Manuela deitu zioten, ezizen baten bidez haren identitatea babesteko, eta urte askotan izen hori erabili zuten auzitegietan eta pankartetan, Manuela, justizia eta itxaropena leloa osatuz. Baina egun, emakumearen egiazko izena ageri da El Salvadorko Morazan hirian haren omenez jarritako plakan: Maria Edis. Kartzelan zendu zen Manuela, baina haren aldeko epai historiko bat izan zen: Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak El Salvadorko estatuaren aurka ebatzitakoa, andrea espetxeratzeagatik larrialdi obstetriko baten ondorioz hildako haur batez erditu zelako. Manuelaren alde justizia egiteko prozesua da Mugarik Gabek txostenean jasotako erreparazio kasuetako bat.
2009an El Salvadorren abortua despenalizatzeko helburuz sortutako herritar mugimenduak sustatu ditu azken urteetan epai aitzindariak eman dituzten auzibideak; izan ere, 1998tik abortua erabat debekatua dute, eta kartzelaz zigortuta, baita fetua nahi gabe edo gaixotasun baten ondorioz galtzen duten andreentzat ere. Jardun horretan ibili diren abokatuetako bat da Abigail —segurtasun arrazoiengatik nahiago du abizenik ez eman—; Euskal Herrian izan zen udaberrian, Mugarik Gabe elkarteak gonbidatuta, Manuelaren kasuaren berri ematen. «2010ean izan genuen Manuelaren kasuaren berri: espetxean zegoen, 2009an 30 urteko zigorra ezarria baitzioten», oroitu du.
«Guk, erakunde gisa, egiturazko aldaketak sustatu nahi ditugu, baina emakumeei eta familiei entzutea ere garrantzitsua da, haientzat erreparazioa zer den aztertzea»
ABIGAILÂ Manuelaren kasuko abokatua
El Salvadorko landa eremu pobretu batean bizi zen Manuela. Haurdun zegoela, larrialdi obstetriko bat izan zuen, eta etxeko komunean erditu zen. Konortea galdu zuen, eta gurasoek aurkitu zutenean, ospitalera eraman zuten. Erditu berri zela ikusita, bertan galdekatu egin zuten, eta atxilotu; etxean jaioberriaren gorpua aurkitu zuten. Giza hilketa leporatuta kondenatu zuten. «2010ean ezagutu genuenean, kimioterapia jasotzen ari zen, minbizi linfatikoa zuelako. Baina, auzibidean zehar, ez zuten ikertu gaixo zegoela eta agian horrek haurdunaldian eragin ziola. Espetxean ere ezin zuen tratamendua ondo jaso, eta han hil zen». 30 urte zituen.
Erlazionatuta
Bi gurasoak eta bi seme adingabe utzi zituen andreak, eta, haien babesarekin, estatuaren aurkako auzibide bat abiatzea erabaki zuten. Luze jo zuen Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrerako bideak: 2021eko martxoan izan zen epaiketa. «Irregulartasun guztiak» agerian utzi zituztela azaldu du Abigailek: «Adibidez, auzibidean zehar Manuelaren aita adierazpen bat sinatzera behartu zuten, nahiz eta baliabide gutxiko jendea ziren, ez zekiten idazten eta irakurtzen. Gainera, Manuela askotan joan zen osasun etxera sabeleko eta eztarriko minez; arreta egokia jaso izan balu, agian minbizia atzemango zioten».
Epai aitzindaria
2021eko azaroan iritsi zen epaia: estatua erruduntzat jo zuen nazioarteko auzitegiak. «Sententziak lehen aldiz aitortu zuen El Salvadorko estatuak kriminalizatu egin zituela larrialdi obstetrikoak eta abortuak pairatzen zituzten emakumeak». Abigailen arabera, epaia «aberatsa» da, eta «aitzindaria» izan da abortua zigortzen duten beste herrialde batzuetan ere. Baina, batez ere, erreparazio neurriak jaso zituelako: «Manuelaren familiari arreta psikologikoa ematea jaso zuen, haien osasuna artatzea; eta semeei kalte ordaina eta ikasketa bekak ematea ere bai».
«Sententziak lehen aldiz aitortu zuen El Salvadorko estatua kriminalizatzen ari zela larrialdi obstetrikoak eta abortuak pairatzen zituzten emakumeak»
ABIGAILÂ Manuelaren kasuko abokatua
Gainera, auzitegiak estatuari agindu zion Manuelaren senideei barkamena eskatzea publikoki, eta oroimenezko gune bat jartzea haren omenez. «Hori ez dute bete». Baina, beste behin, estatuaren lekua hartu zuen herriak: «Erreparazio feminista bat egitea bururatu zitzaigun: festa herrikoi bat egin genuen Manuelaren hirian. Eta geuk jarri genion plaka».
Abigailek nabarmendu du prozesuan «subjektu politiko ere bihurtu» direla andrearen senideak. Eta, hala, Manuelaren benetako izena jarri nahi izan zutela memorialean. «Familiak tratu latza jasan zuen, oso estigma handia; adibidez, ez zuten ospitalera joan nahi, ‘bere umea hil zuen’ emakume haren gurasoak edo semeak zirela jakingo zutelako. Baina semeek esan zuten haien amaren izena ikusi nahi zutela hor, haren memoria garbitu nahi zutelako».
Hain zuzen, erreparazioa horretan datzala nabarmendu du: emakumeen eskubideak urratu dituztela aitortzean, mina sendatzean, memoria berreskuratzean. «Guk, erakunde gisa, egiturazko aldaketak sustatu nahi ditugu, baina emakumeei eta familiei entzutea ere garrantzitsua da, haientzat erreparazioa zer izan daitekeen aztertzea. Guk emakume guztientzat nahi ditugu aldaketak, baina familia horrentzat festa bat egitea eta mundu guztiak jakitea zer gertatu zen haien amarekin, horixe izan zen egiazko erreparazio bat. Halakoek itxaropena ematen dute».