Ceutako egoera Europaren migrazio politiken ondorioa dela salatu dute Iruñean

Iruñeko Arrazakeriaren Kontrako Plataformak kontzentrazioa egin du. Eskuinaren eta eskuin muturraren kontakizunari aurre egiteko eskatu dute.

Arrazakeriaren Kontrako Plataformaren kontzentrazioa. IÑIGO URIZ / FOKU
Arrazakeriaren Kontrako Plataformaren kontzentrazioa. IÑIGO URIZ / FOKU
jakes goikoetxea
2026ko irailaren 19a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ceutara (Espainia) iritsitako migratzaileak babesteko eta migratzaile horien kontrako mezuak eta erasoak salatzeko kontzentrazioa izan da. Hala ere, Ceutako egoera Europako Batasunaren migrazio politikak gaitzesteko baliatu dute: «Migratzen duten pertsonak ez dira krisia. Krisia politikoa da, eta mugen erregimen batetik dator. Erregimen horrek ezartzen du zein bizitza diren garrantzitsuak, nor lekualdatu daitekeen segurtasunez eta nork jarri behar duen bere bizitza arriskuan lekualdatzeko».

Iruñeko Arrazakeriaren Kontrako Plataformak antolatu du kontzentrazioa, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean. Pankarta nagusian adierazi dute Europako Batasuna dela erruduna, eta Ceutakoa ez dela segurtasun arazo bat, arrazakeria baizik. Inbasio bakarra gorrotoarena da, jarria zuten beste pankarta batean.

Ikerketa independentea

Ceutako egoera migrazio politiken ondorioa dela nabarmendu dute. Mugak «salbuespen eremu» bihurtu dituztela, haietan ez dagoela eskubiderik, eta «normalizatu eta zuritu» egiten direla «bortizkeria, tratu txarrak, jazarpena eta heriotza». Gogoan izan dituzte Marokotik Ceutara igerian pasatzeko asmoz itota hil zirenak eta haien senideak. Ikerketa independente bat eskatu dute Ceutan eta Melillan egin diren giza eskubideen urraketa guztiak ikertzeko, bai Espainiako lurretan bai Marokoko lurretan. Baita hango adingabeak babesteko eta hildakoak eta desagertuak identifikatzeko ere.

Milaka migratzaile iritsi ziren uztailaren bukaeran Marokotik Ceutara. Plataformak uste du migrazioei buruzko kontakizunean aldaketa bat gertatzen ari dela. Ohiko gerra hizkera erabiltzeaz gain, orain segurtasun nazionaleko arazo edo erronka gisa aurkezten dela, eta migratzaileak «etsaiak» eta «inbaditzaileak» direla diotela. «Eskuinaren eta eskuin muturraren» kontakizunari aurre egiteko eskatu du plataformak. Salatu dute eskuin muturraren helburua kontakizun hori nagusitzea dela, aurrena «beldurra eta gorrotoa tresna politiko gisa erabiltzeko», eta gero haien burua irtenbide bakar gisa aurkezteko eta «kontrola hartzeko». Plataformak jakinarazi du ez duela onartuko migrazioak gizagabetzea «kontrol eta errepresio politikak zuritzeko».

Ceutari buruz, mugei buruz hitz egin dute, baina mezu horiek Iruñeko kaleetara ere iristen direla azaldu dute. Zenbait adibide jarri dituzte: Aranzadiko komentua eta Jaso ikastola hustea, «polizien kontrolak» eta errolda sozialak ukatzea.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA