Koronabirusaren zabalkundea dela-eta oraindik ez dago mahai gainean Eusko Legebiltzarrerako apirilaren 5eko hauteskundeak bertan behera uzteko aukera, baina eragile politiko, instituzional eta juridikoak gero eta gehiago ari dira hitz egiten horretaz. Lege hutsunea dago bozak bertan behera uzteari buruz, LOREG Espainiako Hauteskunde Erregimenaren Lege Organikoak ez baitu ezer jasoa aferaz, atzo eragile batzuek nabarmendu zuten moduan. Ildo berean mintzatu da gaur Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako eleduna, RNE irrati katean egin dioten elkarrizketan, eta adierazi du «ezein erabakik kontsentsu politiko eta instituzional handia» beharko duela. Zehaztu nahi izan du Jaurlaritzak orain buruan ez dauzkala hauteskundeak, osasun krisia delako «kezkatzen» duena.
Erkorekak azaldu du hauteskunde legediak ez duela esaten noren ardura den deituta dauden bozak suspenditzea eta atzeratzea. «Ez dago erantzun juridiko garbi, irmo eta eztabaidaezin bat».
Ohiko prozedura beteta, behintzat, orain ez dago astirik LOREG erreformatzeko. Aukera bat litzateke Espainiako Gobernuak, konstituzioko 116.2 artikuluaren bidez, osasun arloko krisiagatik dekretu batekin «alarma egoera» aldarrikatzea Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako, eta hauteskundeak suspenditzea. Erkorekak esan du bi aukera horiek ez dituela «argi» ikusten.
Aukeraz galdetuta, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak ez du eman pistarik: «Hartu beharreko erabaki guztiak hartuko ditugu beharrezkoa denean eta beharrezkoa den tokian». Erkidegoekiko elkarlana goretsi du, eta nabarmendu «erantzun eredua egokia» izaten ari dela.
EH Bilduren kanpaina, bertan behera
Arratsaldean eginiko agerraldi batean, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak eta Maddalen Iriarte lehendakarigaiak iragarri dute EH Bilduk bertan behera utziko duela hauteskunde kanpaina, eta «hauteskunde-ekoizpen oro» geldiarazi duela «bere osotasunean, formatu eta era guztietan». EH Bildu Euskal Autonomia Erkidegoko alderdi nagusietako buruzagiekin harremanetan jarriko da «borondateak batzeko» eta apirilaren 5erako aurreikusita dauden hauteskundeak «bertan behera uzteko beharrezkoa den adostasun politikoa ehuntzeko». Arnaldo Otegiren eta Maddalen Iriarteren esanetan, «inor ezin da egon lehian pentsatzen, elkarlanean aritzeko garaiak direnean».
Goizean, hauteskundeak apirilean ez egitearen alde azaldu da Otegi, Euskadi Irratiko elkarrizketa batean: «Hauteskundeak bertan behera utzi behar dira, bi arrazoirengatik: ezin da bermatu kanpainan eta hauteskunde egunean herritarren osasuna berma daitekeela. Burutik kendu behar dira hauteskundeak. Guk burutik kendu ditugu jada. Prest gaude [Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko] lehendakariak buru diren mahai batean parte hartu eta neurri zorrotzak adosteko. Energia guztiak osasun arazora bideratu behar dira». Bere egoitzak itxiak ditu EH Bilduk, atzotik.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren 1.788.719 herritar daude apirilaren 5eko hauteskundeetarako erroldan —kanpoan bizi diren 75.169 lagunek ere izango dute boto eskubidea—, eta 2.677 mahai elektoral egongo dira hiru herrialdeetan —8.000 herritar titular eta 16.000 ordezko—. Etzi zortzi hasiko da kanpaina.
Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan igande honetan izango da herriko bozetako aurreneko itzulia —233.868 laguneko errolda dago—. COVID-19 dela-eta ez da ezbaian jarri hauteskundeak ez egitea. Izan ere, hiru herrialdeotan gaitzaren kasu bakarra dago gaur-gaurkoz.