Javier Hurtadok Madrilerako bidea hartzeko egindako hautuak Eusko Jaurlaritzan utzitako hutsunea bizkor bete dute sozialistek. Cristina Gonzalez PSE-EEko presidenteak ordezkatuko du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren buruzagitzan.
PSE-EEk atzo jakinarazi zuen Turismo sailburu eta Arabako sozialisten buruzagia aurkeztuko zuela lurralde hartako zerrendaburu Espainiako Kongresurako bozetan. Eta gaur jakin da hurrengo mugimendua zein den: Gonzalezek Arabako ahaldun nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Administrazio diputatu izateari utziko dio, eta Jaurlaritzara egingo du jauzi.
Gonzalez gasteiztarra da, 1969an jaioa, eta Zientzia Politikoetan lizentziaduna. Urteak daramatza politika instituzionalean, nagusiki Araban. 2007an Arabako Batzar Nagusietan eserleku bat eskuratu zuen, eta sozialisten bozeramaile ere izan zen 2011tik 2015era bitarte. Eusko Legebiltzarra ere ezagutzen du, 2009tik 2012ra bitarte parlamentari aritu baitzen. Duela hiru urte, berriz, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiaren gobernu taldera batu zen, PSE-EEren ordezkari nagusi gisa.
Alderdi barruan ere izan ditu ardura postuak. 2014an Arabako PSEko idazkari nagusi izendatu zuten, eta karguari eutsi zion 2017an eta 2021ean egindako barne prozesuetan ere. Iaz, baina, jakinarazi zuen ez ziola karguari eutsiko.
Asensio, Kongresurantz
Hurtadorena ez da PSE-EEk azaroaren 29ko hauteskundeetarako zehaztu duen zerrendaburu bakarra. Zurrumurru ozenak zirenak baieztatu dira Bizkaian eta Gipuzkoan, eta bi lurraldeetan eskarmentu handiko izenen alde egin dute sozialistek.
Patxi Lopez izango da Bizkaiko zerrendako lehen izena. Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia egun alderdiaren bozeramailea da Espainiako Kongresuan. Bigarren Maria Guijarro izango da; 2019tik da diputatu Madrilen. Â Â
Gipuzkoako zerrendari erreparatuta, albistea bigarren postuari lotutakoa da. Burua Rafaela Romero izango da, eta, hautatua izatekotan, bigarren legegintzaldia egingo du diputatu gisa. Bigarrena, berriz, Jose Ignacio Asensio izango da, Gipuzkoako aldundiko lehen diputatu nagusiordea eta Jasangarritasun diputatua.Â
Asensio itzal luzeko politikaria da eta PSE-EEren idazkari nagusia Gipuzkoan. Hautatua izatekotan, egun dituen karguak utzi beharko lituzke. 2023an PSEk bi diputatu lortu zituen Gipuzkoan; 2019an, aldiz, bakarra.
Senaturako zerrendaburuak ere jakinarazi ditu: Araban Daniel Senderos; Gipuzkoan, Alberto Albistegi, eta Bizkaian, Txema Oleaga.