PSE-EEk Javier Hurtado Turismo sailburua proposatu du Espainiako hauteskundeetarako Arabako zerrendaburu

2020tik Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua da Hurtado, eta joan den urtean aukeratu zuten Arabako PSE-EEren idazkari nagusi. Madrildarra da jaiotzez, eta han hasi zuen bere ibilbide politikoa, 2013an Arabako hiriburura bizitzera joan zen arte.

Javier Hurtado, Eusko Legebiltzarreko sarreran, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Javier Hurtado, Eusko Legebiltzarreko sarreran, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko urriaren 13a
10:16
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako hauteskundeen eta datorren urteko udal eta foru bozen xake taulak piezak mugitzera behartu ditu alderdiak, eta mugimendu horiek eragin zuzena izaten ari dira Eusko Jaurlaritzan. Ostegunean EAJk Ibone Bengoetxea lehendakariordea proposatu zuen Bizkaiko ahaldun nagusi izateko hautagai gisa, eta gaur PSE-EE izan da gobernuan aldaketak eragingo dituen proposamena egin duena, Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua aurkeztu baitute Espainiako hauteskundeetarako Arabako zerrendaburu izateko hautagai.

Hurtado (Madril, 1981) 2020an sartu zen Eusko Jaurlaritzan, artean Iñigo Urkullu lehendakari zela, eta sailburutza berari eutsi dio Pradalesen gobernuan. Horren aurretik, 2019tik 2020ra Arabako Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Mugikortasunerako foru diputatua izan zen, EAJk eta PSE-EEk lurralde hartan osaturiko koalizio gobernuan. Iragan den urteko martxoan, PSE-EEren Arabako idazkari nagusi hautatu zuten. Orain, azken kargu horrexetarako aukeratu zuten afiliatuek beraiek berretsi beharko dute Espainiako Gorteetarako bere hautagaitza.

Arabako PSE-EEren ustez, Hurtadoren hautagaitza «apustu handia da, Arabak asko du jokoan hauteskunde hauetan eta sozialistek rol erabakigarria izango dute». Alderdiak komunikatu baten bitartez adierazi duenez, sailburuaren «esperientzia luzeak eta hainbat erakundetan izandako jardunak» Arabarako «inbertsioak lortu eta eskubideak defendatzeko» hautagai egoki bilakatzen dute Hurtado. 

Zuzenbidean eta Zientzia Politikoetan lizentziaduna da Hurtado. 2013an joan zen Gasteizera bizitzera, baina hori baino lehen ere, bere jaioterrian ibilbide politiko luzea izan zuen. Artean 30 urte ez zituela, Jose Blanco Sustapen ministroaren kabinete burua izan zen, 2009tik 2011ra, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidentearen gobernuan. PSOEren idazkari nagusiaren aholkulari ere izan zen, alderdiak Madrilgo Ferraz kalean duen egoitza nagusian.  

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA