Duela mende laurden bat hasi omen zen dena. 1992an Bill Clinton saxofoia jotzen azaldu zen telebistan milioika lagunen aurrean. AEBetako presidentea izango zenak herritarrak limurtu nahi izan zituen bere alde gizatiarra agertuz. Eta lortu egin zuen. Clintonek beste aho batean jarri zuen saxoa gero. Eta Monica Lewinskyk presidentearen beste kontu gizatiar bat zabaldu zuen: Bill irribarretsuaren aparatuak alde batera egiten zuen saxoa jotzeari utzi eta sexua jotzeari ekiten zionean.
Egungo politikagintza gizatiartze prozesu hura neurririk gabe muturreraino eraman izanaren ondorioa da. Sare sozialek joera areagotu baino ez dute egin. Gaur, gehiago kezkatzen gaitu hautagai batek astean zenbat aldiz egiten duen larrutan jakiteak aurrekontuekin zer egingo duen baino. Gai honen harira artikulu interesgarria argitaratu du Enric Sendrak Vilaweb-en: Zergatik politikariek nahiago dute haien sexu-bizitzaren berri eman hauteskunde programa azaldu baino? Erantzunak izen bat du, AEBetatik datorrena: politainment. Hitzak politika eta entretenimendua batzen ditu. Sendraren ustez, XXI. mendeko politikariak ez du hizlaririk onena izan behar, entretenimendu-programa bateko gonbidatu onena baizik. Dibertigarriena.
Egun batean norbaitek astean zenbat aldiz egiten duen esateak ez gaitu asebeteko. Egunean zenbatetan aritzen den jakin nahi izango dugu
Azalkeria, arinkeria dugu emanaldion funtsa. Ordea, dena ez ei da negatiboa ikus-entzunezko produktu horietan: txutxu-mutxuak amua izan daitezke politikarekin zer ikusirik izan nahi ez duen jendea erakartzeko. Horren ifrentzua: bozen emaitzak ateraldi, pasadizo edo sexu-kontu bitxi batek erabaki ditzake. Sexua politika baita, Josep Vicent Marques zenak ¿QuĂ© hace el poder en tu cama? liburuan gogorarazi zigunez. Areago egungo zirku birtualean.
Politikari batek zenbat bider jotzen duen bihurtu digute albiste. Hala ere, pertsona horrek beste kontu batzuk kontatu beharko lituzke. Esaterako: kargua hartu aurretik zenbat diru zuen eta zenbat duen orain; haren senideek zer zuten, non lan egiten zuten lehen eta non egun; kanpainan aginduko duena bete ezean, hari kargu hartzeko modurik egongo ote den. Kazetari batek zorrotz, baina arduraz galdetzen du hori guztia. Tatuajez betetako morroi batek, berriz, urtean 44 feminizidio gutxi direla esan dezake Ada Colauren aurrean. Influencer horrek jarraitzaile kopuru itzela du. Asko gazteak dira, ikuspuntu hori barnera dezaketenak. Batez ere, mutilak.
Hauteskunde kanpaina batean telebistan sexu-gustuak azaltzea ganoragabekeria dela esan du Euge Arrizabalaga jeltzaleak. Ados. Jokaera ustez jator hori adinaren eta izaeraren araberakoa dela esango nuke. Ez dut Arnaldo Otegi irudikatzen halako intimitaterik kontatzen. Urkullu eta Ibarretxe ere ez. Txibite? Ezta. Pradales agian bai, erdizkako irribarre herabe bezain maltzurrarekin, baina xehetasunetan lar sartu barik.
Horretan ari gara. Egun batean norbaitek astean zenbat aldiz egiten duen esateak ez gaitu asebeteko. Egunean zenbatetan aritzen den jakin nahi izango dugu. Zertarako eta gure politikarien artean Kleopatra edo Rasputinen bat ote dugun argitzeko. Boterera heldu eta zer egingo duen azaldu? Horrek ez du garrantzirik. Sexu oralak ni enkantatzen nauen beste —eta, batez ere, bezalaxe— enkantatzen bazaitu, nire botoa izango duzu.
Politika ikuskizun. Eta horrela, bide honetan, larunbat batean politikari baten ahokadak adituko ditu gizon goibelak. Ateraldi bitxi batek gogoa piztuko dio, eta haren alde egitea erabakiko du, haren programa ezagutu ere egin gabe. Zergatik eta neska-lagunak asteburuan kuadrillarekin Aizkorrira joango zela esan ziolako azken unean, eta etxean bakarrik geratu delako, hotz, sare sozialei begira. Ez daki agian bere botoak, boto bakar batek, erabaki lezakeela bozetako garailea. Horrek milioika lagunen bizimoduari eragingo dio datozen lau urteotan. Dena entzun berri duen txorakeriari esker, haren bikotekidea Aitzgorri hoteleko gela beroan beste artista batekin saxoa jotzen ari den bitartean. Emadazu dena, Monica! Emadazu dena, Bill!