Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2026ko ebaluazio diagnostikoen berri eman du, eta nabarmendu du ikasleen errendimenduaren bilakaerak «positiboa» izaten jarraitzen duela, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitutakoan. «Hobekuntza esanguratsuenak» DBHko 4. mailan antzeman dituzte, bereziki gaztelaniazko hizkuntza komunikaziorako gaitasunean; LHko 6. mailan, berriz, euskaran eta matematikan izan dira hobekuntzak, baita errendimendu maila aurreratuetan dagoen ikasleen kopuruan ere.
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak gaur aurkeztu ditu 2026ko ebaluazio diagnostikoaren emaitzak, Bilbon. Bi urtean behin egiten dute azterketa hori: apiriletik maiatzera bitartean egindako ebaluazioan LHko 6. mailako eta DBHko 4. mailako 10.642 ikaslek parte hartu dute; Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 252 ikastetxe publiko eta itunpekoetakoak. Hezkuntza sailburuarekin batera, Lucia Torrealdai Hezkuntza Politika sailburuordeak eta Junkal Gutierrez ISEI Irakats Sistema Ebaluatzeko eta Ikertzeko erakundeko zuzendariak parte hartu dute prentsaurrekoan.
Ebaluazio diagnostikoaren bitartez, ebaluatzen dute euskarazko eta gaztelaniazko hizkuntza komunikaziorako zer gaitasun duten ikasleek, baita matematikarako eta zientzietarako ere. LHko 6. mailari dagokionez, euskarazko hizkuntza komunikaziorako gaitasuna hiru puntu hobetu da 2024ko emaitzen aldean; gaztelaniazko hizkuntza komunikaziorako gaitasunak, ordea, 2,3 puntu egin du behera. Bitartean, matematikan 2,5 puntu egin dute gora ikasleek, eta zientzian antzeko emaitzak lortu dituzte.
10.642Zenbat ikaslek parte hartu duten azterketan. Apiriletik maiatzera bitartean egindako ebaluazioan, LHko 6. mailako eta DBHko 4. mailako 10.642 ikaslek parte hartu dute; Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 252 ikastetxe publiko eta itunpekoetakoak.
DBHko 4. mailan izandako bilakaera «bereziki positibotzat» jo du Gutierrezek: gaztelaniazko hizkuntza komunikaziorako gaitasunak 7 puntu egin du gora, eta euskararen emaitzak «egonkorrak» izan dira aurreko azterketarekin alderatuz gero. Horixe bera nabarmendu dute ondorioen artean: bereziki gaztelaniazko hizkuntza komunikaziorako gaitasunean gertatu dela «hobekuntza esanguratsuenetako bat».
Zientzian, berriz, hiru puntu inguru egin dute gora. Baina Matematikan ebaluazio eredu berri bat ezarri dute aurten, eta, beraz, «haren emaitzak ezin dira alderatu aurreko aldietakoekin», ISEIko zuzendariak esplikatu duenez.
Gainera, 2024ko emaitzekin konpara daitezkeen gaitasun guztietan, DBHko 4. mailan sare publikoaren emaitzek hobera egin dute, eta itunpeko sarearekiko aldea murriztu egin da, Gutierrezek nabarmendu duenez.
Euskarari adi
Errendimendu mailari erreparatuz gero, hiru talde bereizten ditu azterketak: hasierako maila, erdiko maila eta aurreratua. LHko 6. mailan, gora egin du euskarazko, gaztelaniazko eta matematikako maila aurreratuetan dauden ikasleen ehunekoak: %19,6tik %24,4ra; %14,9tik %16,9ra; eta %21,7tik %24,1era, hurrenez hurren. Horrek eragina izan du errendimendu mailako beste taldeen datuetan, eta, esaterako, gutxiago dira orain erdiko maila duten ikasleak: euskaran, %49 ziren 2024an eta %44,1 dira orain; gaztelanian, %65 ziren 2024an eta %60 dira orain; eta matematikan, %58,1etik %56,2ra igaro dira. Zientzian, berriz, erdiko mailan daude ikaste gehienak: %66,6.
