Hego Euskal Herriko toki publikoetan burka eta nikaba erabiltzea debekatuko lukeen lege proposamen bat tramiterako onartu edo ez bozkatzekoak dira gaur arratsaldean Espainiako Kongresuan. Voxek ondu eta aurkeztu du neurria, eta, ultraeskuina gero eta babes handiagoa biltzen ari den honetan, horren alde egitekoa da PP Alderdi Popularra ere. Lege proposamenak JxC Junts per Catalunyaren sostengua behar luke aurrera egiteko, baina gaur goizean iragarri du ez duela alde bozkatuko; hori bai, burkaren eta nikabaren erabilera mugatzeko «proposamen propio bat» aurkeztekoa da asteon.
Zenbait emakume musulmanek darabiltzaten jantziak dira burka eta nikaba: lehenak erabat estaltzen ditu gorpua eta aurpegia; bigarrenak, berriz, zirrikitu bat du begien parean. Espainiako alderdi ultraeskuindarraren arabera, lege proposamenaren helburua da «emakumeen duintasuna babestea» eta «herritarren segurtasuna bermatzea», argudiatuta jantzi horren azpian nor dagoen ezin identifikatzea «arriskutsua» izan litekeela. Horiek ez dira, ordea, Voxen kezka bakarrak. Neurria aurkezteko landutako dokumentuan zehaztu duenez, «ohitura islamistak inposatu» nahi dituzten horien kontra «ekiteko» tresna bat litzateke.
Debeku orok dakar ekintza hori gaitzesteko zigorra, eta Voxek proposatu du berea: urtebete eta sei hilabete eta hiru urte arteko espetxe zigorra nikabaren eta burkaren erabilera «indarrez edo koakzioaren bidez» ezartzeagatik; eta bi urte eta sei hilabete eta lau urte artekoa jantzi horiek eramatera «behartua» izan den emakumea adingabea bada edo gaixotasunen bat badu. Halaber, neurria onartuz gero, Herritarren Segurtasunerako Legean zenbait aldaketa bultzatu nahi lituzke alderdi ultraeskuindarrak; hots, 600 euroko isuna ezartzeko toki publikoetan nikaba edo burka eramaten dutenei.
Ezusterik ezean, lege proposamenak ez du aurrera egingo; hein handi batean, JxC ez delako horren alde egitekoa. Dena den, Kataluniako alderdi subiranista, berez, ados dago Voxen proposamenarekin. Hala adierazi du gaur goizean alderdiak berak, ohar baten bidez: «Juntsek defendatu izan du proposamen hori Kataluniako Parlamentuan, baina beti defendatu izan du, halaber, erreforma hori Kataluniako Parlamentuak eztabaidatu beharko lukeela, migrazioaren eskumena Kataluniaren esku utzita». Gogorarazi du, hain zuzen, PPk, Voxek eta Podemosek bozkatu zutela eskumen hori Kataluniaren esku egotearen aurka.
Aurrekariak
Ipar Euskal Herrian duela hamabost urte sartu zen indarrean burka eta nikaba janzteko debekua, 2011n; ordutik, toki pribatuetan edo meskita duten kaleetan jantzi ahal dituzte. Horrez gain, debekuari jaramon egiten ez dioten emakumeek 150 euroko isuna ordaindu behar dute, eta ikastaro batzuetan parte hartu; emakumea burua estaltzera behartzen duen gizonak, berriz, espetxe zigorra eta isun handiagoak jaso ditzake.
Europako beste herrialde batzuetan ere abian dago nikabaren eta burkaren debekua: besteak beste, Belgikan, Austrian, Alemanian, Danimarkan eta Portugalen.
Espainian eta Hego Euskal Herrian bizi diren emakume musulmanen burka eta nikabaren erabilera «aztertzeko» batzorde bat eratzea proposatu du gaur EAJk. Jeltzaleek Espainiako Kongresuan aurkeztu dute egitasmoa, hain justu, Voxek aurkeztutako lege proposamen bat bozkatzekoak direnean, zeinak helburu duen jantzi horiek toki publikoetan eramatea debekatzea. Ohar baten bidez jakinarazi duenez, EAJk uste du beharrezkoa dela gai horren inguruan «eztabaida serio bat» izatea, baina «oinarri eta justifikazio xenofoborik» gabe. «Ezin da debekurik onartu jantzi horiek erabiltzen dituzten emakumeen, haiekin harremana duten elkarteen eta gaiaren inguruko adituen iritzia aintzat hartu gabe», gehitu dute.EAJ-k proposatu du burkaren eta nikabaren erabilera aztertzeko batzorde bat sortzea