Milaka pertsona batzen dira urtero EAJren Alderdi Egunean Forondako landetan (Gasteiz). Bertan, jai giroa, diskurtsoak eta urteetan zehar iraun duen tradizioa elkartzen dira. EAJrentzako egun garrantzitsua da: 1977an sortu zuten jardunaldia alderdiaren aldekoak, afiliatuak eta kideak batzeko. Aurten egingo dute, hain zuzen, 50. aldia, irailaren 27an, urtero bezala, Done Mikel Aralarkoaren egunetik gertuen dagoen igandean; hura baita EAJren patroia.
Horregatik erabaki zuten lehen topaketa Aralarren (Nafarroa) antolatzea, eta ez zen nolanahiko testuingurutan egin. Izan ere, Francisco Franco diktadorea bi urte lehenago hil zen, eta frankismoak eragindako jardun klandestinoa itzalpetik argitara ateratzen hasia zen ordurako. 1960ko hamarkadaren amaieran eta 1970ekoan ugaritu egin ziren frankismoaren aurkako manifestazioak, eta EAJk ere bere lekua izan zuen haietan; besteak beste, Aberri Egunaren bidez.
«EAJk arrakasta handia izan zuen hauteskundeetan, eta indar hori jai giroko elkarretaratze batera eraman nahi zuten»
LUIS DE GEZALA Historialaria
Fede Bergaretxe EAJko militante historikoak 1964ko Aberri Eguna du gogoan; Gernika-Lumon (Bizkaia) batzeko deia egin zen urte hartan. «Iristea nahiko zaila izan zen, errepide guztiak itxi baitzituzten, baina menditik sartzea lortu genuen», kontatu du Bergaretxek. Haren arabera, lehen Aberri Egun horretan ez zen arazorik egon, baina urteekin egoera aldatu egin zen. «Ondorengoa Bergaran egin zen, eta hara ezin izan ginen iritsi, Poliziak dena moztu baitzuen. 1966an, Gasteizen sartzea lortu genuen, baina, han, jende pilo bat atxilotu gintuzten, eta Iruñean eta Donostian ere iskanbilak izan ziren». Diktadura osteko aroa hastearekin bat, ordea, EAJk erabaki zuen ,Aberri Eguna ez ezik, Alderdi Egun bat ere egitea, eta lehen hauteskundeen ondoren egin zuten.
«Ekainean, frankismoaren osteko lehen hauteskundeak izan ziren; diktaduraren ostean herritarrek bozkatu ahal izan zuten lehenengoak», azaldu du Luis de Gezalak, Sabino Arana fundazioko historialariak. Hori dela eta, hauteskundeen aurretik alderdiek ez zekiten zelako babesa izango zuten. «EAJk arrakasta handia izan zuen, eta indar hori jai giroko elkarretaratze batera eraman nahi zuten», esplikatu du Gezalak. Jeltzaleek 296.193 boto eta zortzi eserleku lortu zituzten Espainiako Kongresuan, eta indar hori egun batean erakutsi nahi zuten: alderdiaren egunean. Horretarako, beste herrialde batzuetako antzeko mobilizazioak hartu zituzten erreferentziatzat.

EAJko kide batzuek bazekiten jada beste hainbat alderdik eurek aurrera eraman nahi zuten moduko ekitaldiak antolatzen zituztela. «Bereziki, Frantziako eta Italiako alderdi komunistek antolatzen zituzten mobilizazioak izan ziren haien erreferentzia», kontatu du Gezalak. Horiez gain, Venezuelako Hauteskunde Politika Antolatzeko Batzorde Independenteak ere antzeko jardunaldiak antolatu zituen garai hartan. Antolatzeko prozesuan, baina, zenbait kezka sortu ziren: «Zalantza zuten Alderdi Egunak Aberri Egunari kalte egingo ote zion». Hala ere, ekinaldiak aurrera egin zuen, eta «espero ez zuten arrakasta» izan zuten, Gezalaren hitzetan.
Parte hartzeari dagokionez, milaka pertsona bildu ziren jardunaldian, eta ordura arte erbestean ziren alderdikideak batzeko aukera ere izan zen. Fede Bergaretxeren arabera, «primerakoa» izan zen. «Jende mordoa batu ginen Aralarren; 50.000 edo 60.000 pertsona inguru», gogoratu du burukide izandakoak. Harentzat, ekitaldi folkloriko bat da Alderdi Eguna. «Adiskidetasun eta lagunarteko jaiegun zoragarria da». Hain zuzen, azaldu du ekitaldiak aukera ematen duela jai giroaz eta lagunak elkartzeaz disfrutatzeko, aldarrikapen diskurtsoak egitearekin batera.
Garaiaren isla
Egitaraua ez da asko aldatu 50 urteotan. «Hasieran meza bat egiten da, baita autoritateen desfile bat ere», zehaztu du Gezalak, eta ondoren mitin politiko bat egiten dute. Hori dela eta, ekitaldiak oihartzun informatiboa du, diskurtsoetan urtearen araberako mezuak eta aldarrikapenak helarazten direlako. «Diskurtsoak aldatuz joan dira garaian garaiko egoera politikoen arabera», adierazi du Gezalak. Garai bakoitzaren kezkak eta helburuak islatzen dituzte.
Eusko Jaurlaritzaren lehen pausoak, ETAren ibilbidea eta amaiera prozesua, krisi ekonomikoaren eraginak... Askotariko gaiak landu dituzte Alderdi Egunean. Bada, baina, garaian garaiko testuingurura egokituta bada ere, denak lotzen dituen hari bat: autogobernua. Esaterako, 1980an, Carlos Garaikoetxea frankismoaren osteko Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakari izendatu berritan, autogobernua eraikitzeaz eta martxan jartzeaz aritu zen bere hitzaldian. Erabakitzeko eskubidea Juan Jose Ibarretxeren diskurtsoen ardatzetako bat izan zen, eta Gernikako Estatutua behin betiko osatzeko betebeharra nabarmendu zuen iaz Imanol Pradalesek.
Lehenengo aldia oso garrantzitsua izan zen orduko egoera politikoa zela eta, baina oraindik ere egun berezia da EAJko kideentzat. «Nik uste dut lehengoen garrantzi bera duela orain, eta jendea ilusio handiz doa gaur egun ere», kontatu du Bergaretxek. Jada hasierako ekitaldi haien tamainarik ez badute ere, Forondako landetan biltzen dira urtero adin guztietako alderdiko kideak, berriz batzeko eta beren ideiak aldarrikatzeko asmoz. «Askotariko jendea biltzen da: gazteak, zaharrak eta haurrak. Asko familiarekin joaten gara». Bergaretxeren arabera, urteek aurrera egingo dute, baina hala izango da aurrerantzean ere: «Nire ustez, egunak iraungo du, luzaroan iraun ere».