Euskal Herriko tren geltoki bat izan liteke. Euria ari du, euri-jasa ederra. Nasan emakume bat dago, mela-mela eginda. Izkinara begiratu du. Hortxe du gizona. Harengana joan da korrika batean. Elkar besarkatu dute, grinatsu. Eta musukatu, kartsu. Neskak momentua eten du, ordea. Begiak ireki eta beso batekin sakelakoa ekarri du mutilaren sorbaldaren parera, baina hura konturatu gabe. Bizarra mozteko makina bilatu du sarean. Gero, bera sandalietan dagoela ohartu eta beste bilaketa bat egin du. Eta telefonoan ur-botak aurkitu ditu. Handik gutxira paketea heldu zaio etxera. Orain lasai laztandu ahal izango du mutil-laguna. Pozik, I am kissing in the rain... kantari. Haren bizarrak ez du ernegatuko. Bere oinak ez dira bustiko. Dena Amazoni esker.
Eszena, iragarki polita dela esango dute marketin adituek. Tira, nola ikusten den. Istorioak xarma puntu bat izango zukeen, baldin eta Jeff Bezos jaunak sortutako enpresa erdi-erdian sartu ez balitz. Neskak ezin zuen itxaron? Une horretaz gozatu, eta gero gerokoak. Etxera itzuli ostean ezin eros zezakeen? Tristea da gero. Erosotasuna eta zoriontasuna elkartzen ditu Amazonen publizitateak. Haatik, eguneroko errealitatetik begiratuta, gizartean nagusitzen ari den joerari erreparatuta, ez da pozez lehertzeko moduko irudia. Amazonen presentzia zapaltzailea sartu da gure etxean, gure poltsikoan. Eta orain gure bihotzean. Ezin maitatu, ezin gozatu erosteari utzi gabe. Kontsumo gizarteak gure sentimendu eta emozioak bortxatu ditu, eta telefonoa gure unerik intimoenez jabetu. Dolarraren hazi berde likitsak gure izarak zikindu ditu.Â
Telefonoa aurrez aurre maitatzeko. Telefonoa bekoz beko musukatzeko. Telefonoa izerditan blai amodioa egiteko. Horretara ere ailegatu baikara: AEBetan bost lagunetik batek telefonoari begiratzen dio txortan ari den bitartean. 2023ko datuak dira horiek. 10 urte lehenago eginiko galdeketak emaitza bera izan zuen: 18 eta 34 urte bitarteko gazte estatubatuarren %20k sakelakoa erabiltzen zuten ohean beste pertsona batekin jarduten zuten bitartean. Hau da, hamarretik bik. Bostetik batek —bakarkako lanean ari zirenean ulergarriagoa izango zen, baina ez zen hori kasua—. Zer ez da izango orain. Eta zer ez geroan! Altxa burua belaunaldikoak helduaro sexualera noiz iritsiko zain egon beharko dugu aldaketarik ote datorren jakiteko?
Kontsumo gizarteak gure sentimendu eta emozioak bortxatu ditu, eta telefonoa gure unerik intimoenez jabetu. Dolarraren hazi berde likitsak gure izarak zikindu ditu.
Euripeko musu bero hezea lehortu du Amazonek. Enpresa handi eta boteretsua gure zoriontasun uneak lapurtzen ari zaigu. Zertarako eta bozkario materiala saltzeko: bizarra egiteko makina, euritean ibiltzeko ur-botak. Eta gure alde basati zoragarria otzantzeko. Â
Sarah McConomyk, SellCell konpainiako kontseilari ordezkariak, sakelako telefonoarekiko adikzioak bikote harremanetan izan ditzakeen ondorio kaltegarriak ikertu ditu. Haren iritziz, gero eta jende gehiago ez da gai sexu erlazioak izaten ari den bitartean deskonektatzeko, egunerokoan telefonoa baztertzeko gauza ez delako: «Jendeak ehun bat aldiz begiratzen dio egunero telefonoari; intimitate gehiago du telefonoarekin bikotekidearekin baino».
Jokaera horren atzean kapitalismoaren atzapar zorrotzak eta diru gosea atzeman ditu Eloise Hendy idazle eta kazetari britainiarrak. Hendyk aholku baliotsua eman digu Vice aldizkarian: «Bikotekidea arreta osoa eskaintzen ari zaizunean zeure burua telefonoari begiratzeko presionatuta sentitzen baduzu, pentsatu: zuk horixe egitea nahi dute Zuckerbergek eta Muskek. Eta ez dut uste morroi horiei zure ongizate sexual eta emozionalak axola dienik. Beraz, agian onena telefonoa lotan uztea izango da».
Berdin esan daiteke estazioko nasan bazaude, bikotekidearekin laztanetan: zerbait erosteko gogoak jaten bazaitu, momentuan sentitu dituzun gabeziek bultzatuta, galde iezaiozu zeure buruari: Bezosi eta enparauei axola diete nire ongizate sexual eta emozionalak eta nire osasunak? Eta pentsatu agian onena euripean gozatzen segitzea dela. Bizarrarekin eta sandalietan.