Herriko bozak Ipar Euskal Herrian

Bozak, kosta ahala kosta

COVID-19 epidemia kontrolatzeko neurri zenbait hartu badituzte ere, herriko bozak ez dituzte atzeratu. Higiene eta segurtasun neurri batzuk errespetatzeko eskatu dute

Boto kabina batzuk, gortinekin. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
COVID-19 birusaren hedapena mugatzeko, Frantziako Gobernuak Frantziako eta Ipar Euskal Herriko ikastetxe guztien itxiera agindu zuen herenegun —astelehenetik aitzina—. Bihar, ordea, herriko bozak iraganen dira; Emmanuel Macron Frantziako lehendakariaren arabera, «ez dago arrazoirik bozkatzera ez joateko, ezta ahulenentzat ere». Hala, milaka herritar bozkatzera joanen dira bihar, eta martxoaren 22an iraganen den bozen bigarren itzulirako ere «normaltasunez segitzeko» asmoa adierazi zuen Macronek. Alta, gaurtik aitzina, Frantziako Gobernuak ehun pertsona baino gehiagoko ekitaldiak bertan behera uzteko dekretua ezarri du.

Paueko Prefeturak jakinarazi duenez, herriko etxeek bozka bulegoetan segurtasun eta higiene neurri zenbait bete beharko dituzte kutsatze kasuak murrizteko.

Bozklekuen garbiketa egun hasieran eta bukaeran egin beharko dute. Gela barneko materiala, berriz —mahaiak, boto kabinak, hautetsontziak—, «erregularki» garbitu beharko dituzte asesoreek. Bozka makinak oren erdi oro desinfektatu beharko dituzte. Bozkatzaileek boto kabinetako gortinak ez hunkitzeko, pareten kontra ezarriko dituzte, legeak gortinak kentzea ez baitu ahalbidetzen. Hauteslekuko pertsonek desinfektatzeko produktuak izanen dituzte eskura. Azkenik, pertsonen artean metro bateko distantzia errespetatzeko eskatu dute, eta esan dute igurikatze lerroak mugatzeko markak ezarriko dituztela lurrean. Bozkatzera joanen direnei ere aholku zerrenda bat eman diete. Etxean jaso duten bozka-orria ekartzea da gomendioetako bat,eta bakoitzak bere bolaluma eramatea ere aholkatu dute —tinta urdin edo beltzekoa—. Bestalde, nortasun agiria bulegoko pertsonari eman ordez, erakustea nahikoa izanen da, eskuz eskuko kontaktuak ekiditeko. Babesteko maskara daramatenek kendu egin beharko dute bozkatzen duten bitartean, identifikagarriak izan daitezen.

Neurri horiek aplikatzeaz gain, Ipar Euskal Herriko herriko etxe batzuek zerbitzu bereziak plantan ezarriko dituzte COVID-19 birusak eragindako egoera bereziagatik. Atzo, Claude Olive Angeluko auzapezak iragarri zuen krisiari aurre egiteko «beharrez- koak» diren langileen haurrak atxikitzeko zerbitzua eskainiko zuela eta 180 haurtzainek osaturiko sare bat martxan jartzeko aukera izango zuela, astelehenetik goiti.

Baionako auzapez Jean Rene Etxegaraik atzo goizean kanpaina etetea erabaki zuen, «zerbitzu publikoa krisiaren kudeaketari dedikatzeko». Angelun bezala, osasungintzako langileen haurren zaintza ezarri du lehentasun bezala, eta, beharrak zein diren aztertzeko Baionako eskola eta haurtzaindegi publikoetan harrera gune bat ezarriko du astelehen goizetik aitzina. Bestalde, adineko jendearen joan-jinak murrizteko, apairuak ekartzeko zerbitzuak indartuko dituela adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.