Pastor
Darwin eta gu

Bolsonaro eta bertsolaria

2026ko urriaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txapelketa bete-betean gaude eta ezin izan dio bere bertsolari senari eutsi. Hortxe sortu du bineta: horma batean «Lula eta Bolsonaro berdinak dira zeharo» testua idatzi du. Eta behean, hizki txikiagoz: «abstençao activa». Paretaren ondoan neskato bat dago, ibilian. Beltza. Txiroa, itxuraz.

Azken puntua izan dela pentsa liteke. Zer kantatuko zuen lehenago? «Poltsikoetan dirua gordea dute oparo/ bata zein bestea dira alproja eta pikaro/ eskubideak kenduko dizkigute ai emaro!». Eta, bukaera borobiltzeko: «Lula eta Bolsonaro berdinak dira zeharo». Bikain! Gaur Eibarko oholtzara igoz gero, bera izango litzateke garailea. Agur, Nerea; agur, Oihana; agur, Alaia, Asier, Miren eta Nerea. Zuenak egin du.

Lula eta Bolsonaro berdinak dira zeharo? Igual-igualak? Tanta bat, bera eta bakarra? Hori baino itsukeria politiko handiagorik... Lula eta Bolsonaro ez dira berdinak. Ez jatorriz, ez jokaeraz, ez pentsaeraz. Bolsonaroren programa irakurri. Edo hark eginiko adierazpenak, haren ahokadak. Kapitalismo krudel kupidagabeenaren defendatzailea da, pobreenen kalterako: murrizketak hezkuntza eta osasun sistema publikoetan, Amazonia ustiatzeko eta herri indigenen bizimoduaren kontrako asmoak... Lulak berdin-berdin egin du? Ez duzu haren jarraitzailea izan behar ezetz erantzuteko.

Igandean bertan ikusi genuen horren adibide bat. O Globo egunkariak, Brasilgo hedabide handienetako batek, bideo bat zabaldu zuen: Gizon beltz bat kateatuta, Bolsonaroren aldeko martxan Barran. Irudiak: politikari eskuindarraren jarraitzaile multzoa, kamiseta horia jantzia. Erdian, tipo zuri bat, soka batetik tiraka. Sokaren beste muturrean gizon beltz baten lepoa, hari lotua. Esklabotzaren apologia sinbolikoa. Izugarrikeria. Zer dela eta eskaini die bere burua beltz batek arrazista horiei antzezpen nazkagarria egiteko? Ez, ez zen muntaia izan. Lularen aldekoak ere beltzak samatik oratuta dituztela doaz kalean?

PP eta EH Bildu zeharo berdinak direla azalduko digu marrazkilariak? Abstentzio aktiboa eskatuko du?

Azaroaren 29an Espainiako Kongresurako bozak izango dira. «Abascal eta Sanchez berdinak dira zeharo» marraztuko dute orduan? Biak ala biak kapitalismoaren barruan kokatu arren, ez da zaila bien arteko diferentziak ikustea. Ez dira guztiz berdinak, begi-bistakoa da. Ikusi besterik ez dago batak zer egin duen eta besteak zer proposatzen duen hainbat arlotan eskubide sozialei dagokienez. Emakumeei galdetu, migranteei galdetu, LGTBI kolektiboari, herritar pobreenei. PP eta EH Bildu zeharo berdinak direla azalduko digu marrazkilariak? Abstentzio aktiboa eskatuko du?

Badirudi hauxe dela eslogana: zenbat eta okerrago, orduan eta hobeto. Zenbat eta okerrago besteak, noski. Arduragabekeria politiko galanta behar da gero, hesi baten ondoan haur beltz pobre bat margotzeko «Lula eta Bolsonaro berdinak dira zeharo» dioen pintadaren aurrean. Galde diezaiola irudiaren egileak marrazkiko ume horri zerk kalte egiten dion benetan eguneroko bizimoduan, Bolsonaroren politikak ala Lularenak. Bai, Lulak ez du kapitalismoa botako, ez du Rio de Janeiro hiria komuna iraultzaile bihurtuko; Robespierrek eta Dantonek ez diete Barra de Tijucako aberatsei lepoa moztuko Jacarezinho erdian. Baina...

Oso erraza da etxe epeletik halako mezuak hedatzea Amazoniako indigena bat ez zarenean; Bahiako emakume beltz esplotatua edo Minas Geraisko langile zapaldua ez zarenean. Oso erraza, miseria gorrian jaio ez zarenean familia analfabeto batean, amarekin —doña Lindu— hirira emigratu ez duzunean; oso erraza, Sao Pauloko taberna bateko komunaren ondoko gela txiki ziztrinean bizi izan ez zarenean amarekin eta neba-arrebekin batera; txikitan kalean zapata-garbitzaile jardun ez duzunean; lantegian atzamar bat galdu ez duzunean. Oso erraza da hala hitz egitea Brasil iparraldeko neskato beltz pobrea ez zarenean; Bolsonaroren aldeko piztia batek soka batez lepotik helduta erakutsiko ez zaituenean Barrako kaleetan zehar, Untermensch bat izango bazina legez. «Lula eta Bolsonaro berdinak dira zeharo»? Ez potorik egin Eibarren!

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA