Espainiako Gobernu ordezkaritzak atzo jakinarazi zuenez, Espainiako Poliziak Javier Pomes UPN eta PPko europarlamentari ohia atxilotu zuen. Berehala zabaldu zen ustelkeria kasu batekin zerikusia izan zezakeela. Alta, Efe albiste agentziari gezurtatu zion albistea Pomes berak, eta auzia «administrazio kontu bat» baino ez zela jakinarazi zuen. Bere alderdikide eta Gobernuko ordezkari Carmen Albaren aurka kereila jarriko duela jakinarazi zuen Pomesek, «oinarrizko eskubideak urratzeagatik».
Pomes 1987ko legealdian parlamentari izan zen, eta Juan Cruz Alliren gobernuan Ekonomia eta Ogasun kontseilari 1991tik 1993ra. Urte berean Europako Legebiltzarreko parlamentari aukeratu zuten eta 11 urtez egon zen postu horretan. 2008an PP eta UPNren arteko haustura eman zenean alderdi popularraren alde egin zuen Pomesek. Ondorioz, alderdi bereko kide dira Alba eta bera, baina nahasmenak ez dio batere graziarik egin.
Pomes egun Melbournen (Australia) bizi da. Haren esanetan, Malagan (Espainian) ibilgailu bat gidatzen ari zela hango udaltzain batek gainean zeraman gida baimena homologatua ez zegoela jakinarazi zion. Horregatik, epaitegiek bertaratzeko eskaera judiziala egin zioten, eta atzoko (ustezko) atxiloketak horrekin zerikusia zuela zehaztu zuen. Bertsio hori ezagututa Efe Espainiako Gobernu ordezkaritzarekin jarri zen harremanetan, eta erakundeko iturriak mugatu ziren esatera Pomes atxilotua izan zela.
3,5 urteko espetxe eskaera
Nahasmenak nahasmen, europarlamentari ohiak badu arazo handiagorik Nafarroako Lurralde Auzitegiarekin. Fiskalak hiru urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen du Jamar Satli Iglesias xeke arabiarrari laguntzeagatik Gizarte Segurantzarekin zuen zorra saihesten. Al Andalus Management Hotels enpresaren jabea eta Malaga futbol taldeko egungo jabearen bazkidea da Satli.
Gerardo Diaz Pascual CEOEko buruzagi ohiaren enpresak, Marsans taldeak, kiebra jo zuen 2010ean zorrei aurre ezinda. Talde hark, besteak beste, hotelak zituen bere gain eta xekeak negozioa egiteko parada ikusi zuen. 2012an Marsans-en hotelak erosi zituen 8,95 euroko prezio sinbolikoaren truke, baina bereganatutako zorra ez zuen ordaindu nahi —enpresak Gizarte Segurantzarekin zor handiak zituen—.
Horregatik, fiskaltzaren arabera, Iruñeko Gizarte Segurantzako Altxor Nagusian lan egiten zuen arduradun batzuekin jarri zen harremanetan zorra ordaintzea saihesteko; tartean, Juan Carlos Riezu eta Javier Pomes. Biek enpresa egitura konplexu bat garatu zuten xekea hotelekin gera zedin, baina zorra bere gain hartu gabe. Arduradun horien laguntza ezinbesteko izan zuen xekeak iruzurra gauzatzeko: enpresa desberdinak eskualdatu eta bertako langileak Gizarte Segurantzatik atera eta ondoren izena emateko orduan, une zehatz horiek oso garrantzitsuak ziren enpresak zorrik ez zuen ziurtagiria jasotzeko.
Javier Pomes
Carmen Albarekin haserre
Espainiako Gobernu ordezkaritzak zabaldu du europarlamentari ohia atxilotu dutela. Hark ukatu du, eta «administrazio kontu bat» baino ez dela argitu. Alta, arazo larriagoak ditu Iruñeko epaitegian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu