Dalian Peña gogoan hartu dute gaur Tolosan (Gipuzkoa), haren sorterrian, udaletxearen aurrean bost minutuko isilune sentitu bat eginda. 18:00etan egin dute elkarretaratzea, udalak eta Herrikide ikastetxeak deituta, eta dozenaka herritar bildu dira, gaztelaniaz Justizia Dalianentzat idatzia zuen pankarta baten bueltan.
Peñak 33 urte zituen, eta Parisko Saint Denis auzoan hil zuten, bizitzen ari zen etxeko jabeak hilda; poliziek atxilotu zutenean, berak aitortu bide zien hiltzailea zela. Peñaren gorpua martxoaren 2an aurkitu zuten, baina jabeak onartu zuen otsailaren 27an eztabaidan aritu zirela biak, alokairuarengatik, eta orduan hil zuela.
Tolosan jaio eta hazi zen Peña, eta sei urte zeramatzan Parisen bizitzen. Haren arrebak ere Tolosan bizi dira.
Hunkituta bildu dira tolosarrak arratsaldean udaletxeko plazara. Peñaren irudi bat ere jarri dute lurrean, eta kandelak eta loreak jarri dizkiote inguruan. Peñaren senideek eskerrak eman dizkiete herrikideei, eta adierazi dute ez duela atsedenik izango «justizia» egin bitartean.
Andu Martinez de Rituerto alkateak adierazi du Peñaren familiari «babesa eta maitasuna» adierazteko antolatu dutela elkarretaratzea. Udalak joan den astean onartu zuen adierazpen bat, aho batez, dolua agertzeko eta familiari eta lagunei babes osoa agertzeko.