«Osasunean eta hezkuntzan sortu duen moduan», ezkerrak segurtasunaren alorrean ere eredu alternatibo bat sortu beharko lukeela defendatu du Xabier Aranak (Donostia, 1958). Zuzenbidean doktore eta KREI Kriminologiaren Euskal Institutuko ikerlari erretiratuak onartu du ez dela erraza lan hori. Hausnarketa zabal bat eskatu du, demokrazian sakondu eta atzean gera daitezen «1980ko hamarkadako poliziaren joera batzuk». Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategiaren Udako Eskola Irekian parte hartuko du Aranak, heldu den astelehenean, Bergaran (Gipuzkoa), Segurtasun publikoa eta Polizia sistema ikastaroan.
Hego Euskal Herrian polizia eredu bakarra ezagutu dute herritarrek azken urteetan, garai bakoitzaren araberako doikuntzekin. Ba al dago besterik?
Ezkerrak proposamen alternatiboak egiten ditu zenbait edukiri begira, adibidez, osasunean eta hezkuntzan, baina segurtasunari buruz ari bagara, alternatiba bat sortzea ez da batere erraza. Segurtasunari buruzko eztabaidaren oinarrian kontrol sozialerako ildoak baitaude, eskuinaren berezko ezaugarri bat. Horregatik, garrantzitsua da segurtasunean ere alternatiba bati buruz hausnartzea; segurtasunari loturiko politika publikoen inguruan, alegia. Ez da zertan bakarrik Polizia aintzat hartu hausnarketa horretan; hala egingo bagenu, ikuspuntu oso mugatu batekin ariko ginateke, eta beharrezkoa da ikuspuntua zabaldu eta eztabaida aberastea. Zuzenbide estatu demokratiko eta sozial batean, ongizate estatu bat dago, eta zaurgarritasun egoeretan ez luke soilik Poliziak esku hartu beharko; badaude tresna sozial gehiago.
Ikuspuntu hori onkeriarekin lotzen dute askok.
Ez naiz inozentea, eta badakit gaur egun ez dela lehenesten ongizate estatua, orain gutxira arte egin izan den moduan. Orain, ongizate estatuaren argaltze fase batean gaude, eta horrek herritar zaurgarrienen egoera okertzea dakar. Hortik aurrera, polizia ereduari buruz hitz egin dezakegu.
Nola aldatu daiteke egungo eredua? Zertan aldatu?
Ereduen auzia ez dago soilik Euskal Herrian. Espainiako Estatuan eta Europan ere hizpide da. Puntako teknologia baliatuta kontrola areagotzeaz hitz egiten da, adibidez. Hemen, adinean gora goazenok ezagutu dugu diktadura baten polizia eredua, 1978ra arte behintzat hor egon dena; eta baliteke eredu horren joera batzuk bizirik egotea gaur egun ere. Jazarpenerako indarrak desegiteko eskaera egin zen garai batean, baina ez zen gertatu. Hori kontuan hartuta aztertu behar dugu egungo garaia.
Ez gaude 1980ko hamarkadan, baina batzuek uste dute egungo Polizia orduko segurtasun indarren segida dela.
Ez gaude 1980ko hamarkadan, baina egungo egoeran iraganeko hamarkada horretan azaleratu ziren joera batzuk sumatu daitezke oraindik, inertzia batzuk. Hori horrela da. Baina orain globalizazio betean bizi gara, eta horrek esan nahi du zenbait edukiren politika publikoak Europako Batasunak edota nazioarteko akordio batzuek ezartzen dituztela; tartean droga trafikoa, immigrazioa eta terrorismoari lotutakoak. Aldagai horrek segurtasunarekin loturiko legediak baldintzatzen ditu, eta Poliziak egiten duen kontrol lana ere bai.
Poliziaren izaera demokratikoa ezbaian jartzen da batzuetan, horien esku hartze batzuen ondorioz, baita Ertzaintzarena ere.
Ertzaintza polizia autonomikoa da, baina horrek ez du esan nahi bere kabuz aritu daitekeenik, erkidego bati lotua dagoela baizik. Polisemia zaintzea komeni da. Zuzenbide estatu demokratiko eta sozial batean, Poliziak eskubide eta askatasunen irizpidearen baitan jardun behar du, eta dagokion gobernuak ezarritako ildoari jarraitu.
Ertzaintzaren esku hartzeen ondorioz zauritu larriak egon dira azken urteotan. Beste modu batera jokatu daiteke indarkeria egoera posibleetan?
Aldagai asko biltzen ditu auzi horrek. Eskuin muturreko taldeen ekinaldi publikoak hor daude, eta ez dut esango edozer egiteko baimena dutenik, baina Poliziak askotan ez die aurre egiten behar adinako indarrez, ez behintzat aurrean beste ildo bateko taldeak daudenean aurre egiten duen moduan. Azkenaldi honetan, bestalde, festa bukaera esango diodan fenomenoa gertatzen ari da. Ertzainak edo udaltzainak festa guneetara doaz jaien bukaeran, istilu batzuk hasi direla eta, Bilboko Aste Nagusian jazo zen moduan, eta jendeak pentsa dezake jaien beste osagai bat dela hori. Ertzaintzak ezin du konpartsa bat izan jai egitaraua bukatu denean. Hori konpondu beharra dago: elkarrizketa behar da.
Edonola ere, herritar askok uste dute Polizia ez dela euren zerbitzura aritzen.
Bada, Poliziak herritarren zerbitzura egon behar du, argi eta garbi, eta Poliziak egin behar duen lehen gauza zera da: herritar horiek dituzten eskubideak errespetatu. Jarraibide batzuk dituzte, gainera; esaterako, eraginkorrak izatea eta euren esku hartzeekin ez eragitea badagoen kaltea baino handiagoa. Sarritan gertatzen da, ordea, manifestazio batean dauden pertsonen ideologiaren arabera aldatzen dela Poliziaren jarduteko era.
Zaintzaileak zaintzea erronka izugarria bihurtu da herrialde askotan. Nola egin daiteke poliziaren kontrolerako sistema eraginkor bat?
Jardun publikoan akatsak egon daitezke, adibidez osasunaren arloan, eta kalte ordainak eman behar izaten dira. Era berean, kontrol sozialaren esparruan jardun desegokiak egon daitezke, eta kezkagarria da ikustea poliziaren kontrolerako sistemaren barruan badirela ahotsa altxatu dutenak. Loiun gertatu zena oso kezkagarria da, Anoetakoa eta beste zenbait auzi ere bai. Errealitateak esaten digu askoz ere zailagoa dela kontrol eraginkor bat egitea segurtasunarekin lotutako jardunei dagokienez. Gero eta korporatibismo handiagoa dago polizien artean, eta hori oztopo handia da gardentasunari begira.
Badago munduan beste polizia ereduren bat erreferentzia gisa hartzeko?
Oso zaila da herrialdeen artean alderaketak egitea. Kanadari buruz hitz egiten da, bobby-ei buruz... Beste kultura batzuk dira. Demokrazian sakondu nahi badugu, hobekuntzak behar dira, indarkeria azken baliabidea izan dadin. Poliziak prebentzioa egiten du, eta errepresioa ere bai. Prebentzioa indartzeko moduan asmatzea da kontua, errepresiora ahalik eta gutxien jotzeko.