Herri galdeketak

Demokrazia zuzena, praktikan

Bihar beste bi galdeketa izango dira Euskal Herrian: Arrankudiagan (euskal estatuaz) eta Lerinen (Nafarroako ubideaz). Urteotan ugaritu egin dira kontsultak, mota desberdinetakoak: arlokakoak, eta estatus politikoari eta auzoen izaerari buruzkoak, besteak beste. Zabalduz doa kultura politikoa.

Donostiako herri galdeketen araudiaren oinarriaren aurkezpena. BERRIA.
enekoitz esnaola
2014ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Euskal Herria parte hartzearen kulturan urrun dago oraindik ere Alemania edota Suitzatik, haietan sarri egiten dituztelako herri galdeketak. Hemen pixkanaka ari da zabaltzen demokrazia zuzenaren kultura, udal edo herri ekimenez. «Herritarrek gero eta urrutiago sentitzen dituzte erakunde publikoak eta alderdiak, eta haiek ere hitza eta erabakia izan nahi dute herriko gaietan. Politikariak ohartu dira horretaz, eta partaidetzaren kultura zabalduz doa», dio Denis Elortza Emun Aholkularitzako parte hartzeko teknikariak. Besteak beste hausnarketaren, eztabaidaren, parte hartzearen, adostasunaren eta iritzi desberdinekiko errespetuaren balioak indartzen direla uste du.

Hondakinak jasotzeko sistemez, hirigintza kontuez, zezenketez, estatus politikoaz eta auzoen desanexioaz galdetu izan da azkeneko urteetan Euskal Herrian. Bihar bertan izango dira hurrengo kontsultak: Arrankudiagan, euskal estatuari buruz, eta Lerinen, Nafarroako ubideaz.

«Ondo» egiteak berebiziko garrantzia du, Emunekoaren arabera, eta ezinbestekotzat du «bermeak» izatea: kanpainan informazioa hedatzea, gardentasuna, denek parte hartzeko aukera, botoa emateko moduak, identifikazioa, behatzaileak... Galdera argia izatea funtsekotzat dute adituek, baita udalak herritarren iritzia aintzat hartzea ere —kontsultak legez ez dira bete beharrekoak—.

Elortzak Villabonako kasua aipatu du bereziki. Iaz kontsulta bat egin zuten, atez ateko hondakin sistemaren aurkako herriko plataforma batek deituta, udalaren balekorik gabe, eta bozketan ustez irregularitateak izan zirelako ere polemikoa gertatu zen. «Haren ondoren, udalak ikusi zuen galdeketak arautu egin behar zituela, eta, gure aholkularitzarekin hasitako prozesu parte hartzaile plural baten ondoren, aurten udalbatzarrak (Bildu, EAJ, PSE) aho batez onartu du galdeketak ere jasotzen dituen herritarren parte hartzerako araudia».

Donostian, beste pauso bat

Donostian, beste urrats bat egin, eta herri galdeketak egiteko araudia onartzeko lanean ari dira duela urtebetetik. Maiatzean eztabaida sozial bat antolatu zuen udalak, Donostiarako Demokrazia Zuzeneko eredua osatzeko. 50 herritar eta eragilek parte hartu zuten, eta oinarrizko idatzi bat aurkeztu dute Gizarte Eztabaidako Taldeak eta udal gobernuak. Udaleko taldeak hizketan ari dira, eta gobernuak araudia abenduaren erdialdera eraman nahi du udalbatzarrera, bozkatzeko.

Donostiako galdeketak udal eskumenekoak edo hiriari nabarmen eragiten dieten gaiei buruzkoak lirateke. Araudia ontzat joz gero, udal edo herri ekimenez egin ahalko dira, eta kontsultaren eremuak hiri osoa edo auzoak izan daitezke. Herritarrek sustatutako galdeketak hirikoak badira, 18 urtetik gorako biztanleen %4k eskatu beharko lukete kontsulta egitea; auzokoak badira, auzoko %8k. Axier Jaka Udal Partaidetzako batzordeburuak dioenez, «herritarrei galdetzea eta haiek erabakietan parte hartzea normal eta iraunkorki egitea da xedea».

Galdeketen aukerak arriskuak ere izan ditzake. Emuneko teknikariaren ustez, «saturazioa» gerta daiteke. Villabonan urtean gehienez egun batean egin daiteke kontsulta —asko jota, lau gaiz—, eta gai bati buruz, legealdian behin. Martin Buhler demokrazia zuzenaren ikerlariak iaz Donostiako jardunaldi batzuetan zioen alderdi batzuek «propaganda» egiteko ere erabiltzen dutela kontsulten formula. Zehaztuta dagoena da oinarrizko eskubideen aurkako galdeketarik ez dela onartzen, edo, herri mailan, zergez edo udal barne kontuez ere ez.

Kontsulta antolatzea zailtzen duten galdeketa araudiak ere badira, baina. Sestaon kontsultabat proposatzeko, herritarren %68ren sinadurak behar dira.

Gure Esku Dago-k esan du estatus politikoari buruzko galdeketen protokoloa landuko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.