Iritsi da eguna. Miarritzeko Irati aretoko ateak 12:00etan irekitzekoak dituzte Canon Français enpresak antolatutako banketeko parte hartzaileei. Baldin eta haraino iristen badira: sare eta dinamika antifaxistek ekitaldia oztopatzeko manifestazioa eta blokeoak eginen dituzte. Jada hamarnaka pertsona identifikatu eta miatu ditu Frantziako Poliziak: nehor ez dute hitzordu puntuetarik hurbiltzen uzten; saldoan harrapatzen dituzte denak, eta argazkia ateratzen ari zaizkie gehienei. Gazte bat atxiki ere egin du Poliziak, identifikatua izatea errefusatu duelakoan. Gertatu daitezkeenaren beldur, areto inguruetako saltegi eta zerbitzu nagusiak hetsiak dira gaur.
Ikusi gehiago
09:00etan emana zuten hitzordua sare autonomo antifaxistakoek, Miarritzeko Marion lakuan, manifestazioa handik abiatu eta Irati aretora heltzeko asmoz.
Herri Harresia dinamikakoek, berriz, 11:00etan elkarretaratzera deitu dute, hiru blokeo puntutan: barnealdetik datozenentzat, Eden Villages Bela Basque kanpinean; BAM ingurutik datozenentzat, Mousse-Irati biribilgunean; Lapurdi hegoaldetik eta Hego Euskal Herritik datozenentzat, Leclerc supermerkatuaren ondoko biribilgunean. Helburua Irati aretora eramaten duten bide guziak blokeatzea da, parte hartzaileak iritsi ez daitezen eta oturuntza erraldoia gerta ez dadin.
Parean, Polizia operazio zabala ukanen dute militanteek, Simon Fetet Pirinio Atlantikoetako Departamenduko prefetak atzo goizean Ici Pays Basque irratian adierazi zuenez.
«Bankete faxista»
Canon Françaisena ez baita «Frantziako kultura eta ohiturak» ospatzeko bazkari soila, baizik «bankete faxista» bat, batzuek deitzen diotenez. Hain zuzen ere, Pierre-Edouard Sterin eskuin muturreko miliarduna da enpresaren hiru finantzatzaile nagusietariko bat, akzioen %30 baititu. Beste bi akziodun nagusiak enpresaren sortzaileak dira, Pierre-Alexandre de Boisse eta Geraud du Fayet de la Tour.
Kolektibo antifaxistek behin eta berriz oroitarazi dutenez, ez da kasualitatea Sterinek enpresa hori diruztatzea: apirilean egitekoak diren Frantziako lehendakaritzarako hauteskundeetan RN Batasun Nazionalak irabaztea du xede, eta horretarako plan bat osatua du, Perikles izenekoa. Hari esker, eskuin muturreko ideiak zabaltzeko finantzaketa eta komunikazio operazioak plantatzen ditu. Hori dela eta, militanteek argi dute Canon Français enpresaren oturuntzak ideia horien hedatzeko tokia besterik ez direla, kontuan harturik 2.000 pertsona biltzekoak direla Miarritzeko bazkarira.
Ikusi gehiago