Garaikoetxea agurtu dute ordezkari politikoek eta herritarrek Ajuriaenean

10:00etatik 14:00etara ireki dute Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia agurtzeko hil kapera, eta handik Iruñera eraman dute. Imanol Pradalesek egin die lehenik harrera familiari eta hilkutxari, eta gobernukideak sartu dira gero aretora.

Carlos Garaikoetxearen hilkutxa Ajuriaenera sartzen. RAUL BOGAJO / FOKU
Carlos Garaikoetxearen hilkutxa Ajuriaenera sartzen. RAUL BOGAJO / FOKU
Aitor Biain - Iratxe Muxika Karrion
2026ko maiatzaren 6a
10:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hileta elizkizunaren aitzinetik, azken agurra. Lorez apainduta dago Ajuriaenea, eta zabaldu berri ditu ateak Carlos Garaikoetxearen hil kaperarako. 09:30. Sagrario Mina emaztea eta hiru semeak iritsi dira atarira, eta Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak egin die lehenik harrera. Haien gibeletik ailegatu da hilkutxa, eta sei ertzainen artean sartu dute jauregi barrenera, ikurrin bat zintzilik zuela. Ertzaintzako txistulariek EAEko ereserkia jo dute, eta Pradales eta Garaikoetxearen familia baino ez dira sartu barrenera hasieran.

Segidan hasi dira sailburuak eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kideak sartzen, eta banan-banan agurtu dituzte senideak. Haien ondotik, bertzeak bertze, Jon Insausti Donostiako alkatea joan da aretora, eta ateak ireki dituzte gainerako herritarrentzat ere.

Ordezkaritza politiko eta instituzional handia izan da gaur Ajuriaenean, eta ateak ireki berritan hasi dira horietako batzuk ailegatzen. Lehen orduan joan dira, erraterako, Eba Blanco Eusko Alkartasunako idazkari nagusia eta Maiorga Ramirez eta Pello Urizar EAko kideak, baita Andoni Ortuzar jeltzalea ere. Blancok, gainera, Garaikoetxearen legatua goresteko parada baliatu du, eta erran du herria «suntsituta» zegoen garaian «ilusioa» piztu zuela.

EH Bilduko ordezkaritza izan da gero, hala nola Arnaldo Otegi, Pello Otxandiano, Joseba Asiron, Nagore Alkorta eta Jon Iraola. Otegik adierazpen gutxi batzuk egin ditu aretotik atera denean, Garaikoetxearen soslaia nabarmentzeko. Bertzeak bertze, nafarra izanik Eusko Jaurlaritzako lehendakari izana azpimarratu du, eta «indarrak batzearen alde» apostua egin izana zein EH Bilduren proiektu politikoa babestu izana eskertu dio. «Trantsizioan Hego Euskal Herria bi komunitatetan zatitu zuten, eta uste dut ondo egin zuela EAJk garai hartan hiru probintzietako lehendakari nafar bat jarrita, euskaltzalea eta abertzalea».

Eta haiekin bateratsu, lehendakari izandako bertze hiru agertu dira jauregira, Juan Jose Ibarretxe, Iñigo Urkullu eta Patxi Lopez, eta hiruek egin dute solas. Halaxe eman dio agurra Ibarretxek: «Niretzat erreferentea, inspirazioa, laguna izan da. Eta euskal gizartearentzat herria berreskuratzeko pasioa, bisioa eta ilusioa». Urkulluk ere ohoratu du Garaikoetxearen figura, eta «lehendakari handia» izan zela azaldu. «Euskal senaren adierazle nagusietakoa izan zen». Lopezek, bertzalde, EAEren zimenduak ekarri ditu gogora: «Hark jarri zituen, eta hari zor diogu gaur egun dugun horren parte handi bat». Garaikoetxearen printzipio demokratikoak azpimarratu ditu, eta politika egiteko haren modua goretsi: «Eredu handi bat izan zen; haren falta nabarituko dugu». Horrenbertzez, bizirik diren lau lehendakari ohiak izan dira hil kaperan.

Gobernukidearen bisita

Goizak aitzinera egin ahala, Garaikoetxearen gobernukide bat agertu da herritarren artean: Pedro Miguel Etxenike, garai hartan sailburu izan zirenetatik bizirik dauden hiruretako bat. «Laguna» zuen lehendakari ohia, eta hunkituta agurtu dute elkar Mina emazteak eta biek. Euskal Herria nazioa zela onartzen ez zuen Konstituzioaren aitzinean «autogobernuaren zutarriak» ezarri zituela gogorarazi du. Eneko Goia Donostiako alkate ohia eta Arantxa Tapia Jaurlaritzako sailburu ohia izan dira hurrenak lehendakari ohia agurtzen, eta Mikel Manzisidor Euskal Autonomia Erkidegoko arartekoa gero. Batzuekin gehiago eta bertzeekin gutxiago, baina denekin izan du gutxieneko hartu-emana familiak.

11:30. Bigarren jende oldea. Uxue Barkos Nafarroako presidente ohia lehenik, eta sozialisten ordezkaritza jarraian. Barkosen irudiko, «politikari garrantzitsua» izan zen Garaikoetxea, ez soilik eraikuntza instituzionalean egindako lanagatik, baizik eta baita martxan jarritako «ongizate estatuaren ereduagatik». «Gutxitan oroitzen da hori», erran du. Sozialisten errenkada, bertzeak bertze, Eneko Anduezak, Mikel Torresek, Denis Itxasok eta Maider Etxebarriak osatu dute. Eta, gibeletik, etenik gabe, beste sailburu eta herritar batzuk eskailerak igotzen.

Euskadi aretoaren kanpoko aldean liburuxka bat utzi dute irekia, nahi duenak doluminak edo azken agur hitzak idazteko. Bide batez, goiz erdialdean deskantsu txiki bat egin dute senideek, eta jende andana pilatu da eraikinaren kanpoaldean. Ez du, ordea, luze iraun, eta berehala hasi da familia berriz ere bisitariak hartzen. Irudi hunkigarria utzi du, kasurako, Inaxio Oliverik, Eusko Jaurlaritzan Garaikoetxearen lankide izandakoak, eta hark ere hunkituta egin du sartu-irtena.

12:30. Ezusteko txiki bat izan da areto nagusian, eta ondoko gela batera atera dute Mina alarguna. Lehendik egindakoaren antzeko deskantsu bat izanen zela uste zuten, baina geroxeago jakinarazi dute ondoezik zela Mina, erdi zorabiatuta, eta espero baino luzaroago eten behar izan dutela ekitaldia.

Bere onera etorri bezain laster jarraitu dute bisitariei harrera egiten, eta EAJren Euzkadi Buru Batzarreko kideak nabarmendu dira herritarren artean. Horien artean izan dira Aitor Esteban, Joseba Diaz Antxustegi, Markel Olano eta Unai Hualde, eta zuzenean joan dira senideak agurtzera.

Azken orduan ere ilara luzea izan da, eta han agertu dira bertze aurpegi ezagun batzuk, Andres Urrutia euskaltzainburua tartean.

Ajuriaeneko bigarrena

10:00etan hasita, lau orduko tartea izan dute Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiari azken agur instituzionala emateko, eta, 14:00etan, ateak itxi ondotik, Iruñerako bidea hartu du hilkutxak. Hileta elizkizuna 19:30ean hasiko da, San Frantzisko Xabierkoaren elizan.

Ajuriaenean hil kapera bat jartzen den bigarren aldia izan da gaurkoa. Estreinako aldia ere Eusko Jaurlaritzako lehendakari baten agurra izan zen, Jose Antonio Ardanzarena, 2024ko apirilean. Ardanzaren seme-alabak goizean goiz izan dira gaurko hil kaperan. Garaikoetxearen bigarren hil kapera ere izan da: atzo egin zuten lehena, Iruñeko San Alberto beilatokian, lehendakariaren jaioterrian.

Astelehenean hil zen Carlos Garaikoetxea, bihotzekoak jota, eta Eusko Jaurlaritzak hiru eguneko dolua ezarri zuen herenegun bertan. Biharamunean adierazpen instituzionala egin zuen Pradalesek, eta erran zuen Euskal Herriak «euskal nortasuna eta ongizatea berpiztu zituzten eragile nagusietako bat» galdu duela. Frankismo ondorengo lehen lehendakaria izan zen Garaikoetxea, eta egungo lehendakariak azpimarratu zuen «autogobernuaren arkitekto nagusia» izan zela, hari egokitu baitzitzaion Gernikako Estatutua negoziatzea eta martxan jartzea, kasurako. «Ahalegin horri zor diogu gaurko Euskadi modernoa, guztion harrotasuna pizten duena».

Ajuriaenea Garaikoetxearen lantoki eta etxe izan zen; are, aurreneko lehendakaria izan zen jauregian bizitzen. Etxe izandako hormen artean agurtu dute gaur ehunka lagunek, eta jaioterrira abiatuko da sarri, azken adioa jaioterrian jasotzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA