AET Administrazioan Euskaraz taldeak gaur eman du berria: Nafarroako Administrazio Auzitegiak atzera bota du CCOO sindikatuak Iruñeko Udalak pedagogo lanpostuetarako zerrenda osatzeko deialdiaren aurka jarritako helegitea. Urte hasieran argitaratu zuen udalak deialdia, eta baldintzen artean jarri zuen denak elebidunak izatea: alegia, euskaraz ere jakitea. Horren kontrako helegitea jarri zuen CCOOk, baina ez dute aintzat hartu auzitegian.
Azaroaren 11koa da epaia, eta AETren arabera, ez dio sindikatuari arrazoirik ematen. Izan ere, sententzian emandako argudioa da udalean badagoela profil elebiduna duen pedagogo lanpostu bat, eta egunen batean hutsik geratzen bada zerrenden bidez bete beharko dela akaso. Horregatik izan behar dute zerrenda osatzen duten guztiek ere elebidunak.
AETren arabera, CCOOk lan deialdi horri helegitea jartzearekin batera eskari bat egin zion auzitegiari: esan zion aholkatzeko udalari gaztelania bakarrik eskatzen duten zerrendak ere egiteko. Baina horretan ere ez du aldeko izan auzitegia: «Erantzun dio ez dela bere lana aholkuak ematea».
CCOOk abiatutako helegiteen ondorioa izan dira euskararen normalizazioaren kontrako hainbat epai, eta, horiek horrela, ebazpen judizial honen balorazio ona egin dute AETko kideek. «Zorionez, ez du beti irabazten», azaldu dute. «Pozgarria da ebazpen hau, zalantzarako tarterik utzi ez duena. Espero dezagun CCOOk bere ibilbidea zuzentzea. Euskarak eta euskaldunok nahiko etsai badugu».