Demokraziaren kalitateari buruzko lantalde bat eratuko du Eusko Legebiltzarrak

Jeltzaleen eta sozialisten proposamena babestu dute EH Bilduk eta Sumarrek; PP, berriz, abstenitu egin da. PSOEren barruan azaleratu den ustelkeria kasuak alderik alde zeharkatu du eztabaida.

Xabier Barandiaran EAJko legebiltzarkidea, gaurko osoko bilkuran. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Xabier Barandiaran EAJko legebiltzarkidea, gaurko osoko bilkuran. ENDIKA PORTILLO / FOKU
aitor biain
2025eko ekainaren 19a
12:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Ustelkeria kasuek politika astindu duten garai bete-betean heldu da demokraziaren kalitatea hobetzeari buruzko eztabaida Eusko Legebiltzarrera. EAJk eta PSE-EEk proposatuta, lantalde bat eratzea adostu dute, demokrazia «krisian» dagoela iritzita. Batzorde horretan, aukera izango dute «egitura politikoen ahultzeari» buruz eztabaidatzeko eta horri aurre egiteko neurriak adosteko. EH Bilduren eta Sumarren aldeko botoak jaso ditu; PP, berriz, abstenitu egin da.

Proposamenaren oinarrian, Imanol Pradalesek politikan gizalegez aritzeko egindako dekalogoa dago; joan den irailean aurkeztu zuen, baina ez zuen aurrera egin, alderdien artean ez baitzuen adostasunik lortu. Beste bide bat hautatu nahi izan dute orain horri bide emateko. Hain zuzen ere, lehendakariak berak eskatu zion legebiltzarrari lantaldea eratzeko, joan den martxoan.

Eztabaidak, edonola ere, ezin izan dio izkin egin Madrilgo politikan hedatu den zaratari, eta haren oihartzunak aspaldian ez bezala entzun dira Gasteizko ganberan: PSOEri lotutako ustelkeria kasuak alderik alde zeharkatu du eztabaida. Batera edo bestera, denek izan dute hizpide gaia, eta tarteka tonua zakartu ere egin da, eztabaidaren muina alboratuta. Azkenerako, ez dute azaldu zein izango den batzordearen azken xedea, «marko normatibo zabal, berri eta abangoardiako bat» lortzetik harago, ez eta zein lotura izango duen Gardentasun Legearekin, zeina jada tramitean den.

Adostasun zabalen bila

Pau Blasi PSE-EEko legebiltzarkideari egokitu zaio legez besteko proposamena aurkeztea, eta eskatu du begirada zabaltzeko, haren alderdian zabaldu den krisitik sistema osora: «Ez ditzagun nahastu alderdi bati egiten zaion kritika legitimoa eta sistema osoari egiten zaiona. Saia gaitezen eztabaidaren maila igotzen». Izan ere, ohartarazi du EAEn ere «mehatxua benetakoa» dela eta «haustura sozialerako» arriskua ere geroz eta handiagoa.

EAJk legebiltzarkide Xabier Barandiaranek ere «demokrazia indartu» beharraz ohartarazi du, besteak beste, sistema ahul batek «ustelkeriari aurre egiteko gaitasuna galzen» duelako. Taldeen artean gutxienekoak adostea proposatu du, eta hiru arlo aipatu ditu: jokabide etikoa, lankidetzazko gobernantza eta herri politikaren ebaluazioa. «Jokoan daukaguna ikaragarria da. Jokoan daukaguna da alderdi politikoek eta eragile politikoek herritarren konfiantza irabaztea. Eta honek garrantzi berezia du Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela pentsatzen dugunon artean».

EH Bilduk begi onez hartu du proposamena, baina eztabaida Euskal Herrira mugatzeko eskatu du. «EH Bilduk ez du inolaz ere euskal politikagintzaren ayusizazioan lagunduko», esan du Eraitz Saez de Egilaz legebiltzarkideak. Eta jeltzaleei eta sozialistei eskatu die aukera baliatzeko benetako eztabaida bat abiatzeko; izan ere, salatu du oposizioaren proposamenei «entzungor» egin izan dietela, eztabaida monografikoan agerian geratu zen moduan. Gobernantza «kooperatiboan» sakondu eta legebiltzarrari «behar den garrantzia» ematea aldarrikatu du, eta eskatu du proposamenak «lurreratzeko», eztabaida arlo «akademikoan» gera ez dadin.

Sumarrek ere ontzat jo du eztabaida zabaltzeko proposamena, baina ohartarazi du ezin dela jokatu ezer gertatu izan ez balitz bezala: «Ezin gara hutsetik hasi». Gogora ekarri du aurrez ere beste ustelkeria kasu batzuk izan direla euskal politikan, eta ezinbestekoa dela neurriak hartzea, kasu horiek gaur egungo sistemak dituen «akatsen ondorio» direlako. Begirada zabaldu eta sakoneko aldaketak egiteko eskatu du, besteak beste, herritarren parte hartzea bermatzeko.

PPk, berriz, gogor egin du proposamenaren eta talde politiko guztien aurka. Laura Garridok, hitz eta tonu gogorrak erabilita, sozialisten artean azaleratu den ustelkeria kasura mugatu du eztabaida, eta esan du «demokraziako ustelkeria kasurik handiena» dela. «Ez da gauza serioa une honetan proposamen honetaz hitz egitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.