Carlos Garaikoetxea hil da

87 urte zituela hil da Carlos Garaikoetxea, bihotzekoak jota. Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakaria izan zen gerraz geroztik, eta, EAJrekin zituen desadostasunek bultzatuta, dimisioa eman eta Eusko Alkartasuna sortu zuen.

Carlos Garaikoetxea. BERRIA
Carlos Garaikoetxea. BERRIA
jon olano
2026ko maiatzaren 4a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Carlos Garaikoetxea Urriza Eusko Jaurlaritzako lehendakari izan zen 1980tik 1985era bitartean, eta gaur hil da, 87 urte zituela, bihotzekoak jota, Eusko Alkartasuna alderdiak albiste agentziei jakinarazi dienez.

Iruñean jaio zen, Arrotxapean, 1938ko ekainaren 2an. Handik gertu piztu zitzaion kontzientzia euskaltzalea Garaikoetxeari, Soraurenen, Lider bat lehendakari liburu biografikoan Garaikoetxeak berak Elixabete Garmendia Lasa kazetariari azaldu zionez: «Ikusten nuen abereei euskaraz hitz egiten zitzaiela [...]. Eta, nire haur ikuspegitik, pentsatzen nuen nire baitan: horixe, nola abereak ez diren eskolara joaten, ez diete ostu hizkuntza». Iruñetik Orendaingo seminariora, eta Deustura gero; Ekonomia Zientziak eta Zuzenbidea ikasi zituen Bilbon.

Ikusi gehiago

Garaikoetxea enpresa arloan hasi zen beharrean; Sigman hasi zuen bidea, baina 1962rako Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberako presidentea zen. Hamar urte egin zituen karguan. 1974an, enpresa utzi eta abokatu hasi zen lanean, berak zabaldutako bulego batean. Ia-ia, Jaime Ignacio del Burgo eskuin espainolistako politikaria izan zuen bazkide. Del Burgorenak dira hitzak, Garmendia Lasaren liburuan jasoak: «1975ean egingo nion proposamen hori. Harentzat, ordea, ez zen momentu aproposa [...], eta ezetz esan zidan. Sasoi hartan, Iruñea ez zen oso handia, eta harreman ona geneukan gure artean. Gero, politikak banandu gintuen».

1975ean eman zuen politikarako jauzia. Urte hartan afiliatu zen EAJn, eta, bi urte geroago, Euzkadi Buru Batzarreko lehendakari izendatu zuten. 1980ra arte izan zen jeltzaleen buruzagitzan. Aldaketa politikoko urteak ziren, eta 1979an Nafarroako parlamentari aukeratu zuten. Jaurlaritzaren buruzagitzan zegoela egokitu zitzaion Euskal Autonomia Erkidegoaren arkitektura instituzionalaren zutoinak jartzea, baina, aurrez, arkitektura horren diseinuan pieza ezinbestekoa izan zen Garaikoetxea; 1979ko ekainetik Euskal Kontseilu Nagusiko buru izendatu zuten, eta, kargu horretatik, estatutuari buruzko negoziazioetan aritu zen Adolfo Suarez Espainiako Gobernuko presidentearekin.

(ID_15064435) ESPAÑA GOBIERNO VASCO
Garaikoetxea, Imanol Pradales lehendakariarekin batera, Eusko Jaurlaritzaren 45. urteurreneko ekitaldian, 2025ean. L. RICO / EFE

Estatutuaren 40. urteurrenaren harira BERRIAk eginiko elkarrizketan, Garaikoetxeak gogora ekarri zuen garai hura: «Gure herria egoera oso larrian zegoen, arlo guztietan. Orain ez dugu halakorik gogoan, baina egoera hura bideratzeko derrigorrean aukeratu behar izan genuen irteera pragmatikoa».

Lehendakari izendatu

1980ko martxoaren 9an egin zituzten Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta EAJk, Garaikoetxea buru zuela, 349.000 boto eta 25 legebiltzarkide lortu zituen (60 kide ziren orduan); lehen indarra izan zen, eta Jaurlaritzako aurreneko lehendakari izendatu zuten. 1985era arte egon zen karguan, eta urte horietan sortu ziren EITB, Osakidetza eta Ertzaintza, besteak beste. Kontzertu Ekonomikoa ere orduan berreskuratu zen. Baina garai zailak ere egokitu zitzaizkion: Ortuellako ikastetxe bateko leherketa, uholdeak, krisi ekonomikoa, Lemoizko zentral nuklearraren auzia, estatu-kolpe saioa, Oizko hegazkin istripua... «40 urteko diktadura baten ondoren gure herria altxatzen saiatzen hasi ginenean gertatu zen hori guztia. Oso garai gogorrak eta zailak izan ziren», azaldu zion Garaikoetxeak BERRIAri 2020ko apirilean.

'CARLOS GARAIKOETXEA. LIDER BAT LEHENDAKARI'
Martxelo Otamendirekin eta Elixabete Garmendiarekin, 'Lider bat lehendakari' liburuaren aurkezpenean, 2018an. IDOIA ZABALETA / FOKU

1984ko otsailean, EAJk, Garaikoetxea buru zuela, hobetu egin zituen 1980ko emaitzak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan: 451.178 boto eta 32 legebiltzarkide eskuratu zituen (legealdi horretatik aurrera 75 ziren). Lehendakariak gutxi iraun zuen, ordea; kargua hartu eta bederatzi hilabetera eman zuen dimisioa, Xabier Arzalluz EAJren EBBko orduko lehendakariarekin zituen desadostasunen ondorioz. Desenkontru horren une gorenetako batean, EBBk Napar Buru Batzarreko kide guztiak kanporatu zituen, 1984ko maiatzean, EBBk Coalicion Popularrekin eginiko akordio bat ez betetzeagatik.

Halere, Lurralde Historikoen Legeak jarri zuen alderdia ataka zailenean; jokoan zegoen nola banatu eskumenak eta eskumen horiek gauzatzeko baliabide ekonomikoak Jaurlaritzaren eta aldundien artean, eta, barne mailan, jokoan zegoen nori zegokion erabakimena: Jaurlaritzako lehendakariari ala EBBri. 1984ko abenduan, EAJk Batzar Nagusia egin zuen Arteagan (Bizkaia), tentsio betean. Bertan, Garaikoetxeak uko egin zion alderdiko zuzendaritzaren baldintzak onartzeari, eta Jaurlaritzako lehendakari kargua utzi zuen. Jose Antonio Ardanzak ordezkatu zuen, 1985eko urtarrilean. Garaikoetxeak irailean sortu zuen Eusko Alkartasuna, EAJrekiko haustura gauzatuta.

Banaketaren ondorioak

Urtebete geroago, Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan, EAk 181.175 boto eta hamahiru legebiltzarkide lortu zituen, Garaikoetxea lehendakarigai aurkeztuta. Bereizketak min eman zion EAJri: 271.208 boto eta hamazazpi ordezkari lortuta, EAJ eserleku kopuruan lehen indarra izan ez den hauteskunde bakarra da 1986koa. Jaurlaritzako lehendakaritza utzi ondoren ere jarraitu zuen instituzioetan: 1986tik 1998ra legebiltzarkide, 1987tik 1991ra Europako Parlamentuko diputatu. 1999an utzi zuen politika instituzionala, eta baita EAren presidentetza ere; Begoña Erraztik hartu zuen haren lekukoa.

2000ko hamarkadako parte handiena EAJrekin koalizioa eginez igaro zuen EAk Eusko Legebiltzarrean, eta Nafarroa Bai koalizioaren barruan lurralde horretan. Baina Garaikoetxeak sortutako alderdia EAJrengandik urrunduz joan zen hamarkada amaieran. Ezker abertzalearekin polo subiranista osatuta eta noranzko berri horren eraginez Hamaikabat alderdia aparte geratuta, 2011ko udal hauteskundeetan Bildu koalizioa osatu zuen EAk ezker abertzaleko independenteekin eta Alternatibarekin, eta, urte bereko Espainiako hauteskundeetan, baita Aralarrekin ere, Amaiur koalizioa osatuta. Bilduren aldeko kanpainan jardun zuen Garaikoetxeak.

Garaikoetxea
Joseba Asironekin, EH Bilduren hauteskunde kanpainako ekitaldi batean, Iruñean, 2019an. IDOIA ZABALETA / FOKU

Azken urteetan, ordea, zatiketa nagusitu da EAren barnean, eta zuzendaritzarekiko kritikoa den ildoaren alde nabarmendu da. Are gehiago, kritikoek «sektore garaikoetxista» ere esan ohi diote beren buruari, haren babesa dutelako edota, behinik behin, hark babesten dituen ikuspegiak defendatzen dituztelako. Garaikoetxeak bat egin izan du ildo kritiko horren ikuskerarekin: EAk rol propioa galdu duela EH Bilduren barnean, eta horri eutsi behar zaiola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA