Azken orduko ezusteek lehendakaritza eman diote David Campioni. Navarra Sumak EH Bilduren eta PSNren arteko akordioa egon dela salatu du. EH Bilduko Aritz Aiesak hautagaitza erretiratu ondotik, David Campion Olloko alkate eta Ollarango ordezkaria aurkeztu da. Bigarren itzulian, PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta beste bost ordezkari independenteek bere alde egin dute. 29 boto lortu ditu, eta Etxeberriak, 23.
Hasieran, hiru hautagai aurkeztu dira: Navarra Sumako Juan Jose Etxeberria, Iruñeko hautetsia; PSNko Maite Esporrin, Iruñeko zinegotzia eta David Campion Olloko alkatea eta Ollarango ordezkari independentea. Goizean iragarri du EH Bilduk hautagaitza erretiratu duela, eta mugimendu horri erantzun dio Campionen hautagaitzak.
Batzarra hasi denean, Enrique Maiak hartu du hitza, eta adierazi du Amaia Izko EH Bilduko Iruñeko zinegotziak ez lukeela izan behar batzar horretako kide. 11/13 auzian, 47 auzipetukoetako bat da Izko, eta hitzarmena egin zuen akusazioarekin. Hori oinarri hartuta, Maiak "terroristatzat" jo du Izko, eta eskatu du ez lukeela ordezkari izan behar, "lege irizpideetatik harago". Haren esanetan, batzar horretan "hainbat biktima" dira, eta haiei "irain egiten die" Izkoren presentziak. Aktan jaso dute haren eskaera.
Ondoren, hautagai bakoitzak hitza hartu du, eta bere proiektua azaldu du. Campionen arabera, aurreko agintaldiaren ildotik jotzeko asmoa du. Besteak beste, aipatu du "mugikortasun iraunkorra" babesten duela.
Etxeberriak, berriz, nahiago izan du azpimarra jarri EH Bilduren mugimenduan. Emaitza jakin aurretik esan du EH Bilduren eta PSNren arteko akordio bati erantzuten diola. Gaineratu du EH Bilduk "amore eman" duela hautagaitza erretiratuta.
Hitzaldiak amaituta, lehen bozketa iritsi da. Gehiengo osoa behar zenez, ezein hautagatik ez ditu 28 botoak lortu. Batzarraren hasieran iragarri bezala, Ezkabarte eta Legardako hautetsi independenteek esan dute ez zutela hautagai baten alde egingo (bozketan ez dute bozkatu). Gauzak hala, lehendakaritza Navarra Sumak lortuko zuela ikusita eta horrek izan ditzakeen ondorioen aurrean, PSNk hautagaitza erretiratu du.
Campionek EH Bildu eta PSN eskertu ditu. Haren ustez, "historikoa" da 500 biztanle inguru dituen Ollarango ordezkariak mankomunitatearen gidaritza hartzea.