Uztail hondarrean 70.000 pertsona inguru sartu ziren Ceutara (Espainia), Marokotik igerian ailegatuta. Bat-bateko iritsiera jendetsu hark aspaldian izandako migrazio krisirik handiena eragin du, eta, bi hilabete geroago, Ceutan ez aurrera ez atzera geratutako 2.000 adingabe ingururekin zer egin asmatu nahian dabiltza bai Espainiako Gobernua, bai autonomia erkidegoak. Hain justu, Eusko Jaurlaritzako eta Foru Aldundietako hainbat ordezkari Madrilen izan ziren atzo, eta haiekin bildu zen Espainiako Gobernuko Gazteen eta Haurren Gaietarako Ministerioko idazkari Ruben Perez. Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburu Nerea Melgosak gaur esan duenez, atzokoa «bilera arrunt bat» izan zen, «ohikoa», maiz izaten dituzten bilera sortako hitzordu bat, eta helburu bakarra zuen: «Informazioa jasotzea». Halere, defendatu du halako egoerak «hobeto kudeatzeko» eta «ordena jartzeko» ezinbestekoa dela Eusko Jaurlaritzak migrazio gaien «eskumen osoa» izatea.
Bilera bukatu ostean, ez Madrilgo ordezkariek ez Euskal Herrikoek ez zuten hitz egindakoari buruzko adierazpenik egin. Halere, hainbat hedabidetan zabaldu dute Espainiako Gobernuak eskaera bat egin ziela Jaurlaritzari eta aldundiei, zera, «elkartasunez» jokatzeko eta arta eta babesa emateko Ceutan dauden zenbait migratzaile adingaberi. Melgosak gaur goizeko prentsaurrekoan argitu duenez, ordea, atzoko bileran ez zen proposamen zehatzik egon, eta ez zen, halaber, erabaki jakinik hartu. Halere, Eusko Jaurlaritzak bultzatu eta babestu asmo dituen migrazio politiken inguruan galdetuta, erantzun zuen horiek «elkartasuna» izango dutela oinarri. Hori bai, Melgosaren esanetan, bada zer hobetu eta zer aldatu, adierazi baitzuen egungo egoera «migrazio politiken planifikazio faltaren eta egiturazko plan baten hutsunearen» ondorio dela.
Hain justu, Eusko Jaurlaritzak zein hiru foru aldundiek behin baino gehiagotan nabarmendu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako harrera sistemak «gainezka» daudela, eta, denera, 1.000 migratzaile adingabe inguru artatzen dituztela. Are, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek ikasturte hasierako agerraldian zehaztu zuenez, sistema horiek «beren gaitasunen gainetik» dabiltza lanean dagoeneko, argudiatuta 600 plaza dituztela berez. Hiru lurralde horietako harrera sarea «oso-oso tentsionatuta» dagoela ohartarazi du gaur, beste behin, Melgosak.
Etorkizunera begira
Ceutan dauden migratzaile adingabeen kudeaketari buruz hitz egin ez ezik, urriaren 8an eta 9an egingo duten kongresu baten berri ere eman du Melgosak. Bilbon izango da, Euskalduna Jauregian, eta migrazio arloko jurisprudentzia izango dute ardatz, Etorkizunera begira lelopean. Hala, bi egun horietan hizpide izango dituzte, besteak beste, EB Europako Batasuneko Migrazio eta Asilo Ituna —joan den ekainetik dago indarrean—, migratzaileen harrera eta horien asilo eskaerak, eta migratzaileen gizarteratzea.
Melgosaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako harrera sareak eta migrazio politikak Madrilgo eta Bruselako «araudien menpe» egon arren, «Euskadirako eredu propio bat» eraiki nahi dute. «Eredu horrek berdintasunaren printzipioak ditu oinarri, baita herritartasuna, kulturartekotasuna, lurralde arteko koordinazioa eta erabateko laguntza ere», gaineratu du.