Carlos Couso, Ahal Dugu-ko ildo kritikokoa, parlamentuko eledun berria

Builek eta Saezek agur esan dute bozeramaile gisa, eta salatu dute Ahal Dugu-k hitza galdu duela parlamentuan. Couso hautatu berriak nabarmendu duenez, taldean «inor ez dago sobran», eta Nafarroan aldaketa «babesturik» dago

Buil eta Saez Nafarroako Ahal Dugu-ko orain arteko bozeramaileak, Laura Perez begira dutela, atzo. VILLAR LOPEZ / EFE.
Iker Tubia.
Iruñea
2018ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
«Lasaitasun mezua helarazi nahi dugu». Urak nahasirik dabiltza Nafarroako Ahal Dugu-ren barruan, eta lasaitasun irudia eman nahi izan du Carlos Couso Ahal Dugu-ko parlamentariak: «Aldaketa babesturik dago». Giroa ez da baretu, dena den. Atzoz geroztik, Couso da talde parlamentarioaren bozeramailea, Mikel Builen tokia hartuta, eta Fanny Carrillo bozeramailearen ondokoa, Tere Saezen ordez. Txosten juridikoak aldaketari bidea eman ondotik, parlamentuko mahaiak atzo egin zuen bozeramaile aldaketa. Hala, Laura Perezen aldekoek kontrolatuko dute parlamentuko taldea, eta ez alderdiaren ildo ofizialistak.

Mahaiaren bilkuraren ondotik talde parlamentari guztiek hartu dute hitza; Builek azkenengoz. Saezekin batera sartu da aretoan, eta ez dute galderarik onartu. «Agur esan nahi dugu bozeramaile gisa. Herritar Kontseiluak aukeratutako bozeramaileak hitzik gabe utzi dituzte; beraz, Ahal Dugu-k ez du hitzik ganbera honetan», esan du. Haren aburuz, ardura hartu dutenek ez dute alderdia ordezkatzen.

Alderdi guztiek hitza hartu ondoren, Ahal Dugu-ko parlamentari kritikoak sartu dira prentsa aretora. Cousok hartu du hitza, Laura Perez eta Ruben Belasko alboetan zituela. Lasaitasun mezua eman nahi izan du: «Ez gaude akzio-erreakzio dinamika batean. Talde parlamentarioan inor ere ez dago sobran». Hala, ildo ofizialari jarraitu dioten parlamentariei «eskua luzatu» die elkarlanean aritzeko. Are, Buil bera Eledunen Batzarreko bozeramaile izan zitekeela ere bota du. «Ez da agurretarako tenorea inorentzat; izatekotan, berriz elkartzeko eta adiskidetzeko tenorea da».

Aldaketaren helburua

Cousok esan duenez, bozeramaile aldaketaren helburua hau izan da: alderdiko tirabirek talde parlamentarioan eraginik ez izatea. «Horrela jokaturik, ziurtatu dugu ez dutela inor botako, alderdiaren programa politikoa beteko dela, eta akordio programatikoaren inguruko konpromisoak beteko direla». Izan ere, bozeramailearen sinadura aski da kide bat talde parlamentariotik botatzeko. Gogoratu beharra dago Laura Perez parlamentariaren militantzia «behin-behinean eten» duela alderdiak, kode etikoa «larriki urratu» duelakoan. Atzo aurkeztu zituen alegazioak. «Ez naute botako», esan du Perezek, ziur.

Builen hitzei erantzunez, Cousok defendatu du 2015eko programaren, akordio programatikoaren eta Ahal Dugu-ren ordezkari direla. Bestalde, onartu du alderdiaren barruan «garai zail batean» daudela, eta komunikazioa falta dela Eduardo Santos idazkari nagusiarekin. Hala ere, bi aldeen artean elkarrizketak badirela esan du. Kexu agertu da Herritar Kontseilura ez zituztelako gonbidatu. Kritikoek batzarrera deitu dute larunbaterako, oinarriei gertatutakoaren berri emateko.

Ahal Dugu-ren barne arazoak hizpide izan dituzte gainerako alderdiek ere. Geroa Baik, EH Bilduk eta Ezkerrak errespetua adierazi diote bozeramailea aldatzeko erabakiari, eta gatazken gainetik aldaketa defendatzeko deia egin diote Ahal Dugu-ri. «Gure kezka, nahi eta desio bakarra da akordio programatikoa defendatzen jarraitzea», esan du Koldo Martinez Geroa Bairen bozeramaileak. Aldiz, UPNk eta PPk esan dute Nafarroako Gobernuak ez duela orekarik, eta PSNk Ahal Dugu-ren boto emaileak izan ditu gogoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.