Deklaratzera deitu dituzte Vuelta Irunberritik igarotzean identifikatutako lau lagun

Palestinarekin Elkartasuna plataformak adierazi duenez, delitu hauek leporatu dizkiete lau lagunei: lesioak eragitea, zirkulaziorako arriskuak sortzea, agintaritzari aurre egitea edo desobedientzia, eta desordena publikoa.

Espainiako Vuelta Bilbotik igaro zenean Israelen aurka egindako protesta bat. ARITZ LOIOLA / FOKU
Espainiako Vuelta Bilbotik igaro zenean Israelen aurka egindako protesta bat. ARITZ LOIOLA / FOKU
Isabel Jaurena.
2025eko abenduaren 1a
11:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Besteak beste Enekurin, Larrabetzun (Bizkaia) eta Irunberrin (Nafarroa) zenbait lagun identifikatu zituen Poliziak Espainiako Vueltan Palestinaren alde izan ziren protestak zirela eta. Bada, Palestinarekin Elkartasuna plataformak ohar bidez jakinarazi duenez, Agoizko Instrukzio Epaitegiak lau lagun deklaratzera deitu ditu, delitu hauek egotzita: lesioak eragitea, zirkulaziorako arriskuak sortzea, agintaritzari aurre egitea edo desobedientzia, eta desordena publikoa. Salatu dute Foruzaingoak bultzatutako «kriminalizazio operazio bat» izan dela, «elkartasuna delitu bihurtu nahi duena».

Abuztuaren 23an abiatu zen Espainiako Vueltan, Israel Premier Tech taldea zegoen parte hartzaileen artean, eta zenbait herri mugimenduk boikota egitera deitu zuten. Euskal Herrian ez ezik, kirol probaren ibilbide osoan ere izan ziren protestak. Protesta horietan «milaka lagunek» parte hartu zutela adierazi du plataformak, eta gogoratu taldearen kontrako «salaketa eta boikot ekintza publikoak» baizik ez zirela izan. «Inor ez dadila engaina: hau ez da tramite judizial hutsa, Palestinaren alde ahotsa altxatzeagatik gu kikiltzeko saiakera zuzena da», erran dute. 

Euskal Herrian barna izandako protestengatik auzipetutako bertze herritarren kasuak ekarri dituzte gogora, eta adierazi auzibide horien guztien helburua herritarrek «beldurra izatea» dela: «Hemendik argi esaten dugu: ez dute lortuko». Hala, gizartea deitu dute «tinko» mantentzera, eta errepresioaren aitzinean atzerapausorik ez ematera. «Isuna jaso, identifikatu edo zitazioa jaso duten pertsona guztiak gonbidatzen ditugu salatzera eta euren egoera azaleratzera. Ez zaudete bakarrik. Kolektiboki antolatu, babestu eta erantzungo dugu». 

«Elkartasuna zigortu»

Nabarmendu dute «elkartasuna zigortu» nahi dutela, «nazioarteko erakundeek genozidioa eta palestinarren garbiketa etnikoa dokumentatzen duten bitartean». Bada, hori «onartezina» dela erran dute, eta «behar den guztietan» salatuko dutela: «Gaur berresten dugu Palestina, hango herria eta haien erresistentzia erdigunean izan behar direla. Eta ozen eta argi diogu: ez dugu onartuko errepresioak haiekiko elkartasuna ezabatu nahi izatea».

Halaber, «justizia eta askatasuna egia bihurtu arte» borrokan segituko dutela azpimarratu dute. Eta borrokak merezi duela gogoratu: «Israelgo estatu sionistak jada ez du bere genozidioa zuritzeko txirrindulari talderik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.