Caza Nortek deitutako manifestazioaren kontra dago Gipuzkoako Ehiza Federazioa

Hainbat hegazti migratzaile ehizatzeko ordutegiak aldatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta horren kontrako protesta antolatu du Caza Norte elkarteak. Gipuzkoako eta EAEko federazioek, ordea, elkarrizketarako hautua egin dute.

Ehiztariak Jaizkibelen, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ehiztariak Jaizkibelen, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
14789412 kepa
2025eko irailaren 17a
13:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Caza Norte elkarteak irailaren 28rako deitutako mobilizazioak harrabotsa eragin du Gipuzkoako ehiztarien artean. Foru Aldundiak ehiza ordutegiak aldatu ditu, eta, erabaki horri desadostasuna adierazteko, elkarte horrek manifestazio bat egingo du, irailaren 28an: 12:00etan abiatuko dira Ondarretako biribilgunetik. Gipuzkoako federazioak, ordea, ez du bat egin protestarekin, uste baitu administrazio publikoekin elkarrizketan aritzea dela gatazkak konpontzeko modurik egokiena. Gipuzkoakoa ez ezik, EAEko ehiza federazioa ere Caza Norte elkartearen deialdiaren kontra agertu da.

Lurraldeko eskualde guztietako ehiza elkarteetako ordezkariekin bildu ostean hartu du erabaki hori Gipuzkoako federazioak, eta harekin bat etorri dira Bizkai eta Arabako ehiztariak. Izan ere, haien ustez, bertoko ehiztariak ez ditu ordezkatzen «egoitza soziala Oviedon (Espainia)» duen talde horrek. Are gehiago, «inguru honetako ehiza jardueraren nondik norakoak ez ditu ezagutzen»: «Lau katu baino ez dira, eta denak ezagunak beti Gipuzkoako federazioari aurka egin diotelako», nabarmendu dute plazaratutako oharrean.

Bizkaian eta Araban aspaldi sartu ziren indarrean Gipuzkoan ezarri dituzten ehiza ordutegiak, baina «horien kontra ez du egin Caza Norte elkarteak», federazioek adierazi dutenez. 2025-2026 denboraldiko lurraldeko ehiza debekuen aginduan jasota dago aldaketa hori, eta bereziki birigarro, basauso eta oilagorren ehizari eragingo die ordutegi aldaketak, Caza Norteren arabera. Gipuzkoako ehiza denboraldia irailaren 4an hasi zen, eta datorren urteko martxoaren 26an bukatuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.