frogatzen duen egungo zuzendaritzakoek sistematikoki ez zituztela bete berme batzordearen ebazpenak, oraingoan baliorik gabe uzten du, eta horiek betetzetik libratzen ditu», salatu du.
Nahiz eta atzo bertan lehen ohar bat kaleratu, gaur agerraldia egin du Eba Blancok. Bere irudiko, epaiak agerian utzi du primarioen prozesuan ez zela iruzurrik egin, eta berme guztiak jarri zirela prozesua «neutrala, gardena eta barne araudiaren araberakoa» izan zedin. Era berean, gaitzetsi egin du hilabeteotan bere aurka bota diren «kalumnia, gezur eta irainak». Salaketa babestu duten Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako koordinatzaile nagusiei ere zuzendu zaie: «Ongi etorriak izan daitezela proiektu honekin bat egin duten guztiak, eta ez hura suntsitzen dutenak».
Blancok lan egiten utz diezaiotela eskatu du: «Ez gara liskarren aldekoak. Diskrezioa atsegin dugu. Ikuspegi honekin bat egiten ez duenak dinamika hausten du, eta gainerakoei ez die lan egiten uzten». Salaketa bultzatu dutenei eskatu die atzera egin dezatela eta helegiterik ez dezatela aurkeztu. Hain zuzen ere, sektore kritikoak iragarri du aukera hori aztertzen ari direla.