Telebistako kazetaria turistak elkarrizketatzen ari da Loiun. Gizon bat dugu horien artean. Kamiseta bat du soinean: Dejen de prohibir cosas. Utz iezaiozue gauzak debekatzeari. Guay. Aireportuko kontrola elastiko hori jantzita pasatu du gure heroiak. Protesta egin du likidorik pasatzerik izan ez duelako? «Ez debekatu pasaporte iraungiarekin bidaiatzea» esan dio Poliziari?
Autobus gidariak sakelakoekin zaratarik ez egiteko eta ez jateko eskatu die bidaiariei. Debekatua dago. Kasurik ez. Ezkerreko gizona jendea torturatzen hasi da tiktok inozoei bozgorailua jarriz. Beste bat tuperra atera eta espagetiak Boloniako erara jaten hasi da. Tomatea, okela… Autobusean dago, ez Masterchef-en, ustezko sukalde-abileziak erakusten, baina berdin dio.
Ohean sartu da, lotarako prest. Ezin. Plost, plost, plost... Jaiki eta balkoira hurbildu da. Plost, plost, plost... Musika ere entzun du. Hoteleko hesiaren beste aldean dozena-erdi bat gazte daude, baloia eskuetan, reggaeton-a ozen. Goizeko ordu biak laurden gutxiagotan harrera-lekura deitu du. «Nori bururatu zitzaion hor saskibaloi kantxa bat jartzea?», erantzun diote. Kontua beste bat da, baina: nori bururatu zitzaion han saskibaloi kantxa bat ipini eta 22:00etatik 08:00ak arte jokatzea debekatua dagoela ez azaltzea?
Oporretatik bueltan, etxean, moto baten burrunba entzun du goizeko ordu batean. Makako batek Montmelo bihurtu du plaza. Non daude udaltzainak? Non ertzainak terrorista akustikoari kargu hartzeko? Inon ere ez. Ordea, goizeko zortzietan trasteak bizkarrean daramatzan etxegabeari gelditzeko esan diote plaza horretan bertan. Paperak eskatu, bazter batera eroan eta dena miatu diote hamar minutuz. Harekin bai ausartu; besteekin, ez. Zergatik umiliatu gizona?
Utz iezaiozue gauzak debekatzeari dio turistaren kamisetak. Benetako errebolta da ala itxurazko inkonformismoa, hau da, «utz iezadazue nahi dudan guztia egiten eta besteei debekatu nik gustuko ez dudana»? 50 urtetik gorakoa da. Julio Anguitak euren burua anarkistatzat jo baina errebeldia puntu bakarra gutxieneko gizabidea eta bizikidetza arau oinarrizkoenak ez errespetatzea duten gazteei esandakoak balioko luke harentzat ere? «Zuek anarkistak? Benetako anarkistek, Durrutik, Montsenyk-eta, entzungo balizuete, pare bat muturreko emango lizuekete». Eta Proudhon, Bakunin, Michel, Malatesta eta bestek.
Nola esango die irakasleak ikasleei zapatak jarlekuan ez ipintzeko, Unibertsitatea bera, bere web-orrian, jokaera hori bultzatzen ari bada?
Txankletak ez eranzteko eskatu die irakasleak ikasleei. Oinutsik ez. Ez daude kanpinean, ez hondartzako txiringitoan. Neguan ere oinak jarlekuaren gainean ez ipintzeko esaten die. Alferrik. Gogora etorri zaio bilera batean saileko irakasle bat nola ikusi zuen: txankleta barik, ortozik. Eta oinak, eserlekuaren gainean. Eskerrak ez zen haragi bizian hazka hasi. «Onddoak ditut oinetan, badakizu». Eta? Birra bat gura duzu? Edo txirri bat nahiago? Arratsaldean, unibertsitatearen web-orrian sartu da eta orduantxe agerkundea: argazki batean bi ikasle ageri dira banku batean. Horietako batek bizkarraldean du ipurdia eta bere bota ederrak eserlekuaren gainean. Ba ote? Bai. Ez da neskaren erantzukizuna, ez, baizik eta gazteari hala posatzeko esan eta irudi hori web-orrian erakustea erabaki duten pertsonena.
Irakasleak kanpoko unibertsitateen web-orrietan begiratu du: Sorbona, University College of London, Berlingo Unibertsitate Librea, Bartzelonako Unibertsitatea, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea, La Sapienza (Erroma), Sao Pauloko Unibertsitatea, Buenos Aireskoa... Gazteak azaltzen dira pantailan: paseatzen, ikasgelan, kafetegian... Eserita ere bai. Inongo web-orriren hasiera-hasieran ez duzu ikusiko norbait oinak eserlekuaren gainean dituela. Nola esango die irakasleak ikasleei zapatak jarlekuan ez ipintzeko, Unibertsitatea bera, bere web-orrian, jokaera hori bultzatzen ari bada? «Nola da posible? Batzuetan, debekatuta behar luke debekatzea debekatzeak», pentsatu du. Alabaina, Euskal Herrian dago. Denik eta herri guay eta jatorrenean.