Pastor
Darwin eta gu

'Influencer'-a eta euskara

2026ko urriaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dago eroso euskara batuaz hitz egiten. Eta gipuzkeraren azpieuskalki batez mintzatzen da sare sozialetan euskaraz egiten duen aldi bakanetan. Influencer-a da. 350.000 jarraitzaile baino gehiago ditu bere kontuetan. Ez da makala haren itzala.

Gazteen artean dagoen joeraren adibidea baizik ez da, eta ez oso eredugarria. Lagun batek, irakaslea denak, kezka hori aipatu berri dit: unibertsitateko eskoletan ikasleek euren etxeko euskaraz egiten dute, amonarekin hizketan arituko balira bezala. Alferrik da ezer esatea. «Agian, agure erretxindu baten errieta baino ez duk», adierazi du, etsita. Euskal Herri zabaleko ikasleak nor bere erara hizketan gelan. Nola ulertuko dute elkar Elantxobeko gazte batek eta Lesakako batek euskara batuaz eginez ez bada? Espainiera batuaz.

Xabier Amurizak eta Anjel Lertxundik aspaldi fenomeno horri buruz azaldutako ikuspegi kritikoa gogorarazi dit lagunak. Amurizak hizkera batua, euskalkia, azpieuskalkia eta sukalkia bereizi zituen Kontrakultura artikuluan. Haren ustez, sukalkiak euskalkiarekin erratzea «kontrakultura tribalista» da. Era berean, ahots erreferenteek publiko zabal bati sukalkian egitea «kontrakultura atzerakoia» dugu. Gehiago adierazi zuen Amurizak artikulu hartan: «Kale-idazkiak (egitarau, deialdi, eslogan) hitz egiten den moduan idaztea zabor-kultura da». Beraz, sukalkia etxerako utzi beharko genuke, euskara modu ulergarrian komunikatzeko tresna izango bada. Esan hori gure ikasleei, ea zer erantzuten duten.

Anjel Lertxundik ere kritika zorrotzak egin zizkion sukalki horien erabilera publikoari Jatorketa, jatorkerixe, jatorkomerixe testuan. Gipuzkoan izandako eboluzioa gaitzetsi zuen: «Harrigarria da gazte gipuzkoar asko izatea fenomenoaren protagonista nagusi, berak direnean erraztasun handiena dutenak gipuzkeratik batura jauzi egiteko, eta, horregatik, baita erantzukizun handiena ere». Hala da. Ez dut ahaztu Bermeoko lagun batek antzina esan zidana. «Gipuzkoarrek uste dute det esan ordez dut esan eta beste guztia etxean bezala egitea dela batua». Izan ere, zeinek du zailtasun handiena bere etxeko euskaratik euskara batura salto egiteko: Bermeoko euskaldun batek ala Tolosako batek? Lertxundik «hizkuntzarekiko kontzientzia falta» salatu zuen: «Batek daki batuaren kontra edo mespretxuz edo analfabetismoz jarduten duten horrela».

Euskara batuaz eginez gero, beren burua arrotz sentitzen dutela argudiatzen dute. Erdara batuaz hitz egiten dutenean baino arrotzago?

Neska influencer-a gipuzkoarra da. Dotore idazten du euskaraz —ederto dakit hori, lehen eskuko iturrien bidez—, baina ez da eroso sentitzen batuaz hitz egiten. Kontua da hura, ahots erreferentea izanik —milaka gaztek segitzen diote sare sozialetan—, kontrakultura atzerakoia egiten ari dela, Xabier Amurizak emaniko definizioaren arabera. Influencer-a da, baina haren eragina ez da soilik kontsumo edo bizimodu jakin batzuen aldeko mezuak hedatzera mugatzen. Haren mintzairak hizkera mota bat aldarrikatzen du eta gure komunitate linguistikoari eragiten dio, nahitaez. Izan ere, berari segitzen dioten euskaldunei hizkera eredu bat proposatzen die: nor bere sukalkian mintzatzea. Edonon. Eta horrela ari dira egun gazte ugari: jatorkeria lehian, bete-betean. Euskara batuaz eginez gero, beren burua arrotz sentitzen dutela argudiatzen dute. Erdara batuaz hitz egiten dutenean baino arrotzago?

Neska influencer-a bere sukalkian mintzo denean baizik ez dago gustura. Espainiera dotorez egiteko batere arazorik ez du, ordea. Erdara batuaz euskara batuaz baino gusturago dihardu. Badirudi mezu hau zabaltzen ari dela: «Nahiago dut erdara batuaz egin euskara batuaz baino». Gu ez gara nor hari negozio bideak eta ereduak proposatzeko. Libre da bere eduki gehienak gaztelaniaz sortzeko, eta horietako batzuk, sukalkian. Zalantza bat dut, baina: zer izango litzateke euskal enpresa handi batek bere produktuei buruzko kanpainak euskara batuaz hedatzearen truke txeke zuri bat eskainiko balio? Muzin egingo lioke pagotxari ala eroso sentitu eta batuaren aurkako mespretxua baztertuko luke?

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA