François Bayrou lehen ministroak konfiantza mozioa galdu zuen barda, eta dimisioa aurkeztu dio arratsaldean Emmanuel Macroni. presidenteak dagoeneko izendatu du nork ordezkatuko duen Bayrou: Sebastien Lecornuk. Bihar, berriz, Frantziako Estatua eta Ipar Euskal Herria blokeatzera doaz herritarrak, duela aste guti batzuk sortu zen Telegrameko Asaldatu Gaitezen kanalak bultzaturik. Zenbait sindikatuk greba deialdia zabaldu badute ere, ez da zehazki identifikatua mugimenduaren jatorria. «Dena blokeatu», zioten lehen mezuek, eta horretarako antolatzen ari dira herritarrak.
Mezuak milaka bidaliak dira blokeatze egunaren bezpera honetan, geroz eta elkarretaratze gehiagoren zabaltzeko: goiz-goizetik lekurik gehienetan, biribilguneetan, plazetan, bideetan... Ehunka protesta, baina mugimenduak zenbat pertsona bilduko dituen ezin aitzinetik jakin. Prestatu dira inkas: Bruno Retailleau Frantziako Barne ministroak iragarri du 80.000 polizia mobilizatuko dituela biharko.
Baionan, lehen elkarretaratzea 06:00etan emana dute Leroy Merlin biribilgunean, hortik iragaten baitira goizero milaka auto lanera bidean; Hendaiarako (Lapurdi) autobidearen irteera ere bada. Ber tenorean, Angeluko (Lapurdi) Dassault armagintza enpresaren biribilgunean ere bildu behar dira batzuk, CGT sindikatuak deiturik horretan. Bi protesta nagusi horietatik baliteke blokeatzeak hirietan gaindi zabaltzea, barraskilo operazioak antolatuak baitira. 14:00etan, elkarretaratze herritarra eginen dute Baionako Askatasunaren plazan, herriko etxearen aitzinean; eta, 18:00etan, biltzar nagusiak eginen dituzte Lan Burtsan eta Santa Ursula plazan, Baionako geltokiaren aitzinean. Biltzar horietan deliberatu behar lukete ondoko egunetan blokeatzeekin jarraiki edo ez.
Elkarretaratze fisikoetatik harago, Dena Blokeatu mugimenduak Frantziako eta Ipar Euskal Herriko herritarrak deitu ditu kontsumoaren gelditzera egun osoan, Frantziako Estatua pausan ezartzeko nolazpait.
Macron, zorra...
Orotarikoa da bihar biltzera doazen herritarren multzoa: Jaka Horiak duela zazpi urte antolatu ziren bezala, sare sozialetatik antolatu dira hala ezker nola eskuin muturrekoak eta bien artean direnak. Ondotik sartu dira sindikatuak elkarrizketetan, baina herritarren artean agertu da asmoa, hain zuzen, sindikatuek ez dezatela mugimendua haienganatu, eta zinezko mugimendu herritar zabala izan dadin. Dena blokeatzeko asmoa dute, funtsean Frantzia bera blokeo egoeran dagoelako nolazpait: Frantziak 3,35 bilioi euroko zor publikoa zuen aurtengo lehen hiruhilekoaren amaieran, bere barne produktu gordinaren %114,1.
Aseturik direlakoan Macronen politikaz, arranguraturik Frantziaren alimaleko zorraz, kexaturik Bayrouk aurrekontuari begira egin dituen murrizketa iragarpenez, akiturik lanbide prekarioetan aritzeaz, gabeturik etengabe apaltzen den erosahalmenaz. Beste batzuk ere, mindurik Palestinan Israel egiten ari den genozidioaz eta Frantziaren erantzunik ezaz, edo oldarturik etenik gabe zabaltzen diren eskuin muturreko ideologiez... Oro har, gizartearen egoeraren okertzeaz ohartuak dira herritarrak, eta, aterabiderik ez diotenez ikusten —gaur egungo gobernuarekin gutienez—, desadostasun eta kezka horiek karrikara ekarriko dituzte bihar.
Ipar Euskal Herrian LAB, ELB, CGT, Sud eta Solidaires sindikatuek bat egin dute irailaren 10eko mobilizazioarekin; baita EH Baik, Bizi-k, Alda-k eta Confederation Paysannek ere. Irailaren 18rako ere intersindikalak grebara deitu zuen uztail hatsarrean.Â