Delitugile adingabeen gizarteratzea eta haien eskubideak bermatzea helburu duen neurri sorta bat ondu eta onartu du Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak; hots, denera 30 neurri baino gehiago jaso dituzte Gazte Justiziaren VI. Planean. Maria Jesus San Jose sailburuak jakinarazi duenez, lau ildo estrategiko oinarri hartuta xehatu dute dokumentua: erakundeen arteko koordinazioa; gardentasuna eta kontu ematea;Â pertsonarengan zentratutako arreta; eta prebentzioa, gizarteratzea eta etengabeko ebaluazioa.
Sailak lehentasuntzat jo du legez kanpoko jokabideen prebentzio mekanismoak indartzea, baita «arrisku faktoreak» aurretik detektatzea ere. Horretarako, iritzi diote ezinbestekoa dela haurren eta nerabeen ongizatea sendotzea, eta azaldu dute seigarren plan honek «adingabe bakoitzaren beharretara» egokitutako gizarteratze eta hezkuntza neurriak uztartzen dituela.Â
Helburu hori lortze aldera, bederatzi pauso estrategiko zehaztu dituzte, hala nola ebazpen judizialen hasierako epeak murriztea, erantzunak erabiltzaileen profil eta testuinguruetara egokitzea, gizarte eta hezkuntza esparruetako arrisku eta babes faktoreak detektatzea eta inplikatuak dauden eragileei prestakuntza espezializatua eskaintzea.Â
San Joseren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gazte justizia «esku hartze publiko hezitzailean» oinarritzen da, «zigor penal hutsaz harago». Halere, nabarmendu du sailen arteko koordinazioa «funtsezkoa» dela delituak prebenitzeko eta laneratzeko ibilbide pertsonalizatuak eraikitzeko. Hala, azaldu du seigarren planean jasotako hainbat neurriren ezarpenak beste sail batzuei ere eragiten diela; kasurako, Segurtasun Sailari, Osasun Sailari eta Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari.Â
Joerak eta kopuruak
Seigarren plana egiteko, iaz EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako Gazte Justiziaren V. Planaren ebaluazioa hartu dute oinarritzat. Ikerketa horren emaitzen arabera, 2020-2024 aldian, adingabeek egindako 11.751 arau hauste erregistratu ziren; horietatik 9.784 delituak izan ziren —nagusiki lapurretak, lesioak eta genero indarkeria—, eta 1.967 delitu arinak izan ziren.
Bestalde, delituak behin baino gehiagotan egiten dituzten adingabeen kopuruak behera egin du; hots, gaur egun %11koa da, eta azken ebaluazioan %13koa zen. Profilari dagokionez, arau hausle gehienak 16 eta 17 urteko mutilak dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoan jaiotakoak.Â