Pastor
Darwin eta gu

Mendebaldearen erreserba espirituala?

2026ko azaroaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Venezuelaren kontra jokatuko du gaur euskal selekzioak San Mamesen. Hasieran, Jagoba Arrasatek Athleticeko bost jokalari deitu zituen, beste edozein taldetatik baino gehiago, nahiz gero kopurua jaitsi den lesioen ondorioz. Zale zuri-gorriak pozik egoteko moduko albistea izan zen, bizkaitarrak izan edo ez, baina ez da nire kasua. Gutxi ziren. Gutxiegi. Hobe genuke euskal selekzioko kide guztiak Athleticekoak balira. Den-denak. Haiek baino gogo, kemen, ilusio eta fede handiagorik inor gutxik.

Hori esan genezake, egoerari osotasunean ironiaz begiratuta. Duela bi aste ikusi genuen telebistan, San Mamesen: talde zuri-gorriko jokalariak elkarrekin otoitzean. Beste aldagelan Realeko futbolariak, nor bereari emanak, isilik, besterik gabe. Zer ganora da hori? Euskal Herrian euskaldun portzentaje handiena duen probintziako taldeko futbolariek errezorik ez? Euskalduna, fededuna? Nongo euskalduna, ordea? Athleticekoak, berriz, horiek bai fededunak! Eta euskaldunak, nahiz jainkoa elebakarra duten, antza. Horrexegatik errezatzen dute «líbranos del mal» «atera gaitzazu gaitzetik» barik. Euskaltegira joateko esan beharko diogu geure Jaunari?

Baliteke gure futbolari asko edo gehienak fededunak izatea, kartsu edo epel —Europan ere bai, talde gehien-gehienek erritu horri segitu ez arren—. Ez gaizki ulertu, baina. Horrek ez du esan nahi aingerutxoak direnik. Denetik egongo da. Esaterako: bekatuaren barnean, bekatuaren mugetan eta kanpoan bizi dena —zeinen tentagarria den bekatua—. Edo kristau-dotrinak aldarrikatzen duen errukiaren edo elkartasunaren arrastorik antzematen ez zaiona, hau da, urrea belarrietatik ateratzen bazaio ere, zergetan ahalik eta gutxiena ordaintzeko eskatzen duena. Edo klinika pribatuen aldeko publizitatea egiten duena, eta sistema hori ordaintzen ez duena Osakidetzako hiru lagunen gelan ustel dadila. Inoiz ikusiko dugu futbolari milioidun bat osasungintza publikoaren aldeko kanpainak doan egiten? Detaile polita izango litzateke, nahiz, seguruena, inoiz ez dugun anbulatorioko ilaran ikusiko. Denok ditugu kontraesanak, ez lukete zertan kezkatu.

Euskal selekzioan ez dugu fedegaberik edo heretikorik nahi. Utikan Reala, Alaves, Osasuna edo Arin Luzien taldeetako sinesgabeak!

Athleticeko emakumezkoen taldeak ere otoitz egiten du zelairatu aurretik. Itxura denez, gizonezkoen ildoari lotu zaizkio neskak. Ez zaie haien ohitura baztertzea bururatu. Besterik ez genuen behar: mutilak errezatzen uzkur eta zuhur eta neskak akelarrean, gozatzen larrean. Pentsatu ere ez!

Zeremonia erlijioso hau oso bakana da kontinentean, ia bakarra, baina ez munduan. Mendebaldeko Europatik kanpo askoz ohikoagoa da erritua. Brasilgo selekzioak berdin egiten du. Era berean, bertako taldeen artean oso hedatua da otoitz egitea: Flamengo, Palmeiras, Corinthians... —Lula talde horren zalea da—. Argentinan ere antzera jokatzen dute, txintxo-txintxo.

Antigoaleko erritua, askotariko gizarte laikoarekin bat ez datorrena, inondik inora. Ez ginateke hain ulerberak izango Iberdrola edo BBVAko hamaika buru aberatsek burtsan kotizatzen hasi aurretik errezatuko balute. Hori guztia argudia daiteke, baina ez ahaztu testuingurua: jokalariak gure neska-mutil maiteak dira. Haien otoitza ulertzen ez duenak ez du Mendebaldeko lurralde historikoaren nortasunaren berri. Ezaguna da esaera: Bizkaian hiru gauza dira sakratuak: Begoñako Ama Birjina, Athletic eta Igualatorioa —eta EAJ, gehitu genezake—. Bizkaya por su independencia.

Euskal selekzioak jokatuko du gaur. Noizbait lortuko ahal dugu ofizialtasuna! Noizbait izango da, jainkoa euskaldunen alde jarriko bada. Hala izanez gero, eta hala izan arte ere, gure hautatzaileei aholkua, geroari begira: jokalari guztiak Athleticekoak aukeratu. Euskal selekzioan ez dugu fedegaberik edo heretikorik gura. Utikan Reala, Alaves, Osasuna edo Arin Luzien sinesgabeak! Horrela errazago gailenduko gatzaizkie Venezuelari eta edozein talderi. Canarinha bera ere mende hartuko dugu. Jainkoa fededunekin dagoelako. Eta fededunak euskaldunak badira, areago. Euskaltegitik bueltan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA