Bortxa birtualen min haragizkoak

Indarkeria matxista digitalak eragin handia du hura jasaten dutenengan, eta luzaroan, gainera. Adituen arabera, berariazko politika publikorik ez izateak areago sakontzen du kaltea.

BERRIA
BERRIA
Maite Asensio Lozano.
2025eko azaroaren 23a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dira kolpeak bezain agerikoak, ez dute ubeldurarik uzten azalean, baina indarkeria matxista digitalen arrastoa berdin antzeman daiteke haragitan, berdin urratzen dute barrena. «Bortizkeria digitalek sarri ez daukate errealitate materialik, baina inpaktu emozional handia eragiten dute, baita sotilak direnean ere, ezin baitugu gure burua erraz defendatu», laburbildu du Ianire Estebanez psikologoak. Birtualtasunak ez du babesik ematen, biraltasunak izugarri handitzen du arriskua, eta min eragilea Interneten ozeanoan gera daiteke luzaroan. Eta biktimak, berriz, bakarrik, sostengurik gabe. «Administrazioek ez dute ulertzen indarkeria digitalek hertsatzeko zer-nolako ahalmena daukaten. Orokorrean, legedian ez dago bortizkeria horien aitortzarik», gaitzetsi du Laia Serra abokatuak. Egiteko asko ikusten dute adituek ziberindarkeriaren alorrean.

Indarkeria matxistak aurpegi ugari dituela esan ohi da, eta bortizkeria digitalak ere, antzera: askotariko formak hartzen ditu. Izan daiteke urruntze agindu bat haustea sakelako telefonoaren bidez komunikatuz; edo sare sozialetan diskurtso misoginoak zabaltzea; edo bikotekidea geolokalizatuta edukitzea; edo adingabe batekin sare sozialen bidez konfiantzazko harreman bat eraikitzea hari sexu abusuak egiteko; edo lankide bati zakil baten argazkia bidaltzea; edo irudi sexualekin estortsioa egitea; edo elikadura portaeraren nahasmenduak izatera bultzatzea.

Gailu digitalak eta teknologiak non, indarkeria digitala han. Eta eraso moten zerrenda gehiago luzatuko da, Serraren arabera: «Gizarte patriarkal batean bizi gara, eta genero rolak aprobetxatuz min egiteak funtzionatzen du. Irudi sexualak zabaltzeak, adibidez, inpaktu eta estigma handiagoa eragiten du nesken artean, gizarte patriarkal batean gertatzen da eta».

DATUAk

%38

Indarkeria digitala jasan duten andreak. Oro har, oso datu gutxi daude indarkeria matxista digitalen inguruan. NBE Nazio Batuen Erakundearen Emakumeen Sailaren arabera, andrazkoen %38k jasan dute bortizkeria digitala munduan. Haien erdiek baino gehiagok difamazioa, ziberjazarpena eta gorroto diskurtsoak pairatu dituzte.

%14,3

Ziberjazarpen sexuala EAEn. Eusko Jaurlaritzak berriki egindako ikerlan baten arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako emakumeen %14,3k jasan dute sexu jazarpena eremu digitalean, eta %13,4k behin baino gehiagotan. Ziberjazarpen sexualeko kasu ohikoenak hauek dira: sare sozialetan iradokizun desegokiak jasatea, sexualki esplizituak eta desegokiak diren mezuak jasotzea, edota irudi sexualak jasotzea mintzeko edo umiltzeko asmoz.

Ildo horretan, abokatuak uste du indarkeria digitalak agerian uzten duela bortizkeria matxistak politikoak direla: «Indarkeria matxistaz hitz egitean, oraindik asko kostatzen da bi pertsonaren arteko gatazka bat delako ustea alde batera uztea, eta azaltzea  bortxa egiturazkoa dela, diziplinatzeko eta diskriminatzeko tresna bat dela. Baina eremu digitalean, distantzia handiagoa dagoenez indarkeria darabilenaren eta hura jasaten duen emakumearen artean —nahiz eta ez den beti horrela—, argiago geratzen da diziplinatzeko asmo hori. Indarkeriak berriro politizatzeko aukera ematen digu horrek».

