atxiloketa

David Pla bihar Espainiaratuko dute, etzi Auzitegi Nazionalean deklaratzeko

Euskal preso ohia Soto del Real espetxean sartuko dute bihar. Frantziako Poliziak ostegunean atxilotu zuen, Hendaian, euroagindu bat dela eta.

David Pla (irudian, eskuinetik bigarrena), iazko apirilean, Osnyn, aske geratu zenean.
enekoitz esnaola
2020ko otsailaren 17a
21:20
Entzun

David Pla euskal preso ohia Frantziak bihar Espainiaratuko du, etzi Madrilen goizeko hamarretan Auzitegi Nazionalean epailearen aurrean deklaratzeko (h)Alboka auzian, Plaren abokatuak baieztatu dutenez. Bihar Soto del Real (Madril) espetxean sartuko dute, eta asteazkenean handik eramango dute auzitegira.

Joan den ostegunean atxilotu zuten, Hendaian (Lapurdi), polizia etxera sinatzera joan zenean. Hendaian bertan bizi da, familiarekin, eta, espetxe zigorra osorik beteta iazko apirilean aske geratu zenetik, astean bitan joan da sinatzera, euroagindu eskaera ebatzi arteko neurri administratibo bategatik. Baionako espetxean sartu zuten, behin-behinean, eta han segitzen du geroztik. Gaur ere jaso du sendiaren bisita, eta hura «ondo» dagoela esan du familiaren iturri batek. Hamar eguneko epea dute Espainiaratzeko.

Auzitegi Nazionalak, 2011ko euroagindu eskaera batean, Plari egotzi zion 2008ko maiatzaren 17an Mimizanen (Landak, Frantzia) bilera bat egin zuela etakide batekin. Frantziako Dei Auzitegiak onartu egin zuen eskaera, iazko azaroan, eta Kasazio Auzitegiak ere bai, abenduan, defentsak helegitea aurkeztu ondoren. Euroagindua zenez eskaera, epaileak ez ziren mamian sartu. Hala ere, auziak badu esangura bat, Frantziako Poliziaren Zerbitzu Antiterroristaren txosten batek baitio egia ez den froga batean oinarritu zela Madril euroagindua galdegiteko, Parisek egiaztatua baitu Pla 2008ko egun hartan Fresnesko espetxean zegoela, euskal preso bat bisitatzen. Xantiana Cachenaut defentsa abokatuak Poliziaren akta eman zien epaileei. 

Auzitegi Nazionalak ETAren eta EPPKren arteko «lotura» egitea eta presoen kolektiboa «kontrolatzea» egozten die (h)Alboka auziko kideei. Parisek iaz etakide izateagatik epaitu zuenez Pla, Madrilek orain ezingo luke delitu bera leporatuta epaitu. Cachenautek esan du epailearen aurretik pasatu eta berehala libre utzi beharko luketela bere bezeroa.

Abokatuak udazkeneko auzi saioetan azaldu zuen, batetik, Espainiak aipatutako gertakaria Frantziako Estatuan gertatu zela; eta, bestetik, Frantziak, Madrilen akusazio horrengatik Pla 2010eko apirilean atxilotu zuenean Hendaian, prozedura bat ireki zuela, eta, gainera, epaileak handik egun gutxira kargurik gabe aske utzi zuela. Haren iritzian, bazegoen euroagindua ez onartzeko arrazoirik eta jurisprudentziarik.

Azkenekoz 2015eko irailean atxilotu zuten, Baigorrin (Nafarroa Beherea), ETAko zuzendaritzako kidetzat jota. Plak gero jakinarazi zuen konponbiderako ETAren ordezkaritzako kidea zela. 

ETAren desegitearen lehen urteurrenean elkarrizketa egin zion BERRIAk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.