DBHko 4. mailaren kasuan, errendimendu maila aurreratua duten ikasleen kopuruak ere gora egin du. Euskaran handitu egin da maila aurreratua dutenen ehunekoa —%21,9tik %23,9ra—, baita hasierako mailan dauden ikasleena ere —%25,0tik %30,3ra—. Izan ere, behera egin dute erdiko mailan dauden ikasleak: %53tik %45,8ra.
ISEIko zuzendariaren hitzetan, bilakaera horrek «heterogeneotasun handiagoa» islatzen du emaitzetan: «Hurrengo ebaluazioetan jarraipena egingo zaio», gehitu du.
Gaztelanian ere gora egin du maila aurreratua lortzen duten ikasleen kopuruak —%25,3tik %30,2ra—. Erdiko mailan eta hasierako mailan daudenak, ordea, gutxiago dira, 2024ko emaitzekin alderatuta: %59,1etik %56,8ra eta %15,7tik %13ra behera egin dute, hurrenez hurren. Antzekoa gertatzen da zientzian: maila aurreratuak gora —%26,4tik %29ra—, eta erdikoak —%53,9tik %52,9ra— eta hasierakoak —%19,7tik %18,2ra— behera. Azkenik, matematikan, nabarmen igo dira maila aurreratua duten ikasleak: %14,3tik %20,4ra. Baina, handiagoa izan da erdiko maila dutenen beherakada: %68,8tik %58,8ra.
Ekitatean, aurrera
Pedrosak nabarmendu du bilakaera positiboa izan dela hezkuntza sistemaren helburu nagusietako batean: ekitatea. Egoera sozial, ekonomiko eta kultural kaskarragoa duten ikastetxeetan antzeman dituzte hobekuntzarik nabarmenenetako batzuk, batez ere DBHko 4. mailan. «Bilakaera horrek erakusten du hezkuntza sistema aurrera egiten ari dela aukera berdintasun handiagorantz, eta sorburuko testuinguruak gero eta gutxiago baldintzatzen dituela ikasleen emaitzak», azpimarratu du Hezkuntza sailburuak.
Bada, DBHko 4. mailako ikasleek zientziarako gaitasunean egin dute gora gehien egoera sozial, ekonomiko eta kultural kaskarragoa duten ikastetxeetan. ISEK indize sozioekonomiko eta kultural txikienaren arabera neurtzen da hezkuntza zentroen egoera: ISEK apalena duten ikastetxeek 10,2 puntu egin dute gora beren emaitzetan, eta ISEK ertain-baxukoek 10,7 puntu. Euskaran, ordea, igoerarik apalena izan dute: 5 puntu ISEK baxukoek eta 3 puntu ISEK ertain-baxukoek, han zuzen.
Ildo berean, ebaluazioak berretsi egiten du atzerritar jatorriko ikasleen bilakaera positiboa, batez ere bigarren belaunaldiko ikasleena: «Haien emaitzek bertako ikasleen emaitzetara hurbiltzen jarraitzen dute, eta, konpetentzia batzuetan, hobekuntza bereziki nabarmenak izan dituzte», aipatu du Gutierrezek. Hala gertatzen da DBHko 4. mailako zientziarako gaitasunean —10,58 puntu gora— edo LHko 6. mailako gaztelaniazko hizkuntza komunikaziorako gaitasunean —10,61 puntu gora—. ISEIko zuzendariaren arabera, emaitza horiek erakusten dute «bilakaera positiboa» dela Eusko Jaurlaritza inklusiorako, aniztasunari arreta emateko eta ikasleei laguntzeko politikak indartzen ari den esparruan.
Aurrerapausoak gorabehera, Pedrosak ohartarazi du emaitzek erakusten dutela oraindik ere badirela errendimenduaren hasierako mailetan dauden ikasleak: «Oraindik ere desberdintasunak daude testuinguru sozioekonomikoari, hezkuntza ibilbideari eta ikasleen beste ezaugarri batzuei lotuta». Sailburuak aurreratu du Hezkuntza Sailak bere jarduerak indartzen jarraituko duela arlo horietan.