Interneten eta gailu teknologikoen bidez egiten diren indarkeriek, gainera, badituzte kezkatzeko moduko hainbat ezaugarri. Despertsonalizazioaz mintzatu da Serra: «Erasoaren egilea eta indarkeria jasaten duena ez daudenez aurrez aurre elkarri begira, errazagoa da desinhibitzea edo enpatia gutxiago izatea bortxazko jarrerak aktibatzeko». Distantzia birtual horri edukiak azkar zabaltzeko aukera gehitu behar zaio: «Biralizazioak eta masa mentalitateak bat egiten dute. Jendea ohartzen al da zer-nolako mina eragin dezakeen like sakatzean edo zerbait berriro bidaltzean?».

Tranpa psikologikoak

Ezezkoan da Estebanez: «Zabalpen kanal horietan ez da nabari ondorioak zenbaterainokoak diren. Oso erraz eta azkar bidal daitezkeenez edukiak, kontzientzia falta handia dago». Baina mina oso handia izan daiteke: antsietatea, estresa, larrimina, depresioa izaten dira erreakzio nagusiak. «Indarkeria aurrez aurrekoa ez izanda, arriskua dago mehatxu sentsazioa handiagoa izateko, eta norbere integritatean sartzen direla sentitzeko». Tranpa psikologikoak ere aipatu ditu: «Feminitatean sozializatuta gaude, eta horrek dakar besteengan pentsatzea, gehiegi enpatizatzea, errudun sentitzea... Eta tartean sartzen dira agindu sozialak, maitasunaren ideia, zaintzarena... Beraz, emakume askok pentsa dezakete zerbait egin dutela indarkeria hori eragiteko».

«Zabalpen kanal horietan ez da nabari ondorioak zenbaterainokoak diren. Oso erraz eta azkar bidal daitezkeenez edukiak, kontzientzia falta handia dago»

IANIRE ESTEBANEZ Psikologoa

Kaltea, gainera, ez da berehala desagertzen: «Mezuak hor daudenez, kontsultatu daitezkeenez, eta biralizatzeko arriskua dagoenez... minak gehiago irauten du, ezinegona behin baino gehiagotan sortzen da. Inpaktua biziagoa da». Indarkeria matxistek diziplinatzeko helburua dutela gogora ekarrita, Serrak berretsi du edukiak ezabatzeko hainbeste zailtasun izateak hertsatu egiten dituela emakumeak: «Horren ondorioz, askatasunak mugatzen dira, eta nortasuna aske garatzeko aukera galarazi; indarkeria digitalek eragin ahalmen ikaragarria dute autodeterminazioaren eta askatasun sexualaren eremuan».

Baina, Estebanezen aburuz, komunitatearen erantzunak sortzen du arrakalarik handiena. Adibide gisa jarri du emakumeen irudi sexualen zabalpena: «Bideo bat hedatzea bera umiltzeko modu bat da, baina horren inguruan egiten den iruzkin edo interakzio bakoitzak zera pentsarazten du segidan: ‘Jendea zer pentsatzen ari da niri buruz?’. Izan ere, baliteke bideoan gizon bat eta emakume bat agertzea, baina emakumea epaituko da, sexualitatearen eta gorputzen inguruko kontzeptu patriarkalei lotuta, eta ez hainbeste bideoa baimenik gabe zabaldu duena. Emakumeek sentitzen dute behin baino gehiagotan biktimizatu dituztela: lehenik, umilduta, eta gero, epaituta; errudun sentitzen dira, eta iruditzen zaie ez dutela zilegitasunik, adibidez, salaketa bat jartzeko. Oso babesgabe geratzen dira».

Hutsunea politika publikoetan

Eta babes falta are handiagoa da erakunde publikoetara jotzen dutenean. Izan ere, ia ez dago indarkeria matxista digitalak jorratzeko politika publikorik. Arazoa antzekoa da mundu osoan, Serrak azaldu duenez: «Arlo digitalarekin lotutako politika publikoak, oro har, azpiegitura kritikoen gaineko arriskuetan zentratzen dira, delitu ekonomikoetan, eta haur pornografian. Baina emakumeen aurkako indarkeria digitala ez dago presente nazioarteko organismoetan eta hitzarmenetan. Bortizkeria digitalei buruzko arauetan, genero ikuspegia falta da, eta, genero indarkeriari buruzko arauetan, berriz, ikuspegi digitala».

Eta horrek gabezia ugari dakartza praktikan, egunerokoan. Besteak beste, bortizkeria digitalekin lotutako adierazlerik ez egotea indarkeria matxista jasaten duten emakumeen arriskua ebaluatzeko sistemetan. Edo biktimen arretarako bulegoetan gaiari buruzko trebakuntzarik ez izatea. Edo osasun sare publikoan babes psikologikorik ez eskaintzea. Ianire Estebanezek argi ikusten du hori jardun publikoaren ondorioz bortizkeria digitala jasaten duten emakumeen artean: «Etxean geratu behar duen andrearen ereduarekin hausten dute, erakusten dute emakumeek boterea izan dezaketela, eta horregatik iraintzen dituzte, baita auzitan jarri ere. Utzikeria handia dago instituzioetan: ematen du bortxa hori jardun publikoarekin batera datorrela eta onartu egin behar dutela. Baina zergatik ez dituzte sostengu taldeak sustatzen, bikote harremanetan indarkeria pairatzen duten emakumeentzat egiten duten bezala? Bestela, emakume horiek bakarrik aurre egin behar diote indarkeriari, eta azkenean erre egiten dira».

«Bortizkeria digitalei buruzko arauetan genero ikuspegia falta da, eta genero indarkeriari buruzko arauetan, berriz, ikuspegi digitala»

LAIA SERRA Abokatua

Politikarien, kazetarien edo aktibisten aurkako ziberjazarpen kasu horietan, gainera, auzitara jotzea bide antzua izan daitekeela ohartarazi du Laia Serrak. Batetik, bortxazko mezuak gehiegi direlako sare sozialetan. Eta bestetik, halako delituei aurka egitea zaila delako: «Indar polizialek eta justizia sistemak asko dute hobetzeko, baina egiaz hor dagoen arazo nagusia da Interneteko plataformek ez dutela laguntzen: eskatuta ere, ez dute informazioa ematen eta auziak artxibatu egiten dira. Zigorgabetasun izugarria dago sektore horretan».

Baina, politika publikoen garrantziari berriz helduta, argi du abokatuak: «Dena ez da salaketa penala. Prozedura judizial bat ez bada ondo ateratzen, agian emakumeari on egingo dio laguntza psikosoziala jasotzeak, edo instituzioek argi adierazteak gertatutakoa oso larria dela eta interpelazio publiko bat egiteak plataforma bati. Prebentzioak, babes instituzionalak, laguntzak funtzionatuko balu, agian zigorgabetasun judizialak inpaktu txikiagoa izango luke».

Hiztegia

Ingelesezko kontzeptuak erabili ohi dira indarkeria digital molde batzuk izendatzeko. Hona horietako batzuk:

  • Sexpreading: irudi intimo edota sexualak onespenik gabe zabaltzea; ez nahastu sexting-arekin, hau da, irudi intimo eta sexualak nahita bidaltzearekin.
  • Cyberflashing: argazki edo bideo sexualak jasotzea aurrez eskatu gabe.
  • Grooming: sare sozialen bidez heldu batek adingabe batekin konfiantzazko harremana osatzea, gero sexu abusuak egiteko..
  • Doxing: pertsona baten datu pertsonalak (telefono zenbakia, helbidea...) baimenik gabe publikatzea.
  • Deepfake: adimen artifiziala erabiliz irudi faltsuak sortzea.
  • Cybermob: pertsona baten aurkako eraso koordinatua.

 

Teknologia eta gazteak
Gazteengan jarri ohi da arreta bortizkeria digitalez hitz egitean. BERRIA

Arreta nerabeengan, baina ez haiengan bakarrik

Nerabeengan eta gazteengan jartzen da arreta maiz indarkeria digitalei buruz hitz egitean. «Zaurgarriak dira eta», argudiatu du Joana Jauregizar psikologoak; «euren garuna eta nortasuna garatzen ari dira, eta zailtasunak dituzte arriskuak identifikatzeko. Aldi ebolutibo horretan, gainera, erlazioek garrantzi handia hartzen dute, eta lehen maitasun harremanak hasten dira; eta horri guztiari testuinguru digitala erantsi behar zaio». EHUren Psides taldeko ikertzaile burua da Jauregizar; besteak beste, nerabeen bikote harremanetako ziberindarkeria aztertzen ari dira, eta ondorioztatu dute gaztetxoak ez direla ohartzen teknologia oker erabiltzeak zer kalte eragin ditzakeen: «Halakoak haiekin landu behar dira».

Ikerketan bi bortxa molde antzeman dituzte. Bat, zuzeneko ziberindarkeria, hau da, gailu teknologiko bat erabiliz pertsona bat iraintzea, mehatxatzea, zurrumurru edo irudi faltsuak zabaltzea... Eta bi, ziberkontrola: «Hori ikusten dugu gehien, horixe baitago normalizatuena». Askotariko jardunak aipatu ditu: bikotekidea konektatuta dagoen kontrolatzea, kontaktuak ezabatzera behartzea, norbaitekin hitz egitea debekatzea, geolokalizazioa bidaltzea, janzkera kontrolatzea etxetik atera aurretik argazki bat bidaltzera behartuz....

%5,3

Irudi intimoen zabalpena. Adituen arabera, sexting-a nahiko hedatua dago gaztetxoen artean: irudi intimo edota sexualak bidaltzean datza; sarri, ordea, irudi horiek sexpreading delakoa egiteko erabiltzen dira, hau da, beste pertsona batzuei bidaltzen dizkiete baimenik gabe. Euskal Herriko Unibertsitateko Psides ikerketa taldeak Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta unibertsitateko 1.200 ikaslerekin egindako azterketa batean, gazteen %5,2k adierazi dute bikotekideak edo bikotekide ohiak beren argazki intimoak zabaldu dituztela baimenik gabe; eta %3k aitortu dute halakorik egin izana. 

Kontrol hori «harremanaren parte» bilakatu da, «ez dute ikusten indarkeria gisa», eta horren oinarrian ideia sexistak daudela berretsi du Jauregizarrek: «14-15 urteko neskek oraindik esaten dute bikotekidea jeloskor egotea maitasunaren seinale dela, eta zoriontsu izateko bikotekide bat behar dutela; menpekotasun emozional hori arrisku faktore bat da, nahiago izango baitute bikotekidearekin txarto egon, bakarrik egon baino». Ohartarazi du, gainera, kontrol jarreretan ez dagoela sexuaren araberako alde handirik: «Aldebiko indarkeria da: aldi berean dira biktima eta erasotzaile. Hau da, neskek ere kontrol jarrerak dituzte, baina ondorioak pisutsuagoak dira haientzat, eta kalte handiagoa jasaten dute».

«Haurrek barneratu egiten dute gurasoek zaintzeko modu bat dela geolokalizatuta egotea; beraz, zergatik kezkatuko dira bikotekideak gauza bera egiten badu?»

JOANA JAUREGIZAR EHUko Psides taldeko ikerketa burua

Edonola ere, EHUko psikologoaren ustez, gaztetxoen inguruko diagnostikoak helduak ere interpelatzen ditu. Gailuen erabilerari buruz hausnartzeko eskatu du: «Txikiak direnean gurasoek erloju bat edo sakelako bat ematen diete geolokalizatuta edukitzeko. Hala, haurrek barneratzen dute gurasoek zaintzeko modu bat dela geolokalizatuta egotea; beraz, zergatik kezkatuko dira bikotekideak gauza bera egiten badu?».

«Umezurtz»

Alde horretatik, nabarmendu du umeak pantaila artean hazteak ez duela esan nahi prestatuta daudenik halako gailuak ondo erabiltzeko, eta ados dago Ianire Estebanez psikologoa: «Esan ohi da gaurko gazteak jaiotzaz direla digitalak, baina nik esango nuke umezurtz daudela arlo digitalean. Sarri, gurasoek uste dute ezin dietela ezer irakatsi, seme-alabak erraz moldatzen direlako gailuekin, baina horrek ez du esan nahi badakitenik teknologiak ondo erabiltzen».

«Informazio asko ematen dugu egiten ari garen horri buruz; intimitatea bera aldatu egin da: dena kontatzen dugu, momentuan bertan. Horrek zaildu egiten du espazio propioak babestea eta mugak jartzea»

IANIRE ESTEBANEZ Psikologoa

Dena den, Estebanezek uste du arreta ez dela soilik nerabeengan jarri behar: «Hasieran, portaera harrigarriak ikusten genituen gaztetxoengan, baina teknologiak eta sare sozialak oso azkar garatu dira, eta orain helduok eta nerabeek ez dugu hain diferente jokatzen». Izan ere, sakelako telefonoa esparru eta bizipen guztietara hedatu da, eta horrek denen jokabideak eraldatu ditu: «Kontrolatzea errazagoa da, ez baitugu pertsona hori alboan izan behar: presente daukagu audioen, irudien edo bideo deien bidez. Normalizazio hori harreman guztietara eraman dugu, eta informazio asko ematen dugu egiten ari garen horri buruz; intimitatea bera aldatu egin da: dena kontatzen dugu, momentuan bertan. Horrek zaildu egiten du espazio propioak babestea eta mugak jartzea. Eta ez da soilik gazteen arazoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.