Cristina Ibarrolak hautagaitza aurkeztu du UPNren zerrendaburu izateko foru hauteskundeetan

Otsailaren 10ean bukatuko da hautagaitzak aurkezteko epea.

Cristina Ibarrola, urtarrilaren 24an, Alderdiaren Egunean. JESUS DIGES / EFE
Cristina Ibarrola, urtarrilaren 24an, Alderdiaren Egunean. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2026ko otsailaren 6a
15:08
Entzun 00:00:00 00:00:00

Cristina Ibarrolak Nafarroako Gobernuko lehendakari izan nahi du, ez Iruñeko alkate. Izan ere, hurrengo foru hauteskundeetan alderdiaren zerrendaburu izateko hautagaitza aurkeztu du UPNko presidenteak. Hala baieztatu dute alderdiko iturriek.

Mugimendua esanguratsua da. 2024ko apirilean, UPNk kongresua egin zuen garaian, Ibarrolak esan zuen Iruñeko Udala berreskuratu eta alkatea izan nahi zuela. Promes horrek agerian utzi zuen Iruñeko alkate izateko asmoa zuela. Hilabete batzuk lehenago Iruñeko Udalean izandako zentsura mozioa oso gertu zuen Ibarrolak.

Orain, baina, erabaki du Nafarroako Parlamenturako bozetan zerrendaburu izan nahi duela. Ikusiko da lehiakiderik izango ote duen UPNn. Astelehenean, alderdiak otsailaren 10era arteko epea ireki zuen hautagaitzak aurkezteko. Beste hautagairik izango balitz, otsailaren 13an egingo den Kontseilu Politikoak erabakiko du nor izango den zerrendaburua. Ibarrola hautagai bakarra izanik ere, Kontseilu Politikoak izendatuko du.

Lehendakarigaia hautatzeko lanean ez ezik, bozetarako zerrendak prestatzen ere badabil UPNko hauteskunde zerrenden batzordea. Alderdiaren barne boterea kudeatzen duen organo hori Ibarrolak kontrolatzen du, baina, hartan, buru egin dio Alejandro Toquero Tuterako alkate eta UPNko presidenteordeak. Izan ere, berriki jakin denez, Toquerok eta Erriberako hautetsi batzuek zerrenda horretako lehen postuetan sartu nahi dute. Halaber, Espainiako Senatuko zerrendaburua proposatu nahi dute.

Alderdiaren duela bi urteko kongresuan, Ibarrolak eta Toquerok hitzartu zuten elkarren arteko barne lehia alboratzea eta alderdiaren erabaki organoak bien artean banatzea. Ibarrolak botere handiagoa izan arren, Toquerok ere ordezkaritza du UPNko barne organo horietan. Bi urte geroago, bozetarako prestaketa betean, atzeratutako gatazka azaleratu egin da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.