Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du Espainiako Gobernuak Elerebro enpresari Castejonen (Nafarroa) duen zentral termikoa handitzeko emandako baimena. Halaxe ezagutarazi du herri horretako Termiko Gehiagorik Ez plataformak, ohar baten bidez. Elkarte horrek aurkeztutako helegitea aintzat hartu dute Madrilgo epaileek, eta, zehazki, Espainiako Meategi eta Energia Politikako Zuzendaritza Nagusiak eta Merkataritza, Turismo eta Industria Idazkariordetzak Elerebrori bigarren zentrala egiteko emandako baimenak utzi dituzte indarrik gabe.
Ez da proiektu horrek kontrajasotzen duen lehendabiziko sententzia. 2007. urtean, Nafarroako Gobernuak zentrala handitzeko emandako ingurumen baimena bertan behera utzi zuen Nafarroako Justizia Auzitegiak. 2008an, berriz, auzitegi berak Nafarroako Gobernuak Elerebroren bigarren zentrala egiteko proiektua udalez gaindiko eragina zuen ekimentzat jotzeko hartutako akordioaren kontra ebatzi zuen.
Bi sententzia horietan epaileek agerian utzi zuten zentrala herrigunetik 2.000 metro baino hurbilago zela. Hala eta guztiz ere, Nafarroako Gobernuak ez zuen atzera egin. Are gehiago, 2008ko azaroan Nafarroako Gobernuko Etxebizitza eta Lurralde Antolamenduko kontseilari Jose Carlos Esparzak berak erran zuen Castejongo zentralei ez zietela baimena kenduko.
Castejonen 2002. urtean jarri zen martxan Elerebroren lehendabiziko zentral termikoa, eta handik urtebetera gauza bera egin zuen Iberdrolak. Martxan jarri zuen berea. Laster, bi zentralak handitzeko proiektuak jarri zituzten enpresek mahai gainean. Eta laster, herritarren oposizioarekin eta epaitegien erantzunarekin egin zuten topo.
Iberdrolaren proiektua
Orain arte, Elebroren zentrala handitzeko proiektua izan da urrats gehien egin duena. Izan ere, hainbat sententzia aurka izan arren, martxan da une honetan. Iberdrolak, ordea, hagitz mantso egin du aurrera azken urteotan bere zentrala handitzeko egitasmoarekin. Asmo horrek, hala ere, Nafarroako Gobernuaren baimena jaso zuen joan den urtarrilean.
Iberdrolak oraindik ez du eraiki bere bigarren zentrala. Elerebrok Castejonen dituen biak martxan daude, ordea. Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak plazaratu duen azken sententziak ondoriorik izanen duela espero dute Termiko Gehiagorik Ez plataformako kideek. «Zentralak legez kanpo eraiki dituztenek ezin izanen dute, orain arte bezala, epaileen erabakien ondorioak ezkutatzen jarraitu», azpimarratu dute.
Bihar, jendaurrean agerraldia eginen dute, Iruñean, sententzia modu sakonagoan aztertzeko asmoz.
Castejongo zentraletako baten baimena, baliogabe
Duen zentral termikoa handitzeko Elerebro enpresak jasotako baimena da epaileek atzera bota dutena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu