Bortxa matxistaren zauriak nola sendatu aztertzen

Erreparazioarekin lotutako hainbat esperientzia aztertu ondoren, Mugarik Gabe GKEak ondorioztatu du «arlo batean baino gehiagotan» landu behar dela, eta ez dagoela «formula bakar bat» horretarako.

Mugarik Gabe GKEak antolatuta, Kintsugi ekitaldia egin zuten 2024an, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Mugarik Gabe GKEak antolatuta, Kintsugi ekitaldia egin zuten 2024an, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2026ko abuztuaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nola konpondu indarkeria matxista? Zer neurri hartu bortxa jasan duten emakumeen bizimodua leheneratzeko? Neurriok denentzat dira eraginkorrak eta baliagarriak? Bortizkeria matxistaren erreparazioari dagokionez, erantzunak baino gehiago dira galderak, oraindik ere: gutxien jorratutako eremua da, baina egindakoaz hausnartu nahi izan du Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundeak. Gai «konplexua» dela aitortu du Joana Etxanok, «kontraesan asko ere sor ditzake», eta ez dago «formula bakar bat» samina eta kaltea arintzeko. «Baina indarkeria berriro gerta ez dadin bermatzea da erronkarik handiena, eta bizirauleen eskaera nagusia».

Orbain kolektiboak: indarkeria matxisten erreparazio esperientziei buruzko ikasketak txostena ondu du Mugarik Gabek, bortizkeria erreparatzeko lau egitasmo «oso diferente» aztertuta: GKEak berak sustatutako Kintsugi prozesua, Andoaingo Udalaren (Gipuzkoa) jarduna, Espainiako Estatuko [ez dute lekua zehaztu] kolektibo batean gertatutako bortxaketa baten ostean eginiko prozesu kolektibo feminista; eta El Salvadorren abortatzeagatik kartzelatutako eta hildako emakume baten memoria berreskuratzeko prozesua. «Denetatik atera ditzakegu ikaspenak», ondorioztatu du Maria Viadero Mugarik Gabe erakundeko kideak.

Izan ere, taldean aspaldi ari dira erreparazioaz gogoetatzen, justizia feministaren printzipioetatik abiatuta, eta ardura kolektiboan oinarrituta. «Erreparazioa askotariko arloetan jorratu daiteke eta jorratu behar da: instituzioetan, kolektiboetan, epaitegietan zein epaitegietatik kanpo...», azaldu du Etxanok. Viaderok gogora ekarri du indarkeria matxistari buruzko legedian jasota dagoela erreparaziorako eskubidea: «Askotan, arauekin ez da nahikoa, baina eskubidea legez aitortuta edukitzeak laguntzen digu neurriak eskatzeko orduan, legitimitatea ematen digu».

Argi dute erreparazioak askotariko moldeak izan ditzakeela, eta kasu, egoera eta andre bakoitza diferenteak izaki, premiak ere aldatu egingo direla kasuan-kasuan. Viadero: «Ez dago errezetarik: elementu bat instrumentala izan daiteke emakume batentzat, eta oso erreparatzailea beste batentzat». Etxano: «Are, gaur baliagarri zaiguna agian baztertu egingo dugu bihar». Baina gaiari buruz hausnartzean, hainbat ondorio komun ere atera dituzte. «Oso garrantzitsua da bizirauleen protagonismoa, haiei entzutea, baina zaintzea ere bai: prozesu hauek luzeak eta gogorrak dira», esplikatu du Viaderok.

Kolektiboki hausnartuz

Erantsi du andreontzat ere erreparazioa kontzeptu lausoa dela maiz: «Askotan bide instituzionalei jarraitzen diegu, baina ez diegu andreei galdetzen, eta eurek ere ez diete beren buruei galdetzen. Baina ikusi dugu erreparaziorako eskaerak eraikitzeko prozesua bera erreparatzailea izan daitekeela: zer behar duten galdetzea, beste esperientzia batzuk ezagutzea, kolektiboki hausnartzea zer izan daitekeen erreparatzailea eta zer ez...». Ez da erraza, halere, Etxanok adierazi duenez: «Prozesuan lantzen da indarkeriak zer eragin izan duen zure bizitzan, eta hortik zer erreparatu daitekeen, eta, halaber, zer den erreparaezina, ezin delako konpondu, edo prozesuak ez duelako uzten».

«Erreparazio eskaerak eraikitzeko prozesua bera erreparatzailea izan daiteke: zer behar duten galdetzea, beste esperientzia batzuk ezagutzea, kolektiboki hausnartzea»

MARIA VIADERO Mugarik Gabe GKEko kidea

Neurri zehatzez mintzatzean, ordea, oztopoak ageri dira. Esate baterako: oro har, erreparazioaren alorrean ohikoa izaten da kalte ordain ekonomiko bat jasotzea. «Baina indarkeria matxisten kasuan, emakumeen aurka bihurtzen da, haien hitza auzitan jarrarazi ohi baitu. Halakorik ez da gertatzen beste eskubide urraketekin», ohartarazi du Viaderok. Lehengoratzeko neurriak ere premiazkoak dira, arreta psikosoziala jaso dezaten, beren bizimodua berreskuratu, ahalduntze prozesuetan parte hartu... «Baina ez da egoten nahikoa baliabiderik».

Era berean, Etxanok berretsi du tratu txarrak jasan dituzten emakumeek harreman korapilatsua dutela justizia sistemarekin, indarkeria instituzionala pairatzeraino. «Eremu judizialetik pasatu direnak eta bestelako tresnarik ezagutzen ez dutenak oso birbiktimizatuta daude, eta justizia eraldatzea nahi dute. Baina hausnartu behar genuke justizia sistema ez dagoela pentsatuta erreparazioa emateko, baizik eta zigortzeko. Sozialki ohituta gaude justiziara jotzera, baina sistema hori ez dago pentsatuta erreparazioarekin lotutako eskaerak bideratzeko». Besterik da egia judiziala erreparatzailea izatea: «Balio sinboliko handia du. Instituzio batek halako aitortza bat egitea baliagarria izan daiteke askorentzat».

Hausturak ikusgai jarri

Errealitate horiek eta beste asko jorratu zituzten Kintsugi prozesuan, 2024an. «Indarkeria modu diferenteak jasandako emakumeek parte hartu zuten: bikotekide edo bikotekide ohiek egindakoa, etxeko langile egoiliarrek pairatutakoa, El Salvadorren emakume transek bizi izandakoa, migrazio prozesuan jasandakoa... Proposatu genien hausnartu zezatela zer izango litzatekeen erreparatzailea haientzat». Bidean agertu zen kintsugi kontzeptua: «Japoniako artisauen teknika bat da: hausturak ezkutatu ordez, urrez margotzen dituzte, ikus daitezen; horrek adierazten du orbainak hor geratu direla, baina osatuta daudela».

«Sozialki ohituta gaude justiziara jotzera, baina sistema hori ez dago pentsatuta erreparazioarekin lotutako eskaerak bideratzeko»

JOANA ETXANO Mugarik Gabe GKEko kidea

Andreen ekimenez, ekitaldi publiko bat egin zuten Bilbon, mugimendu feministako taldeak, kolektibo sozialak, herritarrak eta erakunde publikoak gonbidatuta. «Hitza hartu zuten, nahi zutena plazaratzeko; gure rola entzutea izan zen, guretzako interpelazio bat baitzen», gogoratu du Etxanok. Kontuan izanda halakorik berriro gerta ez dadin bermatzea dela emakumeen eskaera nagusia, garrantzitsua da instituzioek halako ekitaldietan parte hartzea, bere ustez: «Bizirauleen itxaropena da haiei gertatu zaiena beste inori ez gertatzea. Horregatik jo nahi dute politikariengana eta epaileengana, ikusarazteko zer ari diren txarto egiten».

Baina ez haiengana bakarrik, gaineratu duenez: «Jendarteak badu erantzukizun bat indarkeria matxistetan; beraz, erreparazioan ere bai. Denok dugu rol bat, osatzen edo birbiktimizatzen. Bortizkeria komunitatean gertatzen da, eta testuinguru horrek zerbait egin dezake eta zerbait egin behar du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA