Denek balizko koalizioa ahotan, balizko koaliziokideek izan ezik

EAren, Alternatibaren eta ezker abertzalearen balizko koalizioaz jardun dute alderdiek; ez, ordea, aipatuek

Aralarreko koordinatzale Zabaleta eta koordinatzaileorde Abril, aldundi eta hiriburuetarako hautagaiekin. G. G. / ARP.
jon olano
2011ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Maiatzeko foru eta udal hauteskundeei begira, EAk, Alternatibak eta ezker abertzaleak koalizioa eratuko dutela zabaldu zuten herenegun iluntzean Espainiako hainbat hedabidek. Horien arabera, balizko koalizioaren izena Bildu izango da. Komunikabide ugarik informazio hori zabaldu zutenetik, politikari askoren ahotan izan da balizko akordioa. Ez, ordea, balizko koalizioko kideenetan.

Pello Urizar EAko idazkari nagusia izan da balizko koalizioko kideen artean agerraldi publikoa egin zuen bakarra. Donostian eginiko ekitaldi politikoan, Urizarrek ez zuen Espainiako hedabideen informaziorik baieztatu, baina berretsi egin zuen, maiatzeko bozetarako, alderdi politiko subiranista eta ezkertiarren indarrak batzeko asmoa. Atzo aurkeztu zuten Lizarran (Nafarroa) EA eta Herritarron Garaia plataforma maiatzeko hauteskundeetarako elkartzen dituen subjektu politiko berria, eta Nafarroan erabiliko duten formula hori Hego Euskal Herri osora zabaldu nahi dutela gaineratu du Urizarrek.

Aralarreko koordinatzaile Patxi Zabaletak ere EA, Alternatiba eta ezker abertzalearen arteko balizko koalizioa izan du hizpide. Atzo egin zuen agerraldia Aralarrek, Donostian. Zabaletaren ustez, balizko koalizio hori egitea «ezbairik gabe eskubide bat» da, eta udal hauteskundeetan ez duela «aurrerakoia, abertzalea eta ezkerrekoa den boto bat bera ere galtzerik nahi» ziurtatu du.

Zabaletari deigarria iruditu zaio hainbat hedabidek balizko koalizioari eman dioten izena, uste baitu EAJk maiatzeko bozetarako erabiltzen ari den leloaren antzekoa —Batu gaitezen— dela. «Ez batu, eta ez bildu. Ireki. Ezkerrari, bakeari, euskarari eta politika egiteko beste era bati bidea ireki behar zaio», esan du Zabaletak. Izan ere, Euskal Herria Ezkerretik akordioa sinatu zuten eragileek koalizio bat egiteko eskubidea dutela defendatu badu ere, sor daitekeen proiektu politiko horretan Aralarrek ez duela lekurik azaldu du: «EHEk ez du ezkerreko ikusmolderik. Ezin dugu Euskal Herria ezkerreko proiekturik gabe utzi».

EAJko Gipuzkoako presidente Joseba Egibarrek Radio Euskadin hitz egin zuen atzo, baina ez zuen EA, ezker abertzalea eta Alternatibaren arteko balizko akordioari buruzko aipamenik egin. Hala ere, Sorturen gaineko auzia mintzagai izan zuen, alderdi hori legezkoa izan behar dela defendatzeko: «Sortu ez da Batasuna, ezker abertzalearen aurreko alderdiekiko haustura dakarrelako».

Gernikako ituna, «bozetan»

Ezker Batua-Berdeak alderdiko koordinatzaile nagusi Mikel Aranaren ustez, balizko koalizioa Gernikako Akordioaren «itzulpen elektorala» da. Aranaren arabera, Gernikako Akordioaren sustatzaileekin eginiko batzarretan, akordioa polo subiranista bat zela jabetu zen EB, eta horrek, lehenago edo beranduago, eragina izango zuela hauteskundeei begira. «Bildu da Gernikako Akordioaren itzulpena», esan du Aranak. Gainera, hauteskunde programa bat aurkezteko eskatu dio balizko subjektu politiko berriari: «Inork ez du zalantzan jartzen Bildu subiranista eta independentista izango dela, baina ez dugu erreferentzia bakar bat ere ikusi bere programa sozialaren gainean».

«Bildu iragarrita zegoen kronika baten adierazpena da», ziurtatu du Hamaikabateko buru Pello Gonzalezek. Azaldu duenez, ezker abertzaleak ere zail ikusten zuen «A plana» legezko izateko baliagarri izango zenik. «Bigarren plan bat badutela argi geratu da, eta hirugarren bat ere izan dezakete», esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.