Dani Larrea hil da, euskalgintzak urteotan izan dituen lemazainetako bat; Emun kooperatiba elkartearen sortzaileetako bat izan zen, 1997. urtean, eta zuzendari nagusi jardun zuen hemezortzi urtez, sorreratik 2015. urtera arte. Antzuolakoa zen sortzez, Gipuzkoakoa. 65 urterekin hil da. Iaz hartu zuen erretiroa.
Lan mundua euskalduntzeko helburuarekin sortu zuten Emun kooperatiba, 1997an, Arrasaten eta inguruko herrietan, Gipuzkoan. Gertukoeneko enpresetan euskararen erabilera eta presentzia normalizatzea izan zen lehen helburu nagusia, eta hor eragile ezinbestekoa izan zen Larrea, baita kooperatibaren ondorengo bilakaeran ere.
2013. urtean Emunek eraberritu egin zituen jarduna eta irudia, eta, orduan, Mondragon Korporazioaren TUlankide hedabidean emandako elkarrizketa batean, Larreak argi utzi zuen zein zen erakundearen helburua beti: «Euskararen normalizazioa eta Euskal Herriaren garapena». Emunen irudia e bat da ordutik, eta haren atzean dagoena zer den azaldu zuen: «Gure kasuan e da Emun, baina era berean e da euskara, eta e da Euskal Herria».
Jarritako oinarri horietan sakonduta, urteotan Emunek asko zabaldu du jarduera eremua. Euskara planak-eta egiten dituzte oraindik ere, erreferente dira arlo horretan, baina beste esparru askotan ere ari dira: aholkularitza eskaintzen dute genero berdintasunaren, aniztasunaren, gobernantzaren eta gizarte erantzukizunaren arloan ere.
Euskalgintzako hainbat eragilek erakutsi dute nahigabea Larrearen heriotzarengatik. EH Bilduko legebiltzarkide Josu Aztiriak, adibidez, sare sozialen bidez adierazi du dolua. «Euskararen ekintzaile handi bat joan zaigu», azaldu du. «Lan munduaren euskalduntzean aitzindaria izan zen, eta Emun kooperatiba sortzen, hazten eta egonkortzen jardun zuen. Besarkada handi bat Emuni, Debagoieneko euskalgintzari eta Daniren senitartekoei».