Boubacar Diouf: «Kale saltzaileok beti izan behar dugu beldur, baina egoera eta garai batzuetan, are gehiago»

Manteroekin Bat plataformak elkarretaratze bat egin du Bilbon, poliziek azkenaldian kaleko saltzaileei egindako eraso «arrazistak» salatzeko. Boubacar Diouf kale saltzaileak nabarmendu du udalak arazoa konpontzeko «ardura» duela.

Manteroekin Bat elkarteak antolatutako elkarretaratzea, gaur arratsaldean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Manteroekin Bat elkarteak antolatutako elkarretaratzea, gaur arratsaldean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
2025eko abuztuaren 4a
19:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bideoak ere zabaldu dira, eta harrabotsa izan da. Astebetean, Bilboko udaltzainek hiru aldiz egin dute kaleko saltzaileen aurka: uztailaren 26an, Kale Nagusian; beste behin, aurreko asteazkenean, Zazpikaleetan, eta azkenik, ostiralean, Arriaga antzokiaren parean. Azken biak dira bideoan grabatuta daudenak, eta Adaxka kultur elkarteak jarri zituen sare sozialetan, egoera salatzeko. Manteroekin Bat plataformak elkarretaratzea egin du gaur 18:00etan, Bilbon, Zamudioko Atarian. Aski da manteroen aurkako eraso polizial arrazistekin leloa erabili dute, eta saltzaileen atxiloketa «bortitzak» eta Poliziaren jarrera «arrazista» salatu dituzte.

«Bizi ahal izateko lanean ari diren pertsonen aurkako erasoak dira. Ezin dugu beste era batera lan egin; [Espainiako] Atzerritarren Legeak ukatu egiten digu aukera hori». Boubacar Diouf kale saltzaile eta Mbolo Moye Doole elkarteko kidearen hitzak dira. Elkarte hori Senegalgo migratzaileen plataforma bat da, eta kaleko saltzaileen kontrako jazarpenaren aurka egiten dute. Eta haren izenean hartu du parte Dioufek elkarretaratzean. Zuzenean bizi duena salatzeko.

Euskal Herri osoan daude kaleko saltzaileak, baina, Dioufek kontatu duenez, Bilboko egoera «berezia» da. «Kaleko saltzaile asko biltzen dira hemen, eta Poliziaren jarrerak ere geroz eta bortitzagoak dira». Asteazkeneko atxiloketa izan zen horren adibide argia. Gazte bat atxilotu zuen Poliziak ordukoan. Udaltzaingoak Someratik pasatzea debekatu zion lehenik, baina, ez zenez lanean ari, gaztea bertatik igaro zen etxera itzultzeko. Udaltzainek etxeranzko buelta horretan harrapatu zuten, eta hurrengo goizera arte izan zuten polizia etxean. Goizean askatu zuten. 

Aste Nagusia faktore esanguratsua dela azaldu izan du maiz Mbolo Moye Doole elkarteak, eta berretsi du Dioufek: «Jaien aurretik, izugarri ugaritzen dira polizien jazarpenak, eta iaz ere gauza bera salatu genuen. Urtebete pasatu da, eta egoerak berdin jarraitzen du». 

Salaketa, izan ere, ez da berria. Iazko jaietan, Manteroekin Bat plataformako kideek jakinarazi zuten kaleko saltzaileak «etengabeko tentsioa eta jazarpena» pairatzen ari zirela egunero. Hori gutxi ez eta, azken igandean, Udaltzaingoak Arriaga plazatik kanporatu zituen. Ordubete inguruko operazioa izan zen. Konpartsakideek Poliziaren jarrera txarretsi eta tentsio handiko tarte baten ondoren, Poliziak jai eremua utz zezan lortu zuten. Horren ostean, plataforma ugarik deituta, gertatutakoa salatzeko elkarretaratzea egin zuten, Arriaga plazan. Bertan, gaurko elkarretaratzean errepikatu den bezala, Bilboko Udalaren «erantzukizuna» azpimarratu zuten, eta eskaerak ere egin zizkioten udalari. Hauek ziren proposamenetako batzuk: erantzukizun politikoa hartzea, abusuak kontrolatzea, Poliziaren indarkeria geldiaraztea, gehiegikeriak zigortzea eta saltzaileen dokumentuak ez konfiskatzea.

«Jaien aurretik, izugarri ugaritzen dira polizien jazarpenak, eta, iaz ere gauza bera salatu genuen arren, egoerak berdin jarraitzen du»

BOUBACAR DIOUF Mbolo Moye Doole elkarteko kidea

Baina, salatu dutenez, Bilboko udalak ez du eskatu ziotenik bete, eta, gainera, azken asteetako kasuetan, Poliziaren alde jarri da. Erne sindikatuak salatu du aurreko ostiraleko atxiloketan udaltzain bati atzamarra hautsi ziotela, eta, horregatik, udalak udaltzainen lanarekiko «errespetu falta» gaitzetsi du.

Era berean, kale saltzaileek ere eskatzen dute errespetua. «Haiek dira boterean daudenak, eta, gure bizitza arriskuan jartzen badute, defendatu egin beharko dugu. Kalea besterik ez dugu bizirauteko», nabarmendu du Dioufek. Hala ere, argi du ardura osoa ez dela udaltzainena: «Udaltzainek udalak agindutakoa betetzen dute; haiek bidaltzen dituzte, eta haiek bortizki erantzuten dute. Dena da udala, eta, beraz, erantzukizuna harena da; baita errua ere».

Aurtengo Aste Nagusia

Dioufek dioenez, egoera «okertu» egin dela ikusita, kale saltzaileak «beldur» dira aurtengo jaietan zer gertatuko ote den. «Gure lanean beti izan behar dugu beldur, baina egoera eta garai batzuetan, are gehiago». Urtero, kaleko saltzaile asko hurbiltzen dira Bilboko jaietara Euskal Herriko eta kanpoko txokoetatik, eta Poliziaren indarra ere handitu egiten da. Horregatik, eta azken asteetako egoerarekin, Poliziaren erantzuna «irmoa» izango dela aurreikusten dutela esan du Dioufek.

Beren egoera «ulertzeko» eskatu du, eta salaketa egin beharra dagoela ere azpimarratu du. «Horretarako, entzun egin behar gaituzte; entzun eta ikusi. Eta gu gauden tokietara hurbildu eta elkarretaratzeetan parte hartuz egiten da hori». Adaxka kultur elkarteak egindako zabalpen lana ere eskertu du, eta azaldu du bortizkeria grabatzea eta zabaltzea ere baliabide «indartsua» dela. «Guztiak laguntzen du. Bideo bat Interneten jartzeak, eta baita partekatzeak ere. Gure egoera ikusarazteko bideak dira horiek ere, eta, horrelako egoeretan, dena behar izaten dